Oxigenoa
Animalia asko bizi dira haitz, zoru edo arboletako zulo eta barrunbeetan, eta beste asko bertan bizi ez arren, denbora luzea igarotzen dute zulo horien barnean, habia bertan eginik edo babestoki gisa erabilirik. Oso bereziak dira gune horiek, animaliek gertu duten aire-bolumena oso txikia izan eta aire hori oso astiro berriztatzen baita. Hori dela eta, toki arruntetan baino oxigeno gutxiago dago barrunbe horietan.
Lurzorua zulatzen duten muskerrek eta sugandilek ez dute ezaugarri berezirik, guk dakigula. Horrela jokatzen duten anfibioek ere ez dute aparteko portaerarik erakusten. Izan ere, poikilotermoak direnez gero, metabolismo-tasa baxua dute narrasti eta urlehortarrek, eta baliteke hori izatea ezaugarri berezirik ez edukitzearen zioa.
Karraskariek, berriz, metabolismo-tasa altuak dituzte, oso altuak. Batetik, homeotermoak dira; bestetik, metabolismo-tasa altuak dituzte berez, txiki izateagatik hain justu[1]; azkenik, jarduera handia garatzen duten animaliak dira. Horrek esan nahi du oxigeno asko hartu behar dutela eta, ondorioz, haien beharretarako baxuegiak diren oxigeno-kontzentrazioak egon daitezkeela karraskarien barrunbeetan. Ohikoak izan daitezke, adibidez, % 6ko O2-kontzentrazioak.
Horrelako egoeretan bizi ahal izateko moldaera bereziak behar dira, zalantzarik ez dago, baina moldaera horiek desberdinak izan daitezke espezie desberdinetan. Hainbat karraskarik, adibidez, globulu gorri asko dute, ohikoa dena baino gehiago; beste hainbatek, globulu gorri gehiago izan gabe, hemoglobina gehiagoko globuluak dituzte. Bai era batera eta bai bestera, oxigeno gehiago garraia dezakete odolean.
Hemoglobinaren ezaugarriei dagokie barrunbeetako karraskarien odolak daukan beste berezitasun bat, baina kasu honetan ez da odolean hemoglobina gehiago edukitzea, hemoglobina oxigenoarekiko kidetasun handiagokoa izatea baizik. Kidetasun altuko hemoglobina edukitzearen ondorioez jabetzeko, hona adibide bat: arboletatik ibiltzen diren karraskarien -hots, katagorrien- hemoglobinaren % 50 dago oxigenoarekin elkartuta odolaren oxigeno-tentsioa 40 mmHg-koa denean. Oxigeno-tentsio beraren azpian, oxigenoarekin elkartua dagoen hemoglobina % 80 izatera irits daiteke barrunbeetako karraskarietan.
Hemoglobinari dagozkion moldaera horiei esker, oxigeno-harrera eta zeluletarako garraioa berma daiteke baita barrunbeko oxigeno-kontzentrazioa oso baxua denean ere. Horra ikusi ditugun moldaera horien zioa.
O2-urritasuna, baina, ez da animalia horiek gainditu behar duten oztopo bakarra edo txikiena. Izan ere, oxigenoa urria bada, karbono dioxidoa (CO2) ugariegia da barrunbeetan, animaliek beraiek sorturikoa delako. Ohikoak izan daitezke, adibidez, % 6ko CO2-kontzentrazioak. Bada, animalia gehienentzat arazo larria izan daiteke hori.
Kontua da karbono dioxidoan aberatsa den atmosfera batean arnasa hartzea ez dela batere osasuntsua. Izan ere, ugaztunok oso sentiberak gara arnasten dugun airearen karbono dioxidoari dagokionez, eta ohikoa baino altuagoa den CO2-kontzentrazioko atmosferan, bihotz-taupadaren frekuentzia oso gora igo daiteke, alferrik igo gainera, horrela ez baita konpontzen kanpoko airean CO2 gehiago egoteak dakarren arazoa.
Hori dela eta, barrunbeetako ugaztunak ez dira, inondik inora, karbono dioxidoarekiko hain sentikorrak, eta, gainera, CO2 kanporatzeko beste bide bat garatu dute horietako batzuek. Izan ere, gas gisa kanporatu beharrean, kaltzio edo manganeso karbonato edo bikarbonato gisa jariatzen dituzte; hau da, gatz solido gisa kanporatzen dute bestela kaltegarria izango litzatekeen gasa. Adibide honen bitartez ikusi dugun bezala, handia da ingurumen desberdinetara moldatzeko animaliek duten ahalmena, eta oso deigarriak horretarako asmatu dituzten bideak.
Oharrak
[1] “Basasagua eta elefantea” izenburuko istorioan azaldu dugun bezala, animalia txikiek handiek baino metabolismo-tasa altuagoa dute; hau da, masa-unitateko jarduera metaboliko handiagoa dute eta, horren ondorioz, oxigeno gehiago kontsumitu behar dute.
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.