Usainek oharkabean alda edo bideratu dezakete gure portaera. Dastamena eta usaimena dira bizidunon informazio iturri zaharrena, inguratzen gaituenari buruzko datu kimikoak eskuratzeko bidea. Perfumeen historiaren hasierak bat egiten du gizateriaren historiarekin. Historiaurrean usainek garrantzi jainkotiarra zuten erlijioan. Geroago, Grezian eta Erroman ere oso preziatuak izan ziren espezia, olio eta perfumeak. 1708an, Charles Lilly lurringileak lehen aldiz animalia jatorriko konposatu bat erabili zuen merkaturako perfume baten konposizioan: musketa.
Musketa naturala Moschus moschiferus orein musketadun espeziearen arraren guruin usain-sortzaileen jariakinetik lortzen da, eta mendeetan zehar usain gozo bezala erabili da. Hain zuzen ere, oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen eta egun babestuta badago ere, arriskuan dago, batez ere legez kanpoko ehizaren ondorioz. Egun, ordea, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan.
Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko, eta, hartara, perfumearen usainak gehiago irauten du. Merkatuaren ikuspuntutik, Galaxolide (HHCB), Tonalide (AHTN) eta Traseolide (ATII) dira musketa polizikliko garrantzitsuenak. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela —erresistentzia multixenobiotikoaren inhibitzaileak dira, esate baterako— eta ingurumenean nahiz bizidunetan metatzeko gaitasuna dute; beraz, sakonago aztertu behar da zer-nolako albo ondorio eta kalte sor ditzaketen.
Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea. Horretarako, elektroforesi kapilar deritzon teknika instrumentala erabili zen. PCMak neutroak direnez, kromatografia elektrozinetiko mizelarra (MEKC, micellar electrokinetic chromatography) deritzon aldaera erabili behar izan zen; horretaz gainera, PCMek ur-disolbagarritasun oso txikia dutenez , teknika ingurune ez-akuosoan egin behar izan zen: NAMEKC delakoa (nonaqueous micellar electrokinetic chromatography). Metodoaren aldagai analitikoak optimizatu eta ebaluatu ondoren, lagin errealen analisian erabili zen, hautatutako osagaien kontzentrazioa zehazteko. Laginei dagokienez, guztira Gipuzkoako hainbat dendatan lortutako 27 perfume analizatu ziren.
Ikerketa honetan NAMEKC metodo bakuna, fidagarria eta merkea garatu da perfumeetan HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak aldi berean kuantifikatzeko. Metodoak ezaugarri analitiko onargarriak ditu, balioztapen prozesuko ebaluazioak adierazi duen moduan. Hauxe da lehen ikerketa, elektroforesi ez-akuosoari esker PCMak determinatzea ahalbidetzen duena. Horretaz gainera, laginaren prestaketa erraza proposatu da —laginaren diluzioa, besterik ez—. Bestalde, elektroforesi kapilarraren aplikazioak zabaldu dira; izan ere, konposatu oso hidrofoboak elektroforesi kapilarra erabiliz analizatzeko bidea aztertu da. Ondorioz, elektroforesian oinarritutako metodo hau gas- edo likido-kromatografian oinarritutakoen aukera egokia da, bai aplikazio kualitatiboetan eta baita kuantitatiboetan ere.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia.
- Laburpena:Kromatografia elektrozinetiko mizelar ezurtsuan oinarrituta metodo bat garatu da perfumeetan Galaxolide®, Tonalide® eta Traseolide® musketa poliziklikoak kuantifikatzeko. Konposatu horiek kosmetikoen osagai moduan asko erabiltzen dira zainketa pertsonalerako produktuetan. Metodoa optimizatzeko esperimentu-diseinua eta erantzun-gainazalen metodologia erabili ziren. Metodoaren ezaugarri analitikoak ebaluatu ziren eta balio onargarriak lortu ziren ezaugarri hauei dagokienez: linealtasuna, detekzio- eta kuantifikazio-mugak, doitasuna eta zehaztasuna. Optimizatutako eta balioztatutako metodoa perfume-lagin komertzialetan hautatutako osagaiak determinatzeko erabili zen.
- Egileak: Josu Lopez-Gazpio eta Esmeralda Millán
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 97-107
- DOI: 10.1387/ekaia.14129
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
2 iruzkinak
[…] Josu (2017ko martxoaren 6a). Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen. […]
[…] Josu (2017). Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen, zientziakaiera.eus, 2017ko martxoaren […]