Basoen biodibertsitatea aberasgarria da, zentzu guztietan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Inoiz egin den zuhaitzen inbentario handiena bildu dute nazioarteko ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, basoak espezieen aldetik zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta azkarrago eta gehiago hazten dira zuhaitzak, eta beraz, egurrari merkatuan ateratzen zaion etekina ere handiagoa da. Ekonomiaren terminologia aplikatuta, biodibertsitateari eusteak superabita dakar.

Ekologiaren ikuspegitik, basoen biodibertsitateak duen garrantziaz ez dago zalantzarik. Baina baten batek horrekin nahikoa ez badu, ekonomiari dagokionez ere bada aberasgarria, nazioarteko ikerketa zabal batean egiaztatu berri dutenez. Izan ere, espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira; beraz, biomasa handiagoa da, eta horietan ekoizten den egur kantitatea ere bai. Hala azaldu dute, Science aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Global Forest Biodiversity Initiative izeneko ekimenak orain arte egin duen lan garrantzitsuenaren emaitza da hau. Basoen ikerketan jarduten duen sare handienetakoa da, eta berrogei herrialde baino gehiagotako kideak ditu. Ikerketa Mendebaldeko Virginiako eta Minnesotako unibertsitateek (AEB) eta Herbehereetako Ekologia Institutuak koordinatu badute ere, hamarnaka erakundetako laurogei ikertzailetik gora daude artikuluaren sinatzaileen artean.

Irudia: Espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira. (Argazkia: Dario Di Gallo, Friuli Venezia Giulia Forest Service)
Irudia: Espezie anitzeko zuhaitzak dituzten basoak azkarrago eta gehiago hazten dira. (Argazkia: Dario Di Gallo, Friuli Venezia Giulia Forest Service)

Inoiz egin den zuhaitzen inbentario handiena bildu dute lan honetarako. Hain zuzen, 770.000 lursaildik gora aztertu dituzte, eta hala, 30 milioi zuhaitz eta 8.700 espezie baino gehiagori buruzko informazioa jaso. 44 estatutako baso ekosistema nagusi guztiak hartu dituzte kontuan; klima eta kondizio bereziki esanguratsuak dituzten asko, tartean. Esaterako, Siberiakoak, Patagoniakoak, Errusiako Oimyakon eskualdekoak (hotzenak), Ozeaniako Palau artxipelagokoak (beroenak) eta Brasilgo Bahia eskualdekoak (anitzenak).

Datu horiek guztiak bildu, eta orain arte zuhaitzen biodibertsitatean izan den bilakaera hartu dute kontuan. Hala, deforestazioa dela, edo klima aldaketa dela, zuhaitz espezieen aniztasunak behera egiten duenean, basoen produktibitatea ere murriztu egiten dela ondorioztatu dute. Egin dute kalkulua: zuhaitz biodibertsitatearen %10eko galerak haien produktibitatearen %3ko galera ere badakar, gutxi gorabehera. Are gehiago, gaur egun ditugun zuhaitz espezie guztiak izan beharrean, bakarra izango bagenu, nahiz eta zuhaitz kopurua berbera izan, basoei aterako litzaiekeen etekin komertziala %66 murriztuko litzateke.

Baina zuhaitz kopurua berbera bada, zer dela eta halako aldea? Bada, zuhaitz espezie bakoitzak modu desberdina darabilelako elikatu eta hazteko. Espezie bereko zuhaitzek lehiatu egin behar dute elkarren artean, denek bide bera baliatzen baitute bizirauteko baliabideak lortzeko. Espezieak desberdinak direnean, aldiz, traba gutxiago egiten diote elkarri, nork bere modua du aurrera egiteko, eta batak besteari kendu gabe, gehiago eta azkarrago hazten dira.

Ikerketaren berri ematen duen bideoa (ingelesez).

Hala, ikerketa honetan dirutan kalkulatu dutenez, espezieen biodibertsitatea murrizteak zuhaitzen produktibitatean eragin dezakeen galera ekonomikoa 500.000 milioi dolar artekoa (edo 460.000 milioi euro artekoa) izan daiteke urtean. Kopuru horren erdia baino gutxiago aski litzateke Lurreko ekosistemen kontserbazio globala bermatzen duten neurri eraginkor guztiak hartzeko. Horrenbestez, ekonomiaren terminologia aplikatuta, biodibertsitateari eusteak superabita dakar.

Hala, Mo Zhou Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egileetako batek adierazi bezala, “basoetako espezieen dibertsitateak dakarren onura ekonomikoa nabarmen handiagoa da, hura kontserbatzeko kostua baino. Produktibitate komertzial hutsari baino erreparatuko ez bagenio ere bai”.

Gainera, biodibertsitate faltaren eta pobreziaren arteko lotura agerikoa da, batez ere landa eremuetan. Izan ere, basoak enplegua dakar askotan, eta produktibitatea murriztuz gero, bertatik lan egiteko aukerek ere behera egiten dute. Eta, jakina, onura ekologikoa da biodibertsitatearen abantaila agerikoena. “Ikerketa honen haritik, basoetan espeziek galtzen badira, produktibitatea ere txikitu daiteke, eta basoek atmosferatik xurgatzen duten karbono dioxido kopurua ere bai, horrenbestez. Beraz, basoen biodibertsitateari eustea gakoa da, klima aldaketari aurre egiteko”, azaldu du Eungul Lee Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako bat denak.

Erreferentzia bibliografikoa

Jingjing Liang et al. Positive biodiversity-productivity relationship predominant in global forests. Science, 14 Oct 2016: Vol. 354, Issue 6309. DOI:10.1126/science.aaf8957


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.