Asteon zientzia begi-bistan #152

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Matematika

Hegaztiek Bizkaiko golkoan gauez egiten duten migrazioaren aztertu du UPV/EHUko Matematika Aplikatu Saileko Nadja Weisshaupt ikertzaileak bere doktorego-tesian. Ikerketaren emaitzek erakusten dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean udaberrian eta txikia udazken osoan. Hegazti tipologiari dagokionez, paseriformeak (txori kantariak) dira gau-migratzaile nagusiak. Ikerketan, bi motatako radarrekin egin dute lan: Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua eta prezipitazioa neurtzeko radarrak. Horietaz gain, kamera termikoak erabili dituzte baita ilargiaren behaketa ere.

Ingurumena

Zoriari esker jakin dute abaraskak suntsitzen dituen har batek polietilenoa jaten duela. Horretaz konturatu zen Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikertzaile bat, Federica Bertocchini. Cambridgeko Unibertsitatearekin batera aritu dira ikertzen, eta frogatu du harrak oso eraginkorrak direla polietilenoa degradatzen. Adibidez, ehun har gai dira 92 mg polietileno degradatzeko 12 ordutan. “Oso azkar da hori”, nabarmendu du Bertocchinik. Ikertzaileen esanean, litekeena da entzimaren baten bidez degradatzea. Hortaz, hurrengo helburua degradazio-mekanismoa argitzea da, balizko entzima identifikatzeko eta in vitro sortzeko, maila industrialean.

Medikuntza

Filadelfiako Haur Ospitaleko ikertzaileek umetoki artifizial bat sortu dute. Poltsa itxi bat da, likido amniotikoaren antza duen fluido batez betea, eta kumea oxigenoaz eta elikagaiez hornitzeko sistema bat duena. Dagoeneko arkume oso goiztiarrekin probatu dute eta 28 egunez han bizitzea lortu dute. Honetan, halere, zilborreste sintetiko baten bidez iristen zaio odola arkumeari. Baina ez du odol-zirkulazioa ponpatzeko sistemarik, arkumeen bihotzak oraindik ez bailuke jasango kanpo zirkulazio-sistema bat. Horregatik, arkumeak, bere bihotzaren bidez, behar dituen osagaiak hartzen ditu. Bestetik, bentilazio-sistemarik ere ez du umetoki artifizialak. Ikertzaileek diotenez, aurrerapen handia izan da baina gizakietan erabili ahal izatetik urruti daudela aitortu dute.

Kimika

Wolframa Bergarako Errege Seminarioko laborategian aurkitu zuten Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek 1783. urtean, Euskal Herriak inoiz zientzia arloan egin duen eta egingo duen aurkikuntzarik handienetakoa. Proiektuari ospe handia eman zion lorpena izan zen baina une hartan ez zioten aplikaziorik aurkitu. Baina iritsi ziren eta gaur gaurkoz Eta wolframa gizartearen garapenerako funtsezko elementuetako bat dela esan daiteke. Adibidez, beroaren aurrean duen erresistentzia ezinbestekoa izan da gaur egun arte etxeetan erabili ditugun bonbillen funtzionamendurako. Beste dohai batzuk ere baditu, irakur ezazue artikulua osorik!

Biologia

Izurriteez hitz egiten dugunean, intsektuak edo arratoiak datozkigu gogora. Baina horiek ez dira animalia bakarrak, bibalbioen artean bada bat egiazko izurria, oso arriskutsua dena gainera: zebra-muskuilua. Zebra-muskuilua gertutik ezagutzeko parada izango dugu artikulu honekin. Ur gezetako bibalbio txikia da, gazitasun desberdineko uretan bizirik manten daiteke denbora luzez, eta tenperaturari dagokionez ere jasankortasun-tarte zabala du. Gainera, oso eraginkorra da: arrautza kopuru itzelak ekoizten ditu ur gezetako beste bibalbioekin erkatuz gero. Ibaietako zein aintziretako biodibertsitatearen arerio handia izateaz gain, izugarriak dira sor ditzakeen kalte ekonomikoak.

Azken hamarkadan inork ikusi ez dituen baina bizirik jarraitu dezaketen animalia eta landareen zerrenda egin du Global Wildlife Conservation erakundeak. The Search for Lost Species (galdutako espezieen bila) du izena ekimenak. Ehun zientzialari baino gehiagorekin elkarlanean, 160 estatutan galdutzat jotzen diren 1.200 animalia eta landare espezieren zerrenda egin dute: gutxienez azken hamarkadan zientzialari bakar batek ere ez ditu ikusi. Gainera, horien artetik, 25 desiratuenak aukeratu dituzte, eta azken horiexek aurkitzea da lehentasuna. Testuan azaltzen den moduan, ahaztutako espezie horietako askoren desagertzea galarazteko azken aukera izan liteke hau.

Geologia

Aurreko astean hitz egin genuen Tunelbokako hondartzan aurkitutako ‘beachrock‘ei buruz. Asteon, badugu Berriak dakarren azalpen interesgarria ere. Nikole Arrieta da ikerkuntza honen atzean dagoenak dio eremu tropikal eta subtropikaletan dauden marea arteko guneetan sortzen diren harri egiturak direla eta beraz, oso arraroa dela hemen topatzea: “Inguru honetan, gizakiaren eraginak zeresan handia izan du, eta pentsa daiteke faktore bio-fisiko-kimiko eta antropogenikoengatik eratu direla”. Kasu honetan, beachrockak Bilboko itsasadarrean izan zen jarduera industrialaren ondorio da.

Ekialde Hurbilean hontzak eta nekazariak bateratzen dituen proiektu baten berri eman dute, duela 35 urte inguru abiatu zutena. Garai hartan, Tel Aviveko Unibertsitateko (Israel) Yossi Leshem ornitologoa konturatu zen nekazari israeldarrek pozoiak erabiltzen zituztela marraskariak hiltzeko. Azkenean, pozoiaren ordez harrapakari naturalak erabiltzea proposatu zuen. Baina arazo hori israeldarrez gain, palestinarrek zein jordaniarrek ere bazeukatela konturatu zen. Hortaz, hiru komunitateetako nekazariekin lanean hasi zen. Orain, Lausanako Unibertsitateko (Suitza) biologo Alexandre Roulin murgildu da proiektuan. Honek hala azaltzen du: “Berehala konturatu nintzen hontzak tresna bikaina izan zitezkeela palestinarrak, jordaniarrak eta israeldarrak mahai berera eramateko. Beraz, jarduera honetan murgiltzea erabaki nuen, eta ikusi nuen giza alderdi harrigarria zegoela”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.