Arrain arrantzalea

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Itsas zapoa (Lophius sp) «eseri-eta-itxaron» motako harraparia dugu. Sakonera desberdineko hondo bigunetan bizi da, eta kostaldeko ur ez oso sakonetatik 500 metroko sakoneraraino egon daiteke. Hondoko jalkipean sartzen da, eta horri esker harrapakinek ez dute ikusten. Gorputza ez, baina buru gainetik ateratzen zaion antena moduko luzakin bat bai ikusten dute. Bizkar-hegatsaren hezur batetik eratorria da luzakin hori.

Lophiusek arrantza egiteko erabiltzen du luzakina. Mugitu egiten du zizare baten mugimenduak antzeratuz. Iraulkatzen den edo sigi-saga dabilen «zizare» bat ikustean, harrapakina hurbildu egiten zaio eta zapoak, luzakinaren mugimenduen bitartez, ahorantz erakartzen du. Alboan dagoenean, ziztu bizian irekitzen du ahoa, ur-korronte bortitza sorturik. Kontuan hartu behar da zer-nolako ahoa duen zapoak: oso handia da eta muskulu indartsuak ditu. Egia esan, ez dakigu ba ote den aho handiagorik duen animaliarik, gorputzaren tamaina kontuan harturik, jakina. Aho beldurgarri horrek sorturiko korronteak aho-barrura sartzen du harrapakina. Hortik alde egiterik ez dago, itsas zapoak hortz asko, oso zorrotzak eta barrurantz makurtutakoak baititu. Hasieran esan bezala, «arrantzan» egiten du zapoak. Luzakinak kanaberaren antza du, eta luzakinaren puntak, beitarena. Azkenean, harrapari gisa jokatu nahi izan duena harrapakin bihurtzen da, ia konturatu gabe.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.