Petrolio isuriei aurre egiteko metodo baten bila

Artikoan gerta litezkeen petrolio isuriei aurre egiteko metodoak garatzea ari da Plentziako Itsas Estazioak (PIE), SYKE Finlandiako Ingurumen Institutuak koordinatzen duen ikerketa baten. Ikerlana herrialde eskandinaviar eta artikoetako zenbait erakunderekin batera gauzatzen ari da eta helburu da, Artikoan gerta litezkeen petrolio isuriei aurre egiteko metodoak garatzea.

Plentziako Itsas Estazioa UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da eta itsas ingurunearen osasunak giza osasunean duen eragina du aztergai. Zehatzago, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsas baliabide biologikoekin loturiko ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu.

arctic-139393_1280

Europako bederatzi herrialdetako 13 ikerketa erakundek bat egin dute Europako Batasunaren ‘Integrated oil spill response actions and environmental effects‘ proiektuan. Proiekturako diru-laguntza Europako Batzordearen Horizon 2020 programatik bideratzen da eta hiru urte eta erdian, isuriei aurre egiteko metodoak garatzeko eta metodo horiek ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko 5,3 milioi euro jaso dituzte.

Horizon Programa horren bidez, Europak ikerkuntzarako eta berrikuntzarako funtsak jarri nahi ditu 2014-2020 aldirako; helburua da hazkunde ekonomikoa bultzatzea eta lanpostu berriak sortzea Europan, eta Europako enpresen lehiakortasuna hobetzea.

“UPV/EHUko Biologia Zelularra Ingurumen Toxikologian eta Ingurumen arloko Kimika Analitikoa ikertaldeek aztertuko dute ea eskualde artiko eta azpiartikoetako petrolio isuriei aurre egiteko metodoak eraginkorrak diren, eta, halaber, horiek muskuiluetan, krustazeoetan eta bertako arrainetan nolako ingurumen eraginak dituzten ikertuko dute. Artikoko eta Baltikoko itsas eremuetako petrolio isuriei aurre egiteko mugaz haraindiko lankidetzan diharduten nazioarteko erakundeek eskura izango dituzte proiektuaren emaitzak”, jakinarazi du Manu Sotok, PIEko zuzendariordeak.

Plentziako Itsas Estazioak parte hartzen duen partzuergoko kide dira Finlandiako Lamor Corporación Ab eta Meritaito Oy enpresak, Suediako SSPA Sweden AB from Sweden enpresa, Groenlandiako Greenland Oil Spill Response erakundea, Norvegiako Norut Narvik berrikuntza institutua eta honako unibertsitate hauek: Danimarkako Aarhus Unibertsitatea, Estoniako Tartu Unibertsitatea eta Tallingo Teknologia Unibertsitatea, Alemaniako RWTH Aachen Unibertsitatea, Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea eta Kanadako Manitobako Unibertsitatea.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Artikoko petrolio isuriei aurre egingo die Plentziako Itsas Estazioak.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>