Hondakinen bigarren bizitza

Argitalpenak · Dibulgazioa

XX. mendean zehar industria petrokimikotik eratorritako plastikoak ezinbestekoak bihurtu dira bizitzaren arlo ugarietan eta honen ondorioz, bere erabilera izugarri handitu da. Hauek prezio merkea, kalitate ona, edo prozesatzeko erraztasuna badute ere, ez dira biodegradagarriak eta iturri ez-berriztagarrietatik datoz. Azken urteetan, hondakinen kudeaketa dela eta, ingurugiroarekin erlazionaturiko arazo larriak sortzen ari dira, nagusiki kontsumo ereduak sortutako hondakinen etengabeko hazkuntzaren ondorioz. Beraz, plastikoekin erlazionatutako hondakinen arazoari aurre egiteko helburuarekin, jatorri berriztagarri eta izaera biodegradagarria duten materialek bultzada handia jasan dute, beti ere ingurumenerako bide lagungarriak eta ekonomikoki bideragarriak jarraituz. Aipaturiko material hauen artean, baliabide naturaletatik sortutako polimero biodegradagarriak aurkitzen dira, hau da, biopolimeroak.

Irudia: Soja aleak.

Ikerkuntza-lan honetan polisakaridoak eta proteinak erabili dira, berriztagarriak, ugariak eta ingurunearekin errespetutsuak izateaz gain, biokonpositeak eratzeko gaitasun bikainak dituztelako. Proteinen artean, landare-proteinak azpiproduktu edo hondakin gisa daude eskuragarri barazkigintzan zein nekazaritza-industrian. Hauen artean, soja-proteina aukera interesgarria da. Soja-proteina, soja-olioa ekoizterakoan azpiproduktu gisa lortzen da eta gainera, naturako proteinarik merkeenetarikoa da. Bestalde, landareetatik eratorritako polisakaridoen artean, agarra etorkizun handiko produktua da. Itsasoko alga gorritik erdietsi daiteke eta bere berriztagarritasuna, biodegradagarritasuna eta gelifikazio gaitasun altuagatik biokonpositeak garatzeko aukera interesgarria da. Hala ere, agarraren erauzketa ez da hain merkea; horregatik, soja-proteinan oinarritutako biokonpositeak prestatzeko alga-industrian sortutako hondakin naturala betegarri gisa erabiltzea proposatzen da (guk dakigula, ez da hau inoiz era horretan erabili). Gainera, hondakin horren erabilerak honako bi abantaila hauek izan ditzake: batetik, hondakina bera, era eraginkorrago batean erabil daiteke; eta bestetik, kostu baxuagoko azpiproduktuak lor daitezke. Hain zuzen, ekonomiarako eta ingurumenerako onurak ekar ditzake konposite jasangarriago horien garapenak.

Nahiz eta soja-proteinan oinarritutako biopolimeroek polimero sintetikoak ordezkatzeko ahalmena izan, eragozpen batzuk badituzte haien egitura kimikoarengatik, izaera higroskopikoa eta hauskortasuna, hain zuzen. Horren ondorioz, aldaketa batzuk beharrezkoak dira materiala erabilgarria bilakatzeko. Testu inguru honetan, biopolimeroen prozesatzea nahiz amaierako propietateak hobetzeko plastifikatzaileak beharrezkoak dira eta horregatik glizerola plastifikatzaile gisa erabili zen.

Gehigarriez gain, biokonpositeen propietateak hobetzeko polimeroaren prozesatze metodoa kontuan izatea garrantzitsua da. Ikerkuntza-lan askotan soluzio- eta konpresio- metodoak erabili ohi dira proteinetan oinarritutako konpositeak garatzeko. Hala ere, biokonposite berrien bideragarritasun komertziala zuzenki erlazionatuta dagoenez aplikazio industrialetan plastiko konbentzionalak garatzeko erabilitako teknikekin, lan honetan estrusio eta injekzio prozesatze-metodoak erabili ziren, soja-proteinan eta alga-hondakin betegarriz oinarritutako biokonpositeen garapenerako.

Orokorrean, alga-hondakin betegarriak soja-proteinarekiko bateragarritasun ona erakutsi zuen. Soja-proteinazko pelletak estrusio metodoaren bidez eta biokonpositeak injekzio metodoaren bidez lortu ziren. Lortutako biokonpositeen propietate funtzionalei dagokienez, alga-hondakinaren gehikuntzak ez zuen proteinan oinarritutako biokonpositeen hesi-propietate bikainak aldatu eta propietate optiko egokiak mantendu ziren paketatze aplikazioetan erabiltzeko. Bestalde, alga-hondakina balioztatzean, hondakinen kantitatea eta materialen kostua murriztu zen eta balio erantsizko produktuak garatu ziren.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Nola erabili azpiproduktuak eta hondakinak, propietate egokiak dituzten material jasangarriak garatzeko?
  • Laburpena: Ikerkuntza-lan askotan soluzio- eta konpresio- metodoak erabili ohi dira proteinetan oinarritutako konpositeak garatzeko. Hala ere, biokonposite berrien merkatu-bideragarritasuna, zuzen lotuta dago industria-aplikazio konbentzionalak garatzeko teknikekin eta, beraz, lan honetan estrusio eta injekziorako prozesatze-metodoak erabili dira, soja-proteinan oinarritutako biokonpositeak garatzeko. Bestalde, agarra erauzterakoan hondakin naturala lortzen da. Hondakin hau, biokonpositeen betegarri gisa erabili da. Betegarri honek, soja-proteinarekiko bateragarritasun ona erakutsi zuen, eta horrela biokonposite jasangarriagoak garatu dira. Biokonpositeeen hesi-propietateak eta propietate optikoak egokiak izan ziren paketatze aplikazioetarako.
  • Egileak: Tania Garrido, Itsaso Leceta, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 93-104
  • DOI: 10.1387/ekaia.16160

Egileez: Tania Garrido, Itsaso Leceta, Pedro Guerrero eta Koro de la Caba UPV/EHUko BIOMAT ikerketa Taldearen kideak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.