Asteon zientzia begi-bistan #69

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Estatistika eta parekidetasuna

Duela hiru hamarkada Wall Street Journal egunkarian azaldu zen beirazko sabaia kontzeptua lehen aldiz. Emakumeek beren garapen profesionalean topatzen duten oztopo ikusezinari egiten dio erreferentzia sabaiak. Honek ardurako postuetara heltzen diren emakumeen kopurua gutxitzen du. Eva Ferreira UPV/EHUko ikertzailea eta estatistika-irakasleak emakumeek ardura postuetara heltzeko dituzten oztopoak ikertzea du ildo nagusietako bat. Izan ere, ardurako postuei dagokienez, arlo profesionalean zenbat eta gorago joan, orduan eta genero desberdintasun handiagoa dago eta ikertzailearen ustez, gizartearen inertziak eta erabakiak hartzen diren guneetan egon ohi diren zahartasunak daude oinarrian. Arazoa gizartean sustraitua dagoenez, gutxienezko erregulazio bat beharrezkoa da. Berrian elkarrizketatu du Juanma Gallegok ikertzailea: Emakumeek beirazko sabaia dute gainean.

Kimika eta osasuna

Udak badu kimika. Josu Lopez-Gazpio kimikariak udako sasoian ohikoak ditugun ekintzen alde kimikoa erakusten dihardu Tolosaldeko atarian. Igerilekuetan zergatik gorritzen zaizkigun begiak azaldu zigun aurreko batean eta asteon barbakoei erreparatu die. Ez zaituzte epel utziko haren artikuluak, bertan azaltzen baitu barbakoak erreaktore kimikoak direla. Bai, zuzen irakurri duzue. Izan ere, “txerri-txuletak, saltxitxak eta hanburgesak txingarretan erretzen diren bitartean, kimika lanean dabil eta erreakzio-sorta itzela gertatzen da barbakoan” dio Josu Lopez-Gazpiok. Erreakzio horiek ez dira oso osasuntsuak, barbakoan erretako haragietan minbizi-sortzaileak diren konposatuak aurkitu baitaitezke. Baina lasai hartu kontua, horrek ez baikaitu akabatuko. Gure gomendioa, irakurri Josuren artikulua eta gozatu udako barbakoaz.

Historiaurrea eta arkeologia

Lezetxiki haitzuloa, Labeko Kobarekin batera, Arrasateko kobazulorik garrantzitsuena da. 1956tik 1968ra bitartean lehen indusketak egin zituen Jose Miguel Barandiaranek eta 1996tik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Alvaro Arrizabalaga irakasleak zuzendu ditu bertan egindako lanak. Aurten Lezetxikiko 20. indusketa kanpaina burutu da eta nabarmentzekoak dira, besteak beste, urteotan bertan aurkitutako Behe Paleolitoko Homo Heidelbergensis espezieko emakume baten besahezurra, edota Homo sapiens baten masailezurra. Aranzadi Zientzia Elkarteak urteotan indusketek emandako emaitzen berri eman du, harribitxiak: Lezetxiki, 150.000 urtetik gorako altxorra.

Medikuntza eta demografia

Emakumeen bizi-itxaropena, oro har gizonezkoena baino luzeagoa da. Izan ere, heriotza-tasa ikaragarri murriztu zen XIX. mendearen bukaeran herrialde garatuenetan eta emakumeena gizonena baino %70 arinago txikitu zen. Tabakoa eta bihotzeko gaitzak daude alde handi horren atzean diosku Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran. Dionez, Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa batek baieztatzen du emakumeak luzeago bizi direla, bihotzeko gaitzen eta tabakoarekin loturiko gaixotasunen inpaktua txikiagoa delako haiengan: Emakumeak luzeago bizitzea, gaur goizeko kontua.

