Asteon zientzia begi-bistan #131

Uxue Razkin

sunrise-1756274_1280

Nekazaritza eta bioteknologia

Landareentzat kaltegarriak diren onddo eta bakterio askok landareen hazkuntza sustatzen duten konposatuak igortzen dituzte, Nafarroako Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek frogatu dutenez. Nekazaritzan landareen errendimendua hobetzeko balio dezake aurkikuntzak, eta ohiko tratamendu kimikoen alternatiba gisa funtziona dezake. “Ikerketa honek lehenengo aldiz proposatzen du ‘Zomorro txarrak, langile onuragarriak’ kontzeptua” azaltzen du Javier Pozueta ikertzaileak. Jakina zen mikroorganismo onuragarriek konposatu hegazkorrak igortzen dituztela baina beste batzuek ere hori egiten dutela frogatu dute adibidez, bakterio eta onddo kaltegarriek.

Arkitektura eta ingurumena

EAEn eta Nafarroan erabilerarik gabeko trenbideak aztertu ditu Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Sailekoak ikertzaileak etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatze aldera. 150 km inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea hartu du ardatz eta oro har, “erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela”, dio ikertzaileak. Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek, egun, bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak eman du aditzera Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Dimetil eterra (DME) konposatuak interesa piztu du azkenaldian. Izan ere, aplikazio anitzeko erregaia da, eta petrolioaren ordezko energia-iturrietatik (gas naturala, ikatza eta biomasa) ekoitzi daiteke. Ikerketa gutxi egin dira DME ekoizteko erabiltzen diren katalizatzaileen desaktibazioaren inguruan, eta zenbait alderdi argitu gabe geratzen dira. Artikuluan topatzen ahal ditugu azalpen horiek: Katalizatzailearen aktibitatea murriztu daiteke kokea deritzon karbonodun materiala funtzio metalikoan eta azidoan ezartzen delako, eta funtzio metalikoaren sinterizatzea (degradazio termikoa) gertatzen delako. Bestalde, erreakzio-ingurunean dagoen urak gune azidoen aktibitatea jaits dezake; izan ere, ura gune horietan adsorbatuta (atxikita) geratzen da, eta erreaktiboekin lehiatzen du. Artikulu honetan CuO-ZnO-Al2O3/γ-Al2O3 katalizatzailearen desaktibazioaren izaera ikertu da. Horretarako, desaktibatutako katalizatzaileen funtzio metalikoak eta azidoak analizatu dira.

Matematika eta kirola

Zein estrategia jarraitu behar dute jokalariek penalti bat sartzeko? Joko-teoriari esker, artikulu honetan emango digute erantzuna. John F.Nash zientzialaria da joko-teoriaren sortzailea. Bere teoremak penaltietan erabili ahal dira jokalariak zein atezainak erabaki berekoiak hartzen dituztelako. Penaltien Nash oreka zein den azaltzen digute jarraian. Jokalariak eta atezainak bi aukera baino ez dituzte, ezkerra edo eskuina. Horretaz gain, bi horiek alde bana aukeratzen dutenean baino ez dela gola lortzen. Jokalariak ezkerra edo eskuina aukeratuko du Nash orekan probabilitate erdiarekin; alegia, trukatu gabeko txanpon bat airera bota eta gurutzea ateratzen badu, ezkerrera botako du pilota; aurpegia ateraz gero, eskuinera. Atezainak, bestalde, beste txanpon bat erabiliko du (trukatu gabea hau ere) eta, gurutze ateratzen badu, eskuinera mugituko da eta, aurpegia ateraz gero, ezkerrera. Horrela, jokalariek (atezainak eta penalti-jaurtitzaileak) gol gutxiago sartuko ditu beste estrategia bat erabiliz gero.

