Maryam Mirzakhani, emakumea, matematikaria, irandarra, saritua

Javier Duoandikoetxea

Minbiziak eraman zuen joan den uztailean Maryam Mirzakhani, berrogei urteko matematikaria, Fields domina irabazi duen emakume bakarra.

1. irudia: Maryam Mirzakhani (1977-2017) matematikariak Fields domina jaso zuen 2014an. Saria irabazi duen emakume bakarra.

Fields domina sari ospetsua da matematikan. Nobel sariaren parean jarri bada ere, badu haren aldean berezitasun bat: berrogei urtetik beherakoei bakarrik ematen zaie. 1936ko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan eman ziren lehen aldiz sariak eta bi izan ziren. Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondotik, 1950etik aurrera lau urterik behin egiten diren kongresu horietan banatzen dira dominak. Hasieran sari bi ziren kongresu bakoitzean; 1966tik aurrera bi eta lau artean izaten dira sarituak. 2010era arte 52 matematikari ziren Fields dominaren irabazleak, denak gizonak. 2014an azaldu zen lehen aldiz emakume bat sarituen artean, Maryam Mirzakhani irandarra; beste hirurak gizonezkoak ziren.

Matematikarako grina

Maryam Mirzakhani Teheranen jaio zen 1977an, artean Persiako xah Reza Phalavi agintean zela. Haur txikia zen xah kanporatu eta Iran islamiar errepublika bihurtu zuten aldaketa politikoak gertatu zirenean. Umetan bizi izan zuen halaber Iraken aurkako zortzi urteko gerra izugarria (1980-1988), milioi bat hildako eragin omen zuena. Bitartean, Maryamek lehen mailako ikasketak egin zituen eta, horiek bukatuta, bigarren mailakoei Farzanegan eskolan ekin zien. Eskola hori eliteko zentroa zen, neskentzat, eta sarrera-probak gainditu behar ziren onartua izateko.

Zentro berean jarraitu zuen hurrengo mailan ere, eta ordurako matematikarako trebezia erakutsia zuen. Olinpiada matematikoetan parte hartzeko mutilei eskaintzen zitzaien moduko prestakuntza berezia eskatu zuen Roya Beheshti lagunarekin batera, baita lortu ere. Lagun biak izan ziren Irango ekipoko kide 1994ko Nazioarteko Olinpiada Matematikoan. Lehen aldia zen emakumeak zeudela Irango ordezkarien artean. Gainera, Mirzakhanik urrezko dominetako bat eskuratu zuen eta Beheshtik zilarrezkoa. Hurrengo urtean ere Mirzakhanik urrea eskuratu zuen, gehienezko puntuazioa lortuta [1].

2. irudia: Maryam Mirzakhani (1977-2017) matematikaria lanean, zirriborroak egiten. Haren esanetan: “Norbaitek buruketa matematiko zail bati bueltak ematen dizkionean eta ez dituenean xehetasun guztiak idatzi nahi, zirrimarrak eginez problemarekin bat egitea lor daiteke”. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Teherango Sharif Unibertsitatean egin zuen matematikako karrera eta 1999an graduatu zen. Urtebete lehenago gertaera latz bat bizi izan zuen. Unibertsitateko ikaslerik onenak matematikako lehiaketa batera eraman zituzten Ahwaz hirira. Handik Teheranera bueltan zetozela, autobusak istripu bat izan zuen eta amildu egin zen. Zazpi gazte eta autobuseko gidari biak hil ziren. Mirzakhani eta Beheshti bizirik irten ziren.

Tesia egitera Estatu Batuetara jo zuen, Harvard unibertsitate ospetsura, hain zuzen. Curtis McMullen izan zen Mirzakhaniren tesi-zuzendaria. Aurreko urtean, 1998an, McMullen bera izan zen Fields dominaren irabazleetako bat. Mirzakhanik 2004an eskuratu zuen doktore titulua Harvarden, tesi bikain bat eginda, eta, ondoren, beste unibertsitate famatu batera joan zen, Princetonera, non irakasle laguntzailea izateaz gain, Clay Fundazioaren doktorego ondoko beka ospetsua ere izan baitzuen. Berriro nabarmendu zen ikerketan eta 2008an Stanford Unibertsitateak irakasle (Professor) izendatu zuen. Estatu Batuetan matematikarako dauden unibertsitate onenetatik pasatu zen Mirzakhani. Sariak ere eskuratu zituen: Blumenthal saria (2009) doktore tesiagatik, Ruth Lyttle Satter saria (2013), eta esan dugun moduan, Fields domina (2014).

Fields domina eskuratzen lehen emakumea

Haren lan matematikoa geometria eta sistema dinamikoen arloetan kokatzen da. Ibilbide arrakastatsua izan zuen tesia egin zuenetik, baina jorratzen zituen arloetatik kanpo ez zen horren ezaguna, ezta beste arloetako matematikarien artean ere. Halako batean, denok ezagutu genuen, Fields domina eman ziotenean. Orduan ikasi genuen haren izena, jakin genuen zelako bizitza izan zuen eta zer ziren saria eskuratzera eroan zuten lanak [2].

3. irudia: 2014an Seulen Fields dominaren emate ekitaldia. Bertan, Maryam Mirzakhani matematikaria Hego Koreako Park Geun-hye presidentea eta Nazioarteko Matematika Elkarteko presidentea, Ingrid Daubechiesen artean. (Argazkia: Seoul ICM 2014 – International Congress of Mathematicians)

Domina eskuratu baino urtebete lehenago aldatu zen Mirzakhaniren bizitza: bularreko minbizia antzeman zioten. Hain zuzen, minbiziaren aurkako tratamenduan zela hartu zuen saritua izango zenaren berri eta domina hartzera ez joatekotan egon zen. Nazioarteko Matematika Elkarteko presidentea ere emakumea zen, Ingrid Daubechies belgikarra, eta ahalegin berezia egin zuen emakume batek Fields domina eskuratzen zuen lehen aldi hura zuzenean gerta zedin. Baita lortu ere, Mirzakhani Seulen izan zen kongresuaren hasierako zeremonian eta han hartu zuen saria Hego Koreako presidentearen eskutik, hura ere emakumea. Beste partaideen eta hedabideen presiotik libratzeko emakume batzuek babes-talde bat antolatu zuten Mirzakhaniren inguruan.

Irango emakumeek, lege islamikoari jarraituz, burua estalita eraman behar dute. Mirzakhanik ez zuen hijaba erabiltzen bizitza arruntean, Irandik kanpo bizi baitzen, eta horrela agertzen da argazki gehienetan. 2014ko abuztuan, Mirzakhani zoriontzeko idatzi zuen txioan, Hassan Rohani Irango presidenteak argazki bi ipini zituen, batean burua estalita agertzen zen eta bestean ez. Harrigarria egin zitzaien askori Irango presidenteak halako tabu bat apurtu izana hijab gabeko argazkia zabaltzean.

Uda honetan ere, hil eta gero, Irango hedabide batzuek buru-has erakutsi dute Mirzakhani eta halaxe agertu zen haren memorian Teheranen egin zen zeremonia erlijiosoaren atariko argazkian ere.

4. irudia: Maryam Mirzakhani 2017ko uztailaren 20an agurtu zuten Teheranen zeremonia erlijioso batekin. Ekitaldia egin zen egoitzako sarreran Maryamen irudia jarri zuten, buru hutsik agertzen zen. (Argazkia: Kimia Nik / Isna Photo)

Garai hauetan, neska gazteak zientziara bultzatzeko ekimenak asko dira. Beti aipatzen da eredu falta, zientzialariaren eredu tipikoa gizonezkoa baita. Emakume matematikarien kasuan, esaterako, historian egon diren apur batzuk aipatzen dira, baina ez da ohikoa gaur egungo adibideak jartzea. Fields domina lortzen zuen lehen emakumea izanda, bazirudien Mirzakhani oso egokia zela eredu moderno modura agertzeko. Horren adibide dira Women in Science liburuko protagonisten artean sartu izana, baita emakume zientzialariei buruzko karta joko batean ere. Domina eskuratu zuenean mundu guztiko hainbat hedabidetan agertu bazen, haren heriotzaren berri are leku gehiagotan ikusi ahal izan dugu [3].

Ingrid Daubechies matematikariaren hitzak irakurri genituen 2014ko abuztuaren 13ko Berrian:

“Albiste bikaina da. Emakumeak oraindik ez daude nahikoa presente ikerketa matematikoan, eta Mirzakhani eredu bat da, emakume gehiago lehen postuetara erakartzeko”.

5. irudia: 2018 Women in Science egutegiko urtarrileko orria. (Ilustrazioa: Rachel Ignotofsky)

Beste emakume matematikari batzuentzat ere eredugarri zen: “she became an instant legend [saria eman ziotenean]”, dio Izabella Laba poloniarrak. Izan dadila, beraz, Maryam Mirzakhani matematikari irandar handia zientziara bideratuko diren neska gazteentzako eredu. Baina askoz gehiago emango ziokeen matematikari eta emakumeek zientzian duten lekuari, herioak tamalez hain gazterik eraman izan ez balu.

Oharrak:

[1] Nazioarteko Olinpiada Matematikoan sei problema jartzen dira eta bakoitzak zazpi puntu balio ditu. Herrialde bakoitzak gehienez sei partaideko ekipoa aurkez dezake. 1994an 30 urrezko domina eman zituzten, 40 puntutik gorakoentzat (Mirzakhanik 41 lortu zituen); 385 partaidetatik 25 ziren emakumeak. 1995ean ere 30 urrezko domina eman zituzten, 37 puntutik gorakoentzat (Mirzakhanik 42 lortu zituen); 412 partaidetatik 26 ziren emakumeak. Aurtengo 615 partaidetatik 62 izan dira emakumeak eta 48 urrezko domina eman dituzte, 25 puntutik gorakoentzat. Iturria: https://www.imo-official.org/.

[2] Orain leku askotan aurki daiteke informazio hori. Esate baterako, web orri hauetan: 1, 2, 3.

[3] Ingelesezko Wikipediako artikuluaren erreferentzietan daude horietako askoren estekak.

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>