Hizkuntzalaritza eta hezkuntza

Hizkuntzak nola sortu ziren, hizkuntzen jabekuntzaren onurak eta antzeko gaiek jakin-mina pizten dute guregan eta hainbat dira abian dauden ikerketak arlo honetan. Esaterako, BCBLko (Basque Center on Cognition, Brain and Language) Jon Andoni Duñabeitia ikertzailea buru duen ikerketa batek bi hizkuntza nahasteak ikasketa zailtzen duen edo ez aztertu berri du. Emaitzek baieztatu dute ‘ikasgai bat hizkuntza bat’ (ikasgai baten beti hizkuntza berdina erabiltzea) arauak ez duela inongo oinarri zientifikorik. Izan ere, ikerketak erakutsi du kontzeptu berriak hizkuntza bakar batean ikasteak ez dakarrela inongo abantailarik egiazko testuinguru elebidun batean ikastearekin alderatuta, kontzeptuak bi hizkuntzatan ikasten dituztenek berdin jasotzen dituzte-eta. Egoitz Gago kazetariak dakarkigu ikerketa plazara: Klasean bi hizkuntza konbinatzeak ez du ikasketa zailtzen.

Astrofisika

Aurreko astean txikia den planeta nano bat, Pluton, protagonista handia bilakatu zen NASAren New Horizons zundari esker. Zundak hartutako irudiek urrun dauden munduak ezagutzen lagunduko digute. Irudiek lagungarriak dira jakin-mina asetzeko. Eta asteon argazki bat izan dugu protagonista, beste planeta baten argazkia, Lurrarena. Naiz.info-n kontatzen digute NASAren Earth Polychromatic Imaging Camera-k (EPIC), 40 urteren ondoren, Lur osoaren argazkia egitea lortu duela. Hau da orain arte lortu den Lurraren argazkirik gardenena eta gezurra badirudi ere, gaur egun arte NASAk ez du planeta osoaren argazkia egiteko distantzia egokian kokatzea lortu kamera.

Geologia

Aitor Payros geologoak estratigrafiaren arloko nazioarteko sari nagusia jaso du asteon, ICS domina, egindako ikerketa baten ondorioz. Gorrondatxeko (Getxo, Bizkaia) hondartzako itsaslabarrak aztertuta, 50 urtez indarrean egon den akatsa zuzendu du, denbora geologikoaren eskala zuzenduz eta ordezkatuz. Payrosen esanetan, “Ikusi genuen Gorrondatxen, harriak datatzeko, ezin zela aplikatu azken 50 urteetan erabiltzen ari zen kalibraketa estandarra”. Arazo horren aurrean, jatorrizko lanak berrikusi zituzten, eta erregistro geologikoak bildu zituzten beste eremu batzuetan. Eta ondorioztatu zuten kalibraketa estandarrak akats garrantzitsuak zituela. Elhuyar aldizkarian: ICS domina jasoko du EHUko geologo Aitor Pairosek, estratigrafiaren arloko nazioarteko sari nagusia.

Genetika

Naturen eta Science aldizkarietan argitaratu diren ikerketek amerikarren jatorriari buruzko datu eta hipotesi berriak jarri dituzte mahai-gainean. Gaur egungo eta antzinako DNA aztertuta, bi ikerketa-taldek ikusi dute (bakoitzak bere aldetik) Amazoniako biztanle batzuek gainerako amerikarrek baino antzekotasun genetiko handiagoa dutela australiarrekin eta melanesiarrekin. Egoitz Etxebestek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Amazoniarrak eta ozeaniarrak genetikoki lotuta.

Kultura Zientifikoa

Zientzien eta letren artean, inola ere onuragarria ez den amildegi bat ikusi izan du beti gizarteak. Tamalgarria da zinez, banaketa hori, literatura, historia edo arteaz dakitenen eta fisika, kimika edo matematikaz dakitenen artean dagoena alegia. Amildegia ez da berria, ezaguna baita 1959an Charles Percy Snowek Cambridgen hitzaldi ospetsu hori eman zuenetik gutxienez. Baina Ana Ribera historialarik esaten digu Zientzia Kaieran zientziak eta humanitateak ezinbestekoak direla gure gizartean, eta elkarrekiko osagarriak direla: Nola bizi humanitaterik gabe?


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.