Agustin Azkarate: “Santa Maria Katedrala zaharberritzeko proiektu hau opari bat izan da”

Peru S. Gamarra

Agustin Azkarate

Agustin Azkarate

Kaletik oinez goaz eta kartel honekin egiten dugu topo: ‘Itxita. Lanak’. ‘Debekatuta dago pasatzea’ . Orduan, kuriositatea pizten zaigu. Aski da debekatuta dagoen zerbait ikustea guk aurrera egin nahi izateko. Zer egongo ote dira egiten? Zer egongo ote da hesi honen atzean? Lanak inguratzen ditugu baina ezinezkoa zaigu ezer ere ez ikustea. Entzun, ordea, bai, aski ongi entzuten ditugu mailuen eta zulagailuen hotsak. Burua altxatzen dugu eta han ikusten ditugu bi langile lanean. Batek zuloak egiten ditu, besteak, ordea, lurra bildu eta zaku batera botatzen du. “Ez da hainbesterako egiten daudena. Zergatik hainbeste hesi eta debeku? Zerbait ezkutatu nahi ote dute?”, pentsatzen dugu.

Seguruenik ez dute ezer ere ez ezkutatu nahi. Erosotasun kontuak izango dira. Hala ere, garbi dagoena zera da: lan gehienetan eta, batez ere, zaharberritze lanetan, beti egoten dela nolabaiteko ezkutatze bat. Han dagoena langileek bakarrik ikusi dezakete. Altxor magiko bat izango bailitzan. Baina toki guztietan ez da berdina gertatzen. Gasteizen ez, behintzat. Han, lanak daudenean, hesi bat jarri beharrean, jendea barrura gonbidatzen dute. ‘Itxita. Lanak’ kartela, ‘Obretan eta irekita’ kartelarengatik aldatu dute. Zientzia Kaiera Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritu duen pertsonetako batekin bildu da honetaz guztiaz hitz egiteko. Agustin Azkarate -EHU-n Arkeologian Katedraduna- da gure hurrengo protagonista eta gai asko jorratu ditugu berarekin. Besteak beste, Santa Maria Katedrala Fundazioak berriki jaso duen Sabino Arana Sariarena.

Santa Maria Katedrala Fundazioak Sabino Arana Saria jaso du berriki. Zorionak! Merezita zenuten. Zer izan da zuentzako sari hau jasotzea?

Katedralean burutu den proiektuak sari asko jaso ditu orain arte. Bai nazio mailakoak zein nazioartekoak. Errekonozimendu hauek guztiek bere garaian oso berritzailea izan zen eta era ezin hobean burutu den proposamena saritu nahi izan dute. Hala ere, guretzat, aitorpen hoberena urte hauetan guztietan jaso dugun publikoaren babesa izan da. Gasteiztar asko oso identifikatuta sentitu dira proiektu honekin.

Arrazoi asko egon dira Fundazioak Sabino Arana Saria eskuratzeko. Baina, dudarik gabe, ‘Obretan eta irekita’ programak asko lagundu du honetan guztian. Zertan datza programa hau? Nola azalduko zenioke ezagutzen ez duen pertsona bati?

Ondare arkitektonikoa zaharberritzerakoan beti egon da nolabaiteko ezkutatze bat. Normalean, publikoak ez du inolako aukerarik izaten hesien atzean dagoena ikusteko. Horren atzean dagoena espezialisten esku dago bakarrik (arkitektoak, arkeologoak, zaharberritzaileak…) eta askotan, ‘Itxita. Lanak’, bezalako kartelak ikusi daitezke. Gasteizen, hala ere, beti izan dugu garbi diru publikoz ordaintzen den lan bat derrigorrez behartuta egon behar duela bere emaitzak gizartearekin partekatzera. Honela, 1998. urtean erakusketa bat antolatu zen gure Plan Nagusiak izan zituen emaitzak jendeari eskaintzeko. Erakusketa honek izan zuen erantzun paregabeak Katedrala urteko egun guztietan zabalik izatera animatu gintuen. Honela, gizartearekin zaharberritze prozesu konplexu eta liluragarri hau partekatu ahal izan dugu.

Jarraitu dezagun ‘Obretan eta irekita’ programaz hitz egiten. Egia esan, sekulako oihartzuna izan du programak eta publikoari asko gustatu zaio. Nola bururatu zitzaizuen hau egitea?

‘Obretan eta irekita’ programak ikerketa zientifikoak gizartearekiko izan beharko lukeen erantzukizuna oso modu egokian islatzen du. Eta izena, zalantzarik gabe, publizitatearen ikuspegitik sekulako asmatzea izan dela iruditzen zait. Egia esan, askotan saiatu gara honen jatorria zein izan den asmatzen, baina inoiz ere ez gara kapazak izan bere genesia berreraikitzeko. Gure taldearen energia positibotik sortutako ideia bezala aurkeztuko nuke.

Badakit askotan zoriondu zaituztetela programa paregabe honengatik. Hala ere, kopiatu al dute ideia hau nonbaiten?

Proposamen hau oso berritzailea izan zen bere garaian. Gaur egun, hala ere, askoz ere hedatuago dago jakintzaren difusioa eta sozializazioa edozein programa zientifikoren giltzarria izan behar dutela. Gero eta arruntagoak dira esperientzia fisikoa eta gaiaren jakintza biak batera eskaintzen dituzten zientzia proiektuak ikustea.

Zein motatako zailtasunak aurkitu dituzue urte hauetan zehar eraikin hau zaharberritzerakoan?

Mende asko dituzten eraikinek hamaika arazo izaten dituzte normalean. Hor daude denboraren poderioz materialek edota eraikinak berak sufritutako desgastea, altxatu zeneko garaian egin ziren diseinu akatsak, modu naturalean etorritako erasoak, gizakiak berak egin dizkionak… Medikuntzan erabiltzen diren termino eta ideiak hemen ere erabili daitezke. Honelako eraikinak diagnosi oso zaila duten pazienteekin konparatzea gustatzen zait. Paziente hauek behar bezala sendatzeko, espezialista ezberdin askoren laguntza behar da eta eraikinekin berdina gertatzen da. Gainera, sendatze prozesu hau oso luzea eta garestia izaten da. Honi guztiari eraikina hiri baten erdian dagoela eta eraikina bera gizarteak erabiltzen duela gehitzen badiozu, zailtasunak handituz doaz. Honegatik oso garrantzitsua da zaharberritze prozesu hauetan adostasun maila handia lortzea bai instituzioetan eta baita gizartean ere.

Zenbat jende egon da Gasteizko Santa Maria Katedralean lanean? Eta zenbat denbora behar izan duzue lan hau burutzeko?

Azkeneko 15 urte hauetan ehunka lagun ibili dira Katedralean lanean. EHU-n zuzentzen dudan Ikerkuntza Taldea bakarrik kontutan hartuta, 90 titulatuk hartu dute parte. Honi guztiari espezialistak ez direnak gehitu behar dizkiogu.

Katedrala, egia esan, izugarri polita geratu da. Oso lan ona egin duzue bertan. Non egon da sekretua?

Faktore asko egon dira. Hor daude, adibidez, proiektuan jarri den ilusioa, parte hartu duten langile kualifikatuen lan ezin hobea, instituzioen arteko elkarlana eta hiritarren babesa.

Hitz egin dezagun zutaz. Zer izan da zuretzako honelako proiektu baten parte izatea?

Ikerkuntzak badu bakarrik geratzeko nolabaiteko arriskua. Autismoa ekarri dezakeen arriskua, alegia. Badira unibertsitario asko bere burbuilan bizi direnak eta hortik ateratzen ez direnak. Zentzu honetan, Katedrala zaharberritzeko proiektu hau opari bat izan da, taldean lan egiteko, auzo baten beharretan inplikatzeko eta benetako konpromiso zientifiko bat praktikatzeko aukerak eskaini dizkidalako. Laburbilduz, pribilegio bat izan da proiektu honen parte izatea.

———————————————————————–

Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da

2 iruzkin

Eman iritzia

Katedrala zaharberritzeko proiektu hau opari ba...

[…] Peru S. Gamarra Kaletik oinez goaz eta kartel honekin egiten dugu topo: ‘Itxita. Lanak’. ‘Debekatuta dago pasatzea’ . Orduan, kuriositatea pizten zaigu. Aski da debekatuta dagoen zerbait ikustea guk aurrera egin nahi izateko. Zer  […]

Santa Maria Katedraleko putzua | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] baten arkeologia eta historia. Vitoria-Gasteizen jatorria (I)” izenburua­rekin Agustin Azkaratek eta José Luis Solaunek argitaratu duten obrak ia 20 urtetan zehar hirian egin diren […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>