Asteon zientzia begi-bistan #169

Uxue Razkin

Biologia

Itsas-zapoa sakonera desberdineko hondo bigunetan bizi da, eta kostaldeko ur ez oso sakonetatik 500 metroko sakoneraraino egon daiteke. Buru gainetik antena bat ateratzen zaio eta horrekin ikusten dute. Bizkar-hegatsaren hezur batetik eratorria da luzakin hori, arrantza egiteko erabiltzen du hori. Harrapakina hurbiltzen denean, zapoak luzakinaren mugimenduen bitartez, ahorantz erakartzen du. Bere ahoa oso handia da eta muskulu indartsuak ditu. Gainera, itsas zapoak hortz asko, oso zorrotzak eta barrurantz makurtutakoak ditu. Luzakinak kanaberaren antza du, eta luzakinaren puntak, beitarena.

Genetika

Tximeletek hegoetan dituzten marrazkiak bi genek baldintzatzen dituzte: gene batek lerroak marrazten ditu batez ere, eta besteak, koloreak. Elkarren osagarriak dira bi geneak, eta haiek inaktibatzeak intsektuok ia monokromatikoak bihurtzen dituela ikusi dute. Jakina da hegoen ereduak tximeleten erakargarritasun sexualaren oinarrian daudela, eta harrapakarietatik babesteko ere erabiltzen dituztela. Orain ikusi dute zein den marrazki horien jatorria. Geneon aktibitatea CRISPR teknikaren bidez argitu dute New York-eko Cornell-eko Unibertsitateko biologoek.

Astronomia

Eman diote agurra Cassini zundari. Aurreko ostiralean jakin genuen Cassini espazio-ontzia (NASA) Saturnoren atmosferan murgildu eta betiko desagertu zela. Artikulu honen bidez, bere ibilbidea ezagutzeko aukera dugu. 1997ko urriaren 15ean jaurti zen. 2000. urtean Jupiterretik gertu igaro eta bere atmosferaren irudi paregabeak hartu zituen Cassini-Huygens misioak. Cassini Saturno inguruan inoiz kokatu den lehen orbitadorea izan da eta Huygens Lurretik urrunen lur hartu duen zunda. Azken urteotako misiorik emankorrenetakoa izan da.

Berria egunkaria aritu da ere hamahiru urte iraun duen misio honen inguruan. Misioaren amaierari Grand Finale izena jarri diote arduradunek. Zundak egin dituen aurkikuntzei dagokienez, ESA Europako Espazio Agentziak misioan duen zientzialari nagusi Nicolas Altobellik Titanen topatutakoaren garrantzia azpimarratu du: “Huygensek Titango atmosferaren sekretuak azaleratu ditu aurrenekoz; hango lurrazala ukitu du, eta haren osaketa aztertu. Bestalde, beste planeta bateko ilargi batean gizakiak egindako lehen lurreratzea izan da”. Entzeladon topatutakoa ere aipatzen du: “Izan ere, Cassini zundak erakutsi digu izotzezko ilargiek jarduera dutela. Entzeladoren barruan ozeano bat dago, eta orain badakigu bertan jarduera hidrotermala dagoela”.

Medikuntza

Kimioterapiaren eraginkortasuna apaltzen duen proteina bat identifikatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Kimioterapiak minbizi-zelulen DNA puskatzen ditu. Zelulek, ordea, neurri batean badute haustura horiek konpontzeko gaitasuna. 2009an, ikertzaileek mekanismo horretan laguntzen duen entzima bat aurkitu zuten, TDP2 entzima, hain zuzen. Orain, entzima horren aurretik lan egiten duen proteina bat identifikatu dute: ZATT. Hautsitako DNAren ertzak berregiten ditu.

Klima-aldaketa

Uda honetan urakanek (Irma kasu) eta Euskal Herrian egin duen eguraldiak klima aldaketarekin lotura ote duen saiatu dira erantzuten testu honetan. Horretarako, Ganix Esnaola, atmosferaren fisikariak dio: “Klima aldatzen ari dela inor gutxik jartzen du zalantzan. Intuizioak esaten digu gizakiak sorturikoa dela, baina, gutxienez, beroaldi gehiago dituen 30 urteko epe esanguratsua beharko dugu zientifikoki guztiz baieztatzeko”. Artikuluan azaltzen den moduan, azken 30 urteotako datuek erakusten du ozeanoak berotzen ari direla. Horrek lotura zuzena du urakanak indartzearekin. Joseba Areitio fisikari eta Amillena Meteorologia elkarteko buruaren azalpenak bildu dituzte honetan. Ez galdu!

Paleontologia

Asturiaseko El Sidrón kobazuloan aurkitutako haur neandertal baten eskeletuak datu baliagarriak eman ditu hobeto ezagutzeko nola garatzen zen neandertalen garuna. Badirudi haur neandertal horrek 7 urte eta 8 hilabeteko adina zuela hil zenean, baina bere garunak bolumenaren % 87,5 baino ez zuen lortu artean. Artikuluan argi azaltzen digutenez, gure espeziean, adin horretarako ia guztiz garatuta dago garuna, eta 5-6 urteko haurrek izaten dute neandertalaren antzeko garapena. Horrek agerian utzi du neandertalen garunak Homo sapiens-enak baino denbora gehiago behar izaten zuela guztiz garatzeko.

Nanoteknologia

Oso gutxi dira erabili daitezkeen aleazio metalikoak, materiala zartatzen joatea eragiten baitute 3D inpresioaren fusio- eta solidifikazio-dinamikek. Baina zientzialariek arazo hori konpontzea lortu dute. Nola? Metala geruzaz geruza gehitzeko prozesuan solidifikazioa kontrolatzen duten nanopartikulak sartuta. Hidrogenoz egonkortutako zirkonio-nanopartikulak erabili dituzte, kasu honetan erresistentzia handiko aluminio-aleazioak estaltzeko. Horrekin frogatu dute nanopartikulen laguntzaz inprimatutako piezak ez direla zartatzen, eta forjaz sortutako materialen pareko sendotasuna dutela.

Fisika

DIPCko eta UPV/EHUko fisikariek, Alemaniako zenbait unibertsitatetako zientzialariekin batera, elektroien igorpena zehatz-mehatz kronometratzea lortu dute lehenengo aldiz. Horretaz gain, azaldu dute, eta hau oso harrigarria da, zergatik elektroirik bizkorrenak azkenak iristen diren detektagailura. Ikertzaileek adierazi dute puntako ekipo esperimental hauek fisikaren muga berri batera garamatzatela: attosegundoen mundura, hau da, segundo baten trilioirenen mundura.

Ingurumena

Itsas garraioaren eta tximista kopuruaren arteko harremana dagoela iradoki dute. Katrina Virts ikertzailea dago horren atzean, beste batzuen artean. Doktoretza ondorengo ikerketa egiten ari zela, mundu mailako tximisten erregistroak aztertzeari ekin zion. Hori egiten zegoela, Indiako Ozeanoan zehar zabaltzen zen tximisten marra ia zuzena ikusi zuen mapan, eta atentzioa eman zion. Misterioa argitu dute: itsasontziak dira errudunak. Funtsean, tximisten mapa eta itsasontzien mapa elkartzean ikusi dute harremana, zientzialariek beraiek aitortu dutenez. “Bi mapa horiek parean jarrita, bistan zegoen itsasontziek harremana izan behar zutela tximisten sorrerarekin”, nabarmendu du ikerketaren egile nagusi Joel Thorntonek.

Kimika

Larrialdi nuklearreko kasuetarako proposatutako metodo bat egokitu du UPV/EHUk errutinazko ingurumen-azterketetan integratzeko. Ikerketan, neurketa esperimentalak eta zenbakizko simulazioak egin dituzte. Raquel Idoeta doktorearen arabera, metodo azkarra da, errendimendu ona du, eta metodoa egokitzea erlatiboki erraza eta ekonomikoa da. Edozein ingurumen-laborategirentzat baliagarria metodo hau eta ez du arazorik izango integratzeko, baldin eta beta partikulak detektatzeko ekipamendua badu edo estrontzio-determinazioak egiten baditu.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>