Natacha Aguilar: Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kanaria Uharteetan Ziphiidade familiako kide asko, hau da moko-bale asko gelditzen ziren hondartzan mugitu ezinik, herrialde horretan ur azpiko sonar militarrak erabiltzen zirelako. Sakonera handitan urpekoak detektatzeko erabiltzen da teknika hau, soinuak uretan zehar hedatzen den neurrian.

2003.ean, Palmako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen. Bertan egiaztatu zen zetazeoen heriotza eta sonarren arteko lotura, eta 2004.ean, Gobernu Espainiarrak moratoria bat ezarri zion sonarren erabilerari: 12 mila nautiko Kanaria inguruan, moko-baleak hobeto kontserbatzeko. Ordutik hona, ez da hainbeste moko-balerik hilik aurkitu.

Natacha Aguilar ikertzaileak ondo daki kontserbazio-biologia zeinen garrantzitsua den, eta zehazki moko-baleen kontuak zein garrantzi daukan. Zetazeoetan eta itsas akustikan aditua da BIOECOMAC ikerketa taldean, La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

Natacha Aguilar
1. irudia: Natacha Aguilar itsas biologoa da, eta zetazeoetan eta itsas bioakustikan ikertzen ari da La Lagunako (Tenerife) Unibertsitatean.

Moko-baleek zetazeo familia bat osatzen dute. Sakonera handiko uretan bizi dira ozeanoetan. Aguilarrek Naukasen bigarren jardunaldian azaldu zigun nekez ikusten direla moko-baleak ur-azalean, eta animalia misteriotsuak direla. Tamaina ertaineko itsas ugaztunak dira eta urpeko igeriketa benetan izugarriak egiten dituzte. Katxaloteak baino miresgarriagoak, zeren eta nahiko dute ur-azalean bi minutu egotea, gero ur azpian bi ordu egon ahal izateko beste oxigenoa hartzeko.

Behin uretan murgilduta, gutxi gorabehera 500 m-ra daudelarik, ekolokalizazio-klaskak egiten hasten dira. Izan ere, sonar hori saguzarren eta zetazeoen eboluzio-ildoetan garatu da bata bestearekiko beregain. Berari esker, harrapakin egokia lokalizatzen dute. Behin lokalizatuta, klaskak azkar igortzen hasten dira bere harrapakariari gertutik jarraitzeko, eta azkenean harrapatzeko.

2. irudia: Moko-balea edo Cuvier balea. (Argazkia: Circe)

Sakonera handikoak diren urpeko igeriketa horien artean, moko-baleek urperaldi laburragoak egiten dituzte errekuperatzeko, 400 m-raino 10-20 minutuan. Horrelakoen artean, bi minutu besterik ez dute ematen ur-azalean. Tarte hauetan jartzen dute Natacha eta laguntzaileek sakelako telefonoen antzeko gailu bat moko-baleen bizkarrean bentosa baten bidez: DTAG gailua.

DTAG gailuak zetazeoen mugimenduen eta portaeraren datu zehatzak lortzen ditu. Datuen artean, urpeko igeriketaren sakonera, iraupena edo buztanaren mugimenduen maiztasuna, estimuluek eragindako erreakzioak, komunikazio akustikoa edota tasa metabolikoa bezalako datu fisiologikoak biltzen ditu gailuak. “ Egun St Andrews (Eskozia), Aarhus (Danimarka) eta Moss Landing Instituterekin (EEBB) lanean dihardugu moko-baleen frekuentzia kardiakoa antzemateko lanean”, dio Natachak.

Moko-baleak, gainontzeko zetazeoen antzera, kontserbazio neurriak behar dituzten babestutako espezieak dira. Bizitza luzeko animaliak dira, “K” estrategia dutenak, hau da, ugalketa erritmo baxua dute eta izaten duten kume apurren zaintzaz arduratzen dira. “Animalia bat galtzen den uneak garrantzia du”, eta “itsasoko misterioekin asko disfrutatzen dugu, beraz, hauek zaintzea beharrezkoa dugu. Espezie bakoitza bakarra da eta ezinezkoa izango du haren burua mantentzea itsasoko habitata hondatzen badugu gure jarduerarekin”, baieztatzen du Natachak.

Espezie guztiak giza jardueraren eraginetik babestearen garrantzia azpimarratu zuen Natacha Aguilar ikertzaileak. Horrez gain, kontserbazio-biologiaren garrantzia azpimarratu zuen ikertzaileak Naukas zientzia-dibulgazio ekitaldian. Gainontzeko zetazeoen antzera, moko-baleek plastikoak itsasoan eragin duen kutsadura pairatzen dute. Izan ere, duela gutxi Norvegian urdailean plastikozko 30 poltsa zituen ale bat hilik aurkitu zuten. Honek mobilizazio soziala eta SKY TVko dokumentala ekarri zituen. Dokumentalean ULLko talde batek lan egin zuen.

Horretxegatik da hain garrantzitsua kontserbazio-biologia izeneko hori. Diziplina arteko zientzia honetan kontuan hartzen dira bioaniztasunaren eta habitataren ezaugarriak, bai eta gizakiaren eta beste animalien arteko harremanen ezaugarriak ere.

Funtsean, planetako bioaniztasun hori babestea du helburu zientzia honek, eta Natachak dio horretarako behar-beharrezkoa dela giza jarduerak eta fauna eta floraren beharrak elkarrekin batera aztertzea. “Planeta bakarra dugu, eta gero gizaki gehiago gaude bertan. Erantzukizun handia daukagu beste animaliekiko eta ondo egin behar ditugu gauzak”.

3. irudia: Moko-baleen urpeko igeriketaren perfila.

Kontserbazio-biologiaren esku, ingurumen esparruan hainbat neurri hartu dira, giza jarduerek ahalik eta gutxien eragin diezaioten bioaniztasunari. Horrela, ildo horretako teknologiak garatu dira, ondar gutxiago sortzeko, energia gutxiago kontsumitzeko, eta oro har ahalik eta eraginkorren jokatzeko.

Oso adibide garrantzitsua da Zeelanda Berria edo Nigeria bezalako herrialdeena. Bertako itsas hondo sakonetako meatzaritzari murriztapenak ezartzen ari dira, zeren eta nodulu ferromagnetikoak eta mineral anitzeko zarakarrak ateratzen direlarik, deuseztatu egiten dira zenbait bizidun-komunitate, milaka urtean garatu direnak.

Natachak ondo daki kontserbazio-biologia funtsezkoa dela eta hala berretsi zuen Naukasen bigarren jardunaldiak egin zitzaion elkarrizketan. “Giza jarduerek gero eta gehiago eragiten diete ozeanoen eta itsasoen hondo sakonei, eta neurri zorrotzak ezarri behar ditugu hondo horiek babesteko. Alegia, erantzukizuneko animaliak gara. Planeta orekan egon dadin, itsasoa orekatu behar dugu”, berresten du adituak.


Egileaz: Iraide Olalde kazetaria da GUK komunikazio-agentzian, eta parte hartzen du UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedran.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.