Biologia eta teknologia

Amsterdamgo Medikuntza Zentro Akademikoan egiten ari diren proiektuari esker, giza enbrioiaren hiru dimentsiodun atlasa garatzen ari dira. Bertan, enbrioiak hilabete erdi duenetik bi hilabete dituen arteko bilakaera zehatza definitu eta erakutsi dute. Gutxi gorabehera, 150 organo eta egitura identifikatu, sailkatu eta irudikatzea lortu dute. AEBtako Carnegie erakundeko giza enbrioien bilduma hartu dute izan dute oinarri. Zehazki, 34 giza enbrioiren sekzio bakoitzeko organo eta egiturak marraztu dituzte, hilabete erditik bi hilabetetarako fase guztiak banan-banan kontuan hartuta. Hala, 15.000 sekzioren argazki digitalak bildu dituzte guztira. Horietan oinarrituta, irudi interaktiboak sortu dituzte gero. Atlasa guztiontzat ago eskuragarri.

Elhuyar aldizkarian ere topatuko duzue honen inguruko informazioa: Giza enbrioien garapenaren mapa birtuala 3Dn.

Biologia

Bitxiak dira arrain marmartiak, uretatik kanpo erruten duten arrain bakarrak. Ilargi beteko eta ilargi berriko gauetik bi-sei egunetara irteten da uretatik olatu baten txanpa baliatuz. Gero, ahalik gehien urruntzen da ur-ertzetik. Errutearen ondoren, arrak uretara itzultzen dira berehala, eta emea hurrengo olatuaren zain geratzen da. Baina kanpoan dauden bitartean nola arnasten dute? Arrainek bezalaxe, hauek brankiak dituzte. Bada, uretatik kanpo dauden tarte horretan ez dute gasik trukatzen eta, beraz, hipoxia-egoeran daude.

Geofisika

Lurrikaren inguruan aritu da Juanma Gallego Berrian. Adituak dira lurraren dardarak iragartzeko ahaleginetan dihardutenak. Antonio Aretxabala geologoak azaltzen du oraindik lurrikarak iragartzeko zereginean gutxi aurreratu dela. Halere, gehitzen du azken bost urteetan geofisikaren alorrean hori erdiesteko ahalegin handia egin da. Horren harira, aste honetan bertan Nature Communications aldizkarian aurkeztutako ikerketa bat ahalegin horien adibide da. Nazioarteko ikertzaile talde batek 2011n Japonian izandako lurrikara handian bildutako datuak baliatuz grabitatean izandako aldaketa ñimiñoak behatu dituzte. Aztertutakoa “oso seinale txikia” izan dela ohartarazi du adituak, baina lurrikarak iragartzeko baliagarria izango dela irizten dio.

Emakumeak zientzian

Amaia Hernandezi errehabilitazio medikurako sistema protesikoen eta ortesikoen garapenean lan egitea gustatuko litzaioke, hori baitu gogokoen eta horretarako prestatu baita azken urteotan. Baina esparru nahi berria da eta aukerak ez dira oso anitzak. Lan bila ari den bitartean, bideo-jokoen inguruko ikastaro bat egiten ari da, gero errehabilitazioan aplikatzeko asmoarekin. Hasieratik zientziak gustuko izan zituen eta horrela iritsi zen Ingeniaritza Biomedikora. Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen ikasketak eta bertan, beste hizkuntza batean aritzera ohitu behar izan zuela dio: “Ordura arte, dena euskaraz ikasi nuenez, arrotza zitzaidan gaztelaniazko hiztegi teknikoa”. Masterra gauzatu zuen geroxeago eta han sortu zitzaion Kanadara joateko aukera. “Ingelesez hitz egiten duten leku batera joan nahi nuen, eta, Otawako ospitalean niri interesatzen zitzaidan arloan ari zirenez, hara joateko eskaera egin nuen”, dio Hernandezek. Bertako giroa azpimarratzen du tartean: “erabateko askatasuna ematen dizute. Zuk erabakitzen duzu dena: zer egin nahi duzun, nola, zer material erosi…”.

Astronautika

Espazioan gertatzen diren hutsak abiapuntu hartu ditu Edu Lartzangurenek testu honetan. Adibidetzat hartzen ditu, besteak beste, Errusiako Progress MS-04 kohetea, aireratu eta sei minutura lehertu egin zena. Urriaren 19an, Europako Espazio Agentziaren Schiaparelli zunda ere aipatu du tartean. Huts horiek zergatik gertatzen diren azaltzen digu kazetariak. Irakur ezazue, ez zarete damutuko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>