Industrian aitzindari, kutsaduran ere bai

Amaia Portugal

Gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia identifikatu dutela uste dute Kanadako ikertzaile batzuek. Jordanian gertatu zen, orain dela zazpi mila urte, kobrearen erauzketaren ondorioz. Konbustio bidez ateratzen zuten metala, eta ingurunean zein bertako herritarren osasunean kalte handiak eragin zituen.

Wadi Faynan Jordaniako hego-mendebaldean dagoen lurraldea da, Itsaso Hilaren azpian. Wadi hitzak ubidea edo bailara esan nahi du arabieraz. Hain zuzen ere, zonalde honetan aurkitu dute gizakiak inoiz kutsatutako lehen ibaia. Edo, behintzat, orain arte topatutako gisa honetako poluzioaren arrasto zaharrenak, orain dela zazpi mila urtekoak baitira. Kanadako Waterlooko Unibertsitatean egin dute ikerketa lana, eta Science of the Total Environment aldizkarian eman dute haren berri.

Dagoeneko ez du emaririk, eta gaur egun zingirak eta sedimentuak daude lehortutako ibaiaren bidean zein ertzetan. Horietan, duela zazpi mila urteko garaiari dagozkion materialetan, kobre gorabehera handiak aurkitu dituzte. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak eragindako gorabeherak behar dute izan. Ezagunak dira inguruotako kobrezko mineral hobi aberatsak, baina ez zen jakina gizakia hain aspaldi hasi zenik horiek ustiatzen, eta erauzketaren ondorioz, ibaiak kutsatzen. Arrastoek iradokitzen dutenez, pirometalurgiaren aitzindariak izan daitezke: konbustio bidez ateratzen zuten metala.

1. irudia: Wadi Faynan lurraldea, Jordanian) (Sinadura: Barqa Landscape Project / University of Waterloo)

1. irudia: Wadi Faynan lurraldea, Jordanian. (Argazkia: Barqa Landscape Project / University of

Garai hartan, gizakia trantsizio betean zegoen, eta harrizko tresnak egitetik metalak baliatzera igarotzen ari zen. Kalkolitoa edo Kobre Aroa zen: Harri Arotik Brontze Arorako denbora tartea. Erdibideko aro horri buruzko datu berriak dakartza ikerketa honek, eta zantzuek erakusten dutenez, Ekialde Hurbileko inguru horietan, behintzat, hasiak ziren metala urtzeko metodoak ikasten eta garatzen.

Russell Adams Waterlooko Unibertsitateko Antropologia saileko ikertzaileak eta artikulu honen egileetako batek adierazi bezala, “populazio horiek hasiak ziren suarekin saiakuntzak egiten; bai eta zeramikarekin eta kobre meekin ere. Berrikuntza teknologikoa eta metalen erabileraren hedapena gizartean: horixe da mundu modernoa hasi dela adierazten duen mugarria”.

Jendeak egur-ikatza eta inguruotan ugaria zen kobre mineral urdin-berdexka konbinatzen zituen garai honetan kobrea sortzeko, eta bi horiek nahasteko, sutan berotzen zituzten. Hastapenetan, kobreak funtzio sinbolikoa betetzen zuen nagusiki. Hura lortzeko prozesua konplexua eta neketsua zenez, luze jo zuen metal honen erabilera benetan gizarteratu zen arte, baina k.a. 2600 urterako martxan zituzten meatzeak eta lantegiak, eta ordurako bai, kobrearen ekoizpena erabat hedatuta zegoen. “Munduko lehen industria iraultza hemen gertatu zen”, gaineratu du Adamsek.

2. irudia: Kobre minerala) (Sinadura: Daniel Stucht / CC BY-SA 3.0)

2. irudia: Kobre minerala. (Argazkia: Daniel Stucht / CC BY-SA 3.0)

Industriak kutsadura dakar, ordea, eta badirudi Wadi Faynan aitzindaria izan zela horretan ere. Metala galdatzeak errefus kutsakor ugari dakartza: kobrea bera, beruna, zinka, kadmioa, bai eta artsenikoa, merkurioa eta talioa ere. Landareek metal horiek xurgatzen zituzten, eta ardiek landareok jaten zituztenez, azkenerako osagai toxiko horiek ingurumenean metatzen ziren.

Waterlooko Unibertsitateko ikertzaileok ondorioztatu dutenez, inpaktu ekologikoaz gain, gizakiei ere kalte zuzena egin zien kutsadura honek, eta osasun arazoak eragin. Hala nola, antzutasuna, malformazioak eta heriotza goiztiarrak, besteak beste. Hain zuzen, honi lotuta, Erromatar garaiko giza hezurretan ere kobre eta berun kantitate handiak aurkitu izan dituzte hainbat ikerketatan.

Erreferentzia bibliografikoa:

J.P. Grattan et al. The first polluted river? Repeated copper contamination of fluvial sediments associated with Late Neolithic human activity in southern Jordan. Science of The Total Environment, Volume 573, 15 December 2016, Pages 247–257. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.scitotenv.2016.08.106

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>