Duela lau mila urte iritsitako errainak mintzatu dira orain

Juanma Gallego

Europako lehen ‘zibilizazioan’ emakumeek izan zuten rola aztertu dute paleogenetika eta isotopoen azterketa batu dituen ikerketa batean. Migrazio handiak baino, norbanakoen mugikortasunaren garrantzia azpimarratu dute.

Kanpai itxurako zeramikak, arkuak, aiztoak eta, zenbaitetan, anbarrez, brontzez edo urrez egindako objektuak. Hori da, funtsean, arkeologoek gehien topatzen dutena brontze aroko hilobi bat induskatzen dutenean. Hori, eta gorpuzkiak, noski. Horietan oinarrituta, iraganari buruzko irakaspen ugari atera daitezke, baina, ezagutza horrek, beti ere, berezko mugak ditu. Azken urteotan, ordea, iraganera hurbiltzeko bideak biderkatzen hasiak dira. Biologia eta kimika indartsu sartu dira aztarnategietan.

Horien bitartez, errazagoa da duela gutxira arte irudikaezina ematen zuen informazioa eskuratzea. Alemaniako zientzialariek egindako azken ikerketa horren adibide da. Duela lau mila urte inguru hilobiratutakoei mintzarazi egin diete. Familiaz eta jatorriaz galdetu diete, eta erantzunak lortu ere. Erantzun partzialak, behin-behinekoak, eta zalantzez beterikoak; baina erantzunak, azken finean. Antzineko DNAren eta isotopoen analisiaren bitartez eskuratu dituzte erantzun horiek. Emaitzak astelehenean ezagutzera eman dituzte PNAS aldizkarian.

Neolito eta Brontze aroen arteko trantsizioa nolakoa izan zen aztertzeko, Kristo aurreko hirugarren milurteko 84 hezurduren analisia egin dute. Bavariako (Alemania) Lech ibaiaren inguruan bilduta dauden zazpi aztarnategietan topatutako arrastoak baliatu dituzte ikerketa burutzeko. Azken bi hamarkadetan, eremu horretan arkeologoek ia 400 hilobi topatu dituzte.

1. irudia: Brontze Aroan emakumeek izan zuten mugikortasuna aztertu dute. Irudian, Miravecheko nekropolia (Burgos) (Argazkia: Juanma Gallego)

DNA mitokondrialaren azterketaren bitartez, bertan hilobiratutako gizakien arteko familia loturak argitu dituzte. Duela 4500-3700 urteko tartean, boterearen transmisioan familiak zuen indarra egiaztatu dute: emaitza genetikoaren arabera, hilobiratze hatu handiak zituzten hiru hobietan lurperatutakoak senideak zirela ikusi dute.

Bestalde, 22 lagun kanpotik etorritakoak zirela argitu dute, eta, horietatik, 17 emakumezkoak ziren. Hortaz, ondorioztatu dutenez, behin bikotekidea ezagututa, garaiko emakumeak “senarraren” herrira bizitzera joaten ziren. Antropologoek patrilokalitate deitzen duten ohitura edo instituzioa zabalduta zegoela, alegia.

Estrontzioa, gako

Jatorri hori azalarazteko, hezurretako isotopoen azterketa egin dute. Bereziki, estrontzio isotopoak bilatzeari ekin diote. Elementu kimikoen taula periodikoan kaltzioaren azpian dago estrontzioa. Horregatik, bizidunen hezurretan erraz barneratzen da. Baina naturan, egonkorrak diren estrontzioaren lau isotopo nagusi daude, eta horiek, ingurumenean dauden proportzio berdinean iristen dira hezurretara. Proportzio horiek, alta, ezberdinak dira eremu geografikoaren arabera. Hortaz, markagailu geografiko bikaina da hezurretan pilatutako estrontzioa: horren proportzioa jakinda, gutxi gorabehera, ondoriozta daiteke gizabanako bakoitzaren jatorri geografikoa.

Hortzen esmaltearen osagai nagusi den hidroxiapatitaren isotopoen analisia bereziki erabilgarria egin zaie zientzialariei. Horren zioa agerikoa da: hezurrak gizabanakoaren bizitzan zehar handitu eta aldatzen badira ere, hau ez da hortzen kasua. Hortzak bizitzaren lehen urteetan garatzen dira, baina gero ez dute aldaketa nabarmenik jasotzen. Hortaz, hortzetan geratzen da zizelkatuta, betiko, pertsona baten jatorria.

Heldu berriak ziren emakume horiek beren herri berrietan ondo txertatuta zeudela dirudi. Ikertzaileek, bederen, ez dute aparteko ezberdintasunik antzeman hilobiratzeetan. Guztiek zuten hezurdura tolestuta, eta, emakumeen kasuan, eskumara jarrita eta burua hegoalderantz. Gizonezkoak, aldiz, ezkerrerantz eta iparraldeari begira jartzen zituzten. Ezberdintasun horren zergatia, oraindik orain, misterioa da, baina, askotan, generoaren araberako lehen diskriminazio aztarnatzat jo izan da.

2. irudia: Gizon eta emakume baten hilobi komuna. Gorpuen jarrera, beti ere, ezberdina da, generoaren arabera. (Argazkia: PNAS/Stadtarchäologie Augsburg)

Izan ere, aurreko garaietan, megalitoetan egindako hilobiratzeetan antzeko ezberdintasunik ez omen zen igartzen. Hala ere, megalitoen garaiko ustezko berdintasun hau ere kolokan jarri izan da beste hainbat ikerketatan. Adibidez, Teresa Fernandez-Crespo eta Concepcion de la Rua EHUko ikertzaileek 2015ean proposatutakoaren arabera, Neolitoan hasi ziren generoaren araberako lehen bazterketak. Euskal Herriko eta Errioxako trikuharrietan egindako hilobiratzeetan topatutako aztarnen arabera egin zuten proposamena. Ikerketa horretan ere isotopoen analisia baliatu zuten, baina, kasu horretan, dietan oinarritu ziren, eta karbono eta nitrogeno isotopoak izan zituzten jomugan.

Oxigenoaren isotopoak aztertuz, bestetik, paleontologoak gai dira iraganeko klimaren inguruko zantzuak eskuratzeko. Izan ere, oxigenoaren bi isotopo egonkor nagusiak O16 eta O18 dira, eta horien proportzioa tenperaturaren arabera aldatzen dira. Ikerketa honetan teknika hori baliatu dute ere, emakume horien jatorria kokatzen saiatzeko. 60 kilometro ingurura kokatuta dagoen Nördlinger Ries eskualdea proposatu dute, baina Alpeak eta Bohemia ere aukeran dauden jaiolekuak dira, bertan dauden isotopoen arabera.

Migrazioetatik harago

Goi Neolitoren eta Brontze Aroaren arteko trantsizioan, ia Europa osora zabaldu zen zibilizazio baten zantzuak agertu ziren. Andrew Sherratt arkeologo britainiarrak idatzitakoaren arabera, “pixkanaka, baina etengabe, Europa epeleko gizarteak ideia komun batera abiatu ziren”. Egile horrek nabarmendu zuenez, estilo hori berdin mantendu zen, bai bakean zein gerran: europarrek borroka egiteko ezpata berdinak erabili zituzten, baina abegi ona erakusteko ere antzeko edalontzietan edan zuten.

Askotan iraganaren diskurtsoak gerren eta migrazio handien arabera berreraikitzen badira ere, ikerketa honen egileek nabarmendu nahi izan dute “norbanakoen mugikortasunaren garrantzia, batez ere, emakumeei dagokienean”. Are gehiago, migrazioen arabera azaldutako iragana berrikusteko beharra azpimarratu dute beren artikuluan. Kontzeptu hori ez omen da nahikoa azaltzeko III. milurtekoko Brontze Aroko gizarteek zuten mugikortasun konplexua. “Aitzitik, badirudi arkeologoek migraziotzat jo ohi dituztenak, benetan norbanakoen mugikortasunen ondorioak direla; mugimendu horiek instituzionalizatuta zeudela, eta sexu eta adinari lotuta egon zirela uste dugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Knipper et al. Female exogamy and gene pool diversification at the transition from the Final Neolithic to the Early Bronze Age in central Europe. Proceedings of the National Academy of Sciences. Online Early Edition (September 4, 2017 – September 8, 2017). DOI: 10.1073/pnas.1706355114

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>