Biologia
Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Horregatik normala da batzuetan haurdun daudenak arnasaldi sakonak egitea. Gainera, umekiak jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak. Ez da inolaz ere kontu erraza. Umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Irakur ezazue artikulua osorik, ez zarete damutuko.
Emakumeak zientzian
Salernoko Trotula izan dugu protagonista aste honetan. 1190.urtean jaio zela diote adituek eta Erdi Aroko Salernoko Medikuntza Eskola laikoan ikasi eta ondoren, irakatsi zuen lehen medikua izan zen. Obstetrizian eta ginekologian aditu zen eta garaiko emakumeei laguntzen zien, eurek sufritzen zituzten minak arintzen eta gaixotasunak sendatzen. Adibidez, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzerakoan mina kentzeko, praktika hau legez kanpokoa bazen ere. Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen garai hartan.
Bioteknologia
Film bat DNA bihurtu dute. Bai, esaldi hori nahiko harrigarria da; Elhuyarrek azaltzen digu kontua. Lumière anaien L’arrivée d’un train à La Ciotat filma (1895) izan da Columbia Unibertsitateko bi zientzialarik hartu dutela ikerketa gauzatzeko. Hori gauzatzeko, kode bitarrean 0 eta 1en bidez adierazitako informazioa DNAren base nitrogenatuetara (A, C, G, T) itzultzen duen algoritmo bat sortu dute. garatutako metodoa erabat fidagarria da eta orain artekoek baino informazio gehiago gordetzeko aukera ematen du.
Geologia
Lau mila eta berrehun milioi urtetik gorako lurrazalaren osagaiak aurkitu dituzte Kanadan. Ikerketaren emaitzek diote Lurraren lehen ehunka milioika urtetan sortutako lurrazalaren arrastoak liratekeela. Gehienbat 2.700 milioi urteko granitoz osatua dago eremu hori, baina, granito horren osaeragatik, ondorioztatu dute beste arroka zaharrago batzuetatik abiatuta sortu behar izan zutela arroka horiek. Prozesu horrek beharko zukeen denbora kontuan hartuta, eta laginetako samario- eta neodimio-isotopoak neurtuta, kalkulatu dute 4.200 milioi urtetik gorako lurrazala dagoela 2.700 milioikoarekin nahastuta. Elhuyarrek eman digu honen berri.
Geologian eta mineralogian gizakiaren inpaktua handia da. Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak eta horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratutakoak dira; batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu du. artikuluaren benetako helburua gizakiaren esku hartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.
Mantuko luma gorakorrekin jarraitzen du Arturo Apraizek artikulu honetan. Horiek eredua sortu bezain laster, zalantzan jarri zuten teoria. Ikertzaileak berehala ohartu ziren luma gorakorren ereduak aurreikusitako behaketak ez zirela puntu bero guztietan betetzen; ez dago era berean luma gorakor bakarra hasieran definitutako luma teoriko batek iradokitako baldintza guztiak betetzen dituenik. Hutsune horiek erabiliz, lumen ereduaren aurkakoek eredua alboratu eta XXI. mendearen hasieran plaken eredu alternatiboa (plate model) sortu zuten. Plaken ereduak dio prozesu magmatiko anomaloek ez dutela puntu beroen beharrik. Plaken ereduan, plaketan bertan sortzen diren indarrak dira plaka-tektonikaren eta konbekzio-korronteen indar eragileak, eta ez plaken azpitik luma gorakorren eraginez jasaten duten berotzea.
Medikuntza
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Sant Joan de Deu Ospitalearekin eta Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, sendagai “bizi” bat garatzeko proiektua abiarazi dute. Odoleko azukre-mailari intsulina askatzen erantzungo dioten sintetikoki diseinaturiko zeluletan oinarritua egongo da. Horrela, gluzemia asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzkeen aplikazio bakar batez erregulatuko luke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz.
Arkeologia
Armintxeko leizeak identifikatu dituzten arazo nagusiak azaldu dituzte. Aurretik, baina, gogora dezagun zein izan zen aurkikuntza. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte eta gutxienez bi lehoi aurkitu zituzten. Europa mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan. Arazoei dagokienez, Armintxeko galeria nagusiaren ur-zirkulazioa larriki oztopatua dago; euri denboretan altuera normala gutxienez 20 m-tan gainditzen du. Kobak izan duen etengabeko eraso urbanistikoen eraginez, uraren maila gero eta gorago igo da eta ur lohituak daraman lokatza, poliki-poliki, artelanak hondatzen ari da.
Paleontologia
Duela 42.000 eta 50.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki horien hortzetako plakaren barruan “harrapatuta” gelditu da jan zutenaren arrasto genetikoa eta hori aztertu egin dute. Spyko (Valonia) eta El Sidrongo (Espainia) aztarnategietako lau neandertalen laginak, hain zuzen. Valoniako neandertalen kasuan, errinozero iletsuaren, basa ardiaren eta perretxikoen arrastoak agertu dira hortzetan. El Sidrongo gizakiek, berriz, landareetan oinarritutako elikadura omen zuten: pinaziak eta goroldioa agertu dira, eta perretxikoen aztarnak ere ikusi dituzte. Sidrongo norbanako batek osasun arazoak zituela ere ondorioztatu dute. Deigarriena, baina, hortzetan makalaren eta Penicillium lizunaren aztarnak ere ageri direla da. Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuan lan egiten duen Lalueza Foxek hausnartu du honen inguruan: “Neandertalen inguruko ideia sinpleegia dugu gehienetan. Ehiztari biltzaileak izanda, haien bizimodua gaur egun Afrikan edo Amazonas aldean dauden halako populazioen antzekoak izango zen seguruenera. Nolabaiteko ezagutza enpirikoa izan behar zuten”.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.