Europa inguruko itsasoen egoera tamalgarria da

Javier Peláez

2008.ean Europar Batasunak oso ingurumen-proposamen garrantzitsua egin zuen Itsas Estrategiarako Arautegiaren bidez. Horrela, hasiera eman zitzaion elkarlaneko ekimen bati. Ekimen hau 2020.ean bukatuko da eta Espainian, itsas ingurunea babesteko 41/2010 legearen bidez gauzatu zen.
1. irudia: Arrastirian Mediterraneo aldean (Argazkia: Javier Peláez)

1. irudia: Arrastirian Mediterraneo aldean. (Argazkia: Javier Peláez)

Zuzenbideko terminologian denbora alferrik ez galtzeko eta behar baino buruhauste gehiago ez sortzeko, esan dezagun arautegi hauek barne hartzen zutela estatu kideek hartuko zuten konpromiso bat: 2020.eko urtea ikusmugan, estatuak saiatuko ziren Europa inguruko itsas uren ingurumen-egoera hobetzen. Horrela, bioaniztasuna babestuko zuten eta dinamika jakin bat lortuko zuten etekin sostengarrikoak, garbiak eta emankorrak izango ziren ozeano eta itsasoetan.

Elkarlaneko estrategia hau bi fasetan marraztu zen. Lehenengo batean datuak bilduko ziren, itsas uren osasun-indikatzaileak aztertuko ziren eta Europako itsasoen benetako egoera bilduko zuen txosten bat idatziko zen. Bigarren garai batean, datuak aurrean izanda, arazoak konpontzeko beharrezko gertatuko ziren neurriak hartuko ziren.

Aztertutako itsasoetan aurkitu diren arazo nagusiak

2. irudia: Aztertutako itsasoetan aurkitu diren arazo nagusiak.

Lehenengo aldia bukatu da ba. Azken sei urte hauetan, inongo lanik handiena egin da esparru honen inguruko ikasketa, datu-bilketa eta azterketan.

Eta emaitzak?………Mmmmmmm, tamalgarriak.

Eta azpimarratu beharrekoa da tamalgarri izenondoa ez dudala nik aukeratu, duela egun batzuk agertzen baitzen Daniel Cresseyk Nature aldizkarian plazaratutako oharrean. Hori gertatu aurretik, gure itsasoen osasunari buruzko bi txosten potolo plazaratu ziren otsailaren 20an.

Lehenengo txostena Europar Batzordeak egin du, eta bigarrena Europako Ingurumen Agentziak. Biak bidali dira Kontseilura eta Legebiltzarrera. Txostenetan, esaten da salbuespenak salbuespen ur, kostalde, itsas hondo eta itsas lurrazpien bioindikatzaile gehienak itxura txarrekoak direla zinez.

Urteroko tenperatura ertaina, Europako itsasoetan

3. Irudia: Urteroko tenperatura ertaina, Europako itsasoetan.

Era berean, azpimarratu beharrekoa da bi txosten hauek ez dituztela kontuan hartzen klima-aldaketarekin zerikusia duten kontuak, eta zer esanik ez, kontu horiek larriki eragin diote Europako itsasoen egoerari. Hala ere, bazter utzi dira klima kontu horiek, bereziki erreparatu nahi izan baitzaie arrantza, industria edo itsasorako isuriak bezalako giza jarduerei.

Txostenok zehaztasun handikoak dira eta luze joko luke hemen beraien berri zehatza emateak, baina gainbegiratu bat bota diezaiekegu konturik garrantzitsuenei. Horrela, aukera izango dugu ikuspegi orokor bat geureganatzeko:

  • Bioaniztasunak nabarmen egin du behera eta espezieen %3a baizik ez dago egoera “onean”. Beste guztien artean (%70) batzuk arrisku larripean daude, edo besterik gabe ez dakigu benetan nola dauden.
  • Gain-ustiatuta daude Mediterraneoko eta Itsaso Beltzeko espezie populazioen %88a. Egoera hobean dago Atlantikoaren Ipar Ekialdea, baina hala ere, espezien %39a dago hor gain-ustiatuta.
  • Europako itsasoetan aurkitutako kutsadura eta substantzia pozoitsuak, muga onargarrietatik gora daude eta horrela, oso kezkagarriak dira oxigenoaren eskasia eta gazitasun handia. Hau bereziki larria da Baltikoak eta Itsaso Beltzean.
  • Itsasoko hondakinak, batez ere plastikoak dira eta gero eta arazo gehiago ekarriko dizkigute. Aztertutako hegazkinen %90ak baino gehiagok plastikoa zuten sabelean, eta Atlantikoaren kostaldean, batez beste 712 objektu aurkitu dira 100 metroko.

Laburbilduz, txostenak zabalak dira eta zehaztapen ugari eskaintzen dituzte hainbat konturi buruz: uraren tenperatura-gorakada, espezie inbaditzaileen kopurua, habitat espezifikoen kontserbazioa, ur azpiko zarata maila eta pH-beherakada larria.

Itsas Eremu Babestuen (MPA) ehunekoa itsasoetan zehar

4. irudia: Itsas Eremu Babestuen (MPA) ehunekoa itsasoetan zehar.

Europako itsas ingurunea babesteko egitasmoaren aldi zientifikoa bukatu egin da eta emaitza modura zientzialariek gure itsasoen aurkako arrisku nagusiak azpimarratu dituzte. Abian da bigarren aldia eta oraingo honetan neurri eraginkorrak hartu beharko lirateke gainbehera honi bukaera emateko eta gure itsasoen osasuna maila onargarrira igotzeko. Aldi honetan, erabaki politikoak hartu beharko dira eta askotan ikusiak gara hori oso zaila dela, eta are zailago ingurumen kontuetan.

Biologoek eta ingurumenean adituak direnek argi adierazi dute zein arriskuren pean gauden. Hurrengo sei urteetan, politikarien esku geldituko da lana. Zilegi bekit hemen nire ezkortasuna adieraztea, Kioto, Rio de Janeiro eta beste hainbat gogoan ditudalarik.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Europar Batasuna: Directiva Marco sobre Estrategia Marina, Europar Legebiltzar eta Kontseiluaren 2008/56/CE zuzentaraua, 2008ko ekainaren 17a. Espainian hurrengo legearen bidez gauzatu zen zuzentarau hori: Ley 41/2010, de 29 de diciembre, de protección del medio marino (BOE nº 317, 30 de diciembre de 2010).

[2] Daniel Cressey “Two reports detail woeful state of Europe’s seas” Nature

[3] Europar Batasuna “Report from the commission to the Council and the European Parliament” Brusela 2014ko otsailaren 20a

[4] Europako Ingurumenerako Agentzia: “Marine messages” 2014ko otsailaren 20a

—————————–

Egileaz: Javier Peláezek (@Irreductible) zientzia-gaiez idazten du zenbait hedabidetan eta naukas.com webgunearen sortzailetako bat da.

——————————

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

—————————–