Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak

Juanma Gallego

Gorputzarekiko atsekabearen jatorrian hedabideen eragina dagoela dioen sinesmena zabalduta dago, bai gizartean zein arlo akademikoan. Halere, ideia hori babesten duen froga nahikorik ez dagoela aldarrikatzen du ikertzaile batek.

Kontrakoa dirudien arren, uste baino zailagoa da jendea manipulatzea. Batez ere, Gerra Hotzaren garaian argi geratu zen hori. Koreako Gerran (1950-1953), Erresuma Batuko eta AEBetako zenbait soldadu gatibu kapitalismoaren kontrako gutun sutsuak idazten hasi ziren. Nola lortu zuten ba komunistek gazte abertzale horiek hain modu errazean doktrinatzea? Ondorengo ikerketek eman zuten erantzuna: egiatan, ez zuten lortu; edo, hobeto esanda, pertsuasioaren mirari magikorik erabili gabe lortu zuten. James A. C. Brown psikiatrak Techniques of Persuasion. From propaganda to brainwashing liburuan zehazten duenez, komunismoa besarkatu zuten gehienek aldez aurretik ideia komunista edo sozialistak zituzten. Herrialde komunista batean preso egotea izan zen, hain zuzen, ideia horiek garatzeko bidea eman ziena.

Ondorengo urteetan ere CIAk diru eta baliabide mordoa xahutu zituen MK-ULTRA bezalako programetan arerioei “garuna garbitzeko” modua aurkitu nahian. Beste behin ere, alferrikakoak izan ziren ahalegin horiek guztiak.

1. irudia: Hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuak anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri direla zabalduta dago. (Argazkia: Raphael Ferraz / Unsplash)

Antzeko ahalmen ia miraritsuak lepora zaizkie askotan hedabideei. Horiek omen dira besteak guk ez bezala pentsatzera eramaten dituzten errudunak. Ideia horren haritik, denetariko teoriak mahai gainean jarri dira, eta horietako batzuek ñabardura garrantzitsuak egin dituzte. Agian ezagunena Joseph T. Klapper ikertzaileak bultzatutakoa da: errefortzuaren teoriaren arabera, hedabideek aldez aurretik finkatutako iritziak indartzen dituzte; baina, berez, ez dituzte aldarazten.

Elikadura asalduren arlora etorrita ere, antzeko planteamenduak sustraituta daude. Ez soilik herri irudimenean, akademian ere. Horren arabera, hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuek anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri omen dira; edo, gutxienez, eragile garrantzitsuak dira. Argudio hori kolokan jarri duen Christopher J. Ferguson ikertzailearen planteamendua ekarri dugu gurera, eztabaida piztuko duelakoan.

“Hedabideen eraginari buruzko arlo gehienetan gertatu ohi den bezala, datuetara begiratuz, jabetzen gara egia konplexua dela”, dio psikologo honek. Beste bi ikertzailerekin batera, Review of General Psychology aldizkarian 2011n argitaratutako artikulu batean azaldu zuen planteamendua Texas A&M Nazioarteko Unibertsitateko psikologoak. Bestetik, iaz Huffington Post egunkari digitalean argitaratutako artikulu batean planteamendua era informalagoan babestu zuen. Azken honetan dioenez, komunikazioaren psikologiaren alorreko “behi sakratua” izan da gaia.

Nerbiotako anorexia eta bulimia hartu dituzte ikerketaren abiapuntutzat. Eskaini dituzten datuen arabera, maila batean edo bestean, mendebaldeko gizarteetan, emakumeen %40-50 inguruk izaten du norbere gorputzarekiko atsekabea, eta horrek elikadura asaldura eragin dezake.

Arazo hauen jatorrian hedabideetan azaldutako irudiak daudela suposatutzat eman da. APA Amerikako Psikologia Elkarteak 2007an argitaratutako txosten bat jarri dute adibidetzat. Bertan ondorioztatu zuten hedabideek rol garrantzitsua betetzen zutela neskek izaten zuten atsekabeak azaltzeko.

2008an eta 2013an egindako bi meta analisi aipatzen ditu bere argudioak babesteko. Hurrenez hurren, ehun bat eta berrehun bat ikerketa berrikusi ziren meta-analisi horietan. Gaiaren bueltan landutako literaturaren analisitik ateratako ondorioa honela laburbildu du egileak: “Hedabideetako eraginak txikiak eta idiosinkratikoak izan ohi dira, eta aurretiaz gorputzarekiko kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“.

Adinkideak, gako

Psikologoek ikerketa artikuluan diotenez, hedabideek duten eraginari buruzko ikerketa ugari egin dira, baina askoz gutxiago izan dira adinkideen eragina aztertu duten ikerketak. Hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke abiapuntua. “Adinkideek atsekabean eragin dezaketela onartu duten ikertzaileak badaude ere, gorputzari buruzko irudiaz izan den literaturak hedabideetan fokalizatuta jarraitzen du”.

2. irudia: Ferguson psikologoaren arabera, hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke elikadura asalduren abiapuntua. (Argazkia: Katy Belcher/ Unsplash)

Ikuspuntu ebolutibo batetik aztertu dute gaia. Izan ere, egileