Bilbabio-izurria

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria

———————————————————————————————————–

Izurriteetan pentsatzen dugunean, intsektuak edo arratoiak izaten dira burura etorri ohi zaizkigun animaliak. Baina horiek ez dira izurritea sor dezaketen animalia bakarrak. Bibalbioen artean bada bat egiazko izurria sortu duena, oso arriskutsua gainera.

1. irudia: Zebra-muskuiluak. (Argazkia: D. Jude, Univ. of Michigan / Wikimedia Commons domeinu publikoko lana)

2007ko abuztuan, ur gezetako bibalbio baten larbak aurkitu zituzten Gipuzkoako Lareoko urtegian; zebra-muskuiluaren larbez ari gara. Alarma piztu zuen aurkikuntzak, orduan ikusi baitziren lehenengoz larba horiek Kantauri Isuriko urtegi edo ibaietan. Ondorio larririk ez zuen ustekabeko gertaeratzat jo zen lehen agerpen hura, ondoren egindako ikerketen arabera ez baitzen larba horien presentzia baieztatu. Zoritxarrez, badago kezkatzeko arrazoirik, jakin denez Dreissena polymorpha bibalbioaren izurriak hedatzen jarraitu du-eta. Espezie inbaditzaile honen larbak Araban Zadorrako urtegi-sisteman 2011ko ekainean aurkitu ondoren, Bizkaian ere ale helduen presentzia baieztatu zen Arratia ibaiaren goiko aldeak dagoen Undurragako urtegian; heldu da zebra-muskuilua Kanturi Isurira beraz. 2011ko irailean jakin zen Urrunagako urtegiko erriberako beste zenbait aldetan ere atzeman zituztela. Tamaina txikikoak direnez aurkitutako bibalbio gehienak, populazioak finatzen hasiak baino ez daudela ondorioztatu zuten adituek, baina kontuan hartuta gure urtegi-sistema guztiak elkar lotuta daudela, litekeena da kolonia hauek hazten joatea eta nonahi ezartzea.

Zebra-muskuilua arriskutsua dela esan dugu; orain azalduko dugu zergatik. Azalpena eman aurretik, hala ere, espezieari buruzko zertzelada batzuk eskainiko ditugu. Dreissena polymorpha da zebra-muskuiluaren izen zientifikoa, eta paradoxikoa bada ere, ez da muskuilu bat; ezagutzen ditugun bibalbioen artean txirlak daude muskuiluak baino hurbilago zebra-muskuilutik. Muskuilu izena itxurari dagokio, muskuilu baten antza baitu, eta gainera, substratuan finkatzeko muskuiluek duten firuzko egitura bera dute, bisu izenekoa. Eta zebra esaten zaio maskor marraduna daukalako.

2. irudia: Zebra-muskuiluaren aleak aurkitu ziren Uztailaren 6ean Undurragako urtegian, Arratia ibaiaren arroan. (Argazkia: Araialdea Gaur)

Dreissena polymorpha ur gezetako bibalbio txikia da, luzeran 5 cm-ra irits daitekeena. Errusiako hego-ekialdeko aintziretan du jatorria, baina espezie inbaditzailea da, munduko toki askotatik sakabanatu baita. Gazitasun desberdineko uretan bizirik manten daiteke denbora luzez, eta tenperaturari dagokionez ere jasankortasun-tarte zabala du. Gainera, oso eraginkorra da: arrautza kopuru itzelak ekoizten ditu ur gezetako beste bibalbioekin erkatuz gero.

XIX. mendean hedatu zen Europako kanaletatik eta Ipar Itsasora heldu, bai eta Britainia Handira ere. Europako hegoaldea geroago kolonizatu zuen, Italiar eta Iberiar penintsuletara joan den mendearen azken laurdenera arte ez baitzen heldu. Ipar Amerikara 1988an iritsi zen, Laku Handietara, eta ordutik apurka-apurka Ipar Amerika osotik zabaltzen ari da. Aisialdirako belaontziak eta batelak ibai batetik bestera edo aintzira batetik bestera eramatean hedatu da horrenbeste, kroskoetan itsatsita bidaiatzen baitute muskuilu txikiek eta larbek. Horixe izan omen zen Lareoko urtegian gertatu zena. Hala ere, eta Ebro ibaia kolonizatu badu ere, Kantauri Isuriko ibaietara ez da oraindik heldu.

Beldurgarriak dira bibalbio honek sortzen dituen kalteak. Toki askotan, bertako bibalbio-espezieak guztiz ordezkatu ditu. Tokian betidanik egon diren bibalbio-populazioen gainetik finkatzeko gai dira; horrela, zebra-muskuiluaren populazio berriak sortu, eta azpian geratzen direnak hil egiten dira. Gainera, kaietan itsasten direnean kalteak sor ditzakete zurezko egituretan, bai eta industrietan hozte-prozesuetarako erabiltzen diren kanal, hodi eta ponpetan. Hodi batetik sartzen badira, urte gutxitan bete dezakete hodiaren argia guztiz itxi arte. Gastu handiak egin behar dira gero hodiak garbi mantentzeko.

3. irudia: Rutilus rutilus arraina zebra-muskuiluaz elikatzen da. (Argazkia: Cornelius Herget/ Wikipedia CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Bestalde, bada zebra-muskuilua jaten duen arrainik: horietako bat Rutilus rutilus ur gezetako arraina da, eta, zenbait tokitan, zebra-muskuiluak dira arrain horrek jaten duenaren % 90. Hala ere, orain arte ez da inon ikusi arrainen harraparitzak Dreissenaren populazioak muga ditzakeenik.

Kontuak kontu, Dreissena polymorpha izurri arriskutsua dela esatea ez da inondik ere gehiegikeria bat; ibaietako zein aintziretako biodibertsitatearen arerio handia izateaz gain, izugarriak dira sor ditzakeen kalte ekonomikoak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>