Tomateen heltze puntu optimoa zein den jakiteko, pigmentuak neurtu dituzte espektrometria bidez. Raman espektroskopio eramangarria aplikazio honetarako baliagarria dela frogatu du Josu Trebolazabalaren ikerketak.
Tomatearen heltze prozesuak hainbat fase ditu eta, fasez fase, kolorea aldatuz joaten da. Heltze faseetan tomateak duen konposizioa monitorizatuta konposizioan gertatzen diren aldaketak ikus daitezke espektrometria bidez.
Tomatea berde dagoenean, adibidez, gehien agertzen diren pigmentuak klorofila eta argizari kutikularrak dira. Fruitua heldu ahala gutxitu egiten dira konposatu horiek eta laranja kolorea hartzean bestelako konposatuak ikusten dira: konposatu karotenoideak. Likopenoa (karotenoide gorria) gorenean dagoenean iristen da tomatea puntu optimora. Karotenoide edukia galtzen hasten da puntu horretatik aurrera, gehiegi heldutako tomateetan egindako azterketek erakusten duten bezala.
Metalurgian, arkeologian ala artelanen analisian erabiltzen den Raman espektrometroa tomateen heltze prozesua monitorizatzeko erabili da lehen aldiz. “Erabilera jakin bat zuen teknologia sukaldaritzara aplikatu da. Ekoizleari tomatearen heltze-puntu optimoa zein den jakiten lagunduko dion tresna sortzea zen ideia”, azaldu du Josu Trebolazabala ikertzaileak. Espektrometro mugikor honen bidez, ekoizleak in situ kontrola dezake tomatea eta, hala, heltze-puntu optimoa aurkitu.
Metodologia
“Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits” ikerketak frogatu du tomatearen heltze faseetan dauden konposizio aldaketei buruzko datuak eskuratzeko balio duela Raman espektrometro mugikorrak. Oso erabilia da askotariko sektoreetan Raman espektrometroa, izan ere, teknika ez-inbaditzailea da eta inolako laginik atera gabe erabili daiteke. Baliagarria da, esate baterako, koadro baten edo eskultura baten pigmentuak ikusteko lanari/produktuari kalterik eragin gabe. Fruituaren konposizio molekularra aztertzen duen neurgailu honekin, beraz, fruitua hondatu gabe monitorizatu daiteke.
Laborategiko antzeko tresna baten emaitzekin alderatu dira tresna eramangarri honek emandakoak eta ikusi da laborategiko Raman espektroen kalitatea hobea izan arren, instrumentu eramangarriak emandako informazioak ere baduela nahikoa kalitate ezarritako helbururako. Ekoizlea ekipo mugikorrarekin baratzera joan eta kontakturako Raman zunda tomate-fruituaren gainean jarrita jakin dezake biltzeko punturik egokienean dagoen edo denbora gehiago utzi behar zaion.
Heltze prozesuan kolorea aldatzen zaion edozein elikagairi aplika dakioke teknika berritzaile hori. “Piperrarekin eta kuiarekin probak egin ditugu, besteak beste, eta haien konposizioari buruzko datuak ere eskuratu ditugu”, argitu du Josu Trebolazabalak.
Erreferentzia bibliografikoa
Portable Raman spectroscopy for an in-situ monitoring the ripening of tomato (Solanum lycopersicum) fruits. Spectrochimica Acta Part A: Molecular and Biomolecular Spectroscopy 180: 138-143. DOI: 10.1016/j.saa.2017.03.024.
1 iruzkina
[…] Gene asko daude tartean eta kanpoko faktoreek eragiten dute prozesuan, hala fruitua hazi eta heltzen ari denean nola uzta bildu ondoren, kontsumitzailearengana eramatean. Distefanoren azterketak adierazten […]