Bot kalakari eleaniztunak, itzulpen automatikoari esker

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gizakion portaera imitatzen duen sistema informatikoa “bot” izenarekin ezagutzen da egun. Hainbat bot mota daude eta, besteak beste, webgune baten erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai direnak, bot kalakariak edo hiztunak. Azken hauek, “txatbot” izena daramate. Txabotak eta erabiltzailearen arteko elkarrizketa testu bidezkoa izaten da normalean, eta egon badaude interfaze multimediak dituztenak ere.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, txatbot adimentsuetara pasatzeko ikerketa garatzen ari dira. QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) ikerketa-proiektuari esker, aurrerapauso bat eman dute interakzio-modu berri honetan, eta hemendik aurrera, itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzeko txatbot eleaniztunak aurkitzea.

robots-764951_1280
1. irudia: UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, elkarrizketa bat mantentzeko gai diren robotak edo txaboten itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko

UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak, Europako zortzi erakunderen partzuergoan, itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko. Egun, Interneteko aplikazioetatik txatbot adimentsuetara pasatzen ari gara, oztopo linguistikoak gaindituz mundu digital osora mugitzeko aukera emanaz.

Eneko Agirre irakaslearen aburuz “ordenagailu pertsonalen etorrerarekin, enpresek eta erakundeek web gunea garatu behar izan zuten bere presentzia digitala bermatzeko. Gerora, telefono mugikorrekin, mundu digitalera iristeko app aplikazioak sortzea ezinbestekoa izan da. Adimen Artifizialeko (AA) azken aurrerapenak ikusita, hurrengo urratsa txatbotak edo elkarrizketarako robotak izango direla dirudi, hainbat hizkuntzatan erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzea erraztuko dutenak“.

Arlo honen inguruan ari da lanean QTLeap—Quality Translation by Deep Language Engineering lankidetzako europar ikerketa-proiektua, Europar Batasunak finantzatutakoa eta zortzi partaideko partzuergo batek aurrera eramana (Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultatearen bitartez; Adimen Artifizialerako Ikerketa Zentro Alemana; Berlineko Humboldt Unibertsitatea; Bulgariako Zientzien Akademia; Groningeneko Unibertsitatea; Lisboako Unibertsitatea; Pragako Charles Unibertsitatea; eta, Higher Functions enpresa portugaldarra). QTLeap proiektuak Itzulpen Automatikorako metodologia berritzaile bat ikertu eta garatu du, elkarrekintza globalerako teknologia-belaunaldi berri honi oztopo linguistikoak gainditzen laguntzeko.

2. irudia: Ane, UPV/EHUko laguntzaile birtuala.
2. irudia: Ane, UPV/EHUko webguneko laguntzaile birtuala. Unibertsitatean sartzear dauden ikasleei laguntza eskatzen die online elkarrizketa bat mantenduz ehu.eus atariaren bidez.

“Emaitzen arabera, gure proiektuan garatutako Itzulpen Automatikoaren teknologiarekin, txatbota hizkuntza berri batera egokitu behar denean, kostuak %20an murriztu daitezke, hizkuntzaren arabera. PCMedic izeneko online motako laguntza-zerbitzu batean lortu dira emaitza hauek. Sortutako zerbitzuan, erabiltzaile batek informazio-teknologiako gailu edo zerbitzu batean duen arazoa duenean, galdera egingo dio txatbotari. Galdera edozein hizkuntzatan eginda ere, galdera hori itzuli eta galdera-erantzunen datu-basean bilatuko da. Sistemak, erantzuna automatikoki itzuli eta bere hizkuntzan erantzungo dio. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.”, argitzen du Eneko Agirrek.

Halaber, emaitzek erakusten dute proiektuan garatutako itzulpen sakoneko teknikek “egoeran aurrerapauso bat ekarri dutela. Ikusten da teknika hauek orain arteko teknologia estandarrak baino itzulpen hobea lortzen dutela, %85eko probabilitateaz, hizkuntzaren arabera”. Egindako ikerketa hizkuntzaren prozesamendu sakonean datza, “esaldiak egitura sakonaren eta esanahiaren arabera analizatuz gero, hizkuntzen arteko ezberdintasunak gutxitu egiten dira, itzulpena erraztuz”, azaldu du Eneko Agirre ikertzaileak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itzulpen automatikoak txatbot teknologia merkatu batu digitalera hurbiltzen du.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.