Landareentzat ez ezik animalientzat ere: argia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Landareentzako ezinbestekoa da argia. Pellokeria dirudi. Denok dakigu fotosintesia egiteko eta, hortaz, bizitzeko nahitaezkoa dutela argia landareek. Animaliak, baina, beste kontu bat dira. Beharrezkoa dute argia animaliek? Eraginik du argiak animaliengan?

Zalantzarik gabe, bai. Alor bat baino gehiagotan du garrantzia argiak animalientzat. Batetik, ezinbestekoa da animaliak elika daitezen. Izan ere, elikadura mota edozein dela (belarjale, haragijale, orojale) oinarrian argia dago.

Landareek nahitaezkoa dute argia hazteko eta, beraz, hedaduraz, animalia belarjaleek ere argia behar dute euren elikadura bermatzeko. Era berean, haragijaleentzat ere beharrezkoa da jaten dituzten belarjaleak haz daitezen eta horretarako landareak behar dituzte. Kate trofiko guztian du eragina argiak, beraz.

1. irudia: Argiak eragina du kate trofiko guztian zehar. (Ziortza Guezuragaren irudia.)

Argia beharrezkoa da animalientzat, hortaz. Eta ez bakarrik elikadurarako, bestelako aspektuetan ere eragina du argiak, animalien jokaeran, adibidez:

  • Ugalketa sasoia muga dezake argi ordu kopuruak eta baita ugalketa-sasoiaren hasiera edo amaiera markatu.
  • Lozorroan sartzen diren animaliei noiz sartu seinalatzen die argiak, tenperaturarekin batera.
  • Animalia migratzaileek, beste faktoreren artean, argi ordu kopuruari esker dakite noiz hasi migrazioa.

Ikusi makusi

Ikusmenaren alorrean du, hala ere, argiak inpaktu gehien. Argia hautemateko mekanismoa da ikusmena, azken batean. Animalien %95ak ditu irudiak sortzen dituzten begiak eta %96ak argia hautemateko moduren bat. Begi guztiak ez dira berdin, hala ere. Ez dituzte argia eta irudiak modu berean prozesatzen eta zenbait begik ez dute irudirik sortzen.

“Begi”rik sinpleenek argia antzemateko gaitasuna baino ez dute, irudirik ez dute sortzen. Euglena protozooa da argia hauteman baina irudirik sortzen ez duen animaliaren adibidea. Ez da ikusmena zentzu hertsian, baina fotorrezepzioa (fotoien energiaren xurgapena) gertatzen da. Begi mekanismo sinpleena litzateke Euglenarena, baina animalien artean oso begi konplexuak aurki daitezke.

Argia antzeman baino ezin duten begi sinpleenetatik hasi eta irudi konplexuak garbitasunez sortzeko gai diren begietaraino eboluzio prozesua jasan dute ikusmen organoek. Lehen “begia” zelula fotorrezeptoreen xafla izan zen eta hortik hasita kamera konplexudun begira eboluzionatu dira. Hona eboluzio hipotetikoa:

  1. Zelula pigmentudun xafla. Hasiera batean argia sumatzeko gai ziren zelula multzoa baino ez ziren begiak, argia detektatzeko gai. Lehen aipaturiko Euglenaren eta lapen kasua litzateke hau.

    2. irudia: Zelula fotohartzaile multzoaz osaturiko xafla (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  2. Begi kopak. Zelula xaflak kopa itxura hartzean argia antzemateaz gain, norabidea ere nabaritu dezakete. Planariek dute mota honetako begiak.

    3. irudia: Kopa itxurako begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  3. Kamera iluna. Pinhole begia izenarekin ere ezaguna. Irudiak sortzeko gai da, fokatzeko. Irudiak nahiko ilunak dira, baina. Izan ere, oso argi gutxi sar daiteke begian. Nautilus moluskuetan aurkitu daitezke mota honetako begiak.
    4. irudia: Kamera iluna motak begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).
  4. Lente primitibodun begia. Lenteen agerpenak argia kontzentratzeko gaitasuna ekarri zuen, ikusmena hobetzea eta argitzea ekarri zuena. Murex barraskiloek gartu dute honako mekanismoa.

    5. irudia: Lente primitibodun begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  5. Kamera konplexudun begia. Lente sistema konplexua da, kornea eta bestelakoei esker garbitasunez ikustea ahalbidetzen dute. Egungo ornodun gehienen begiak lirateke mota honetakoak.

    6. irudia: Kamera konplexudun begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

Eboluzio hipotetikoa izanik ere, ezaugarri komuna dute begi guztiek: zelula fotorrezeptoreak dituzte guztiek. Bestelako begi motak ere garatu izan dira, intsektuetan aurki daitezkeen begi konposatuak, esaterako. Kasu honetan, omatidio izeneko hainbat egiturez osaturiko begiak dira. Omatidioak begi osoak dira, bakoitzak kornea, kristalinoa eta fotorrezeptoreak du eta mosaiko itxurako irudia sortzen dute.

7. irudia: Begi konposatua (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia De Bugboyren irudian oinarrituta).
''Argiak animalietan izan ditzakeen eraginak''

Aurreko artikuluak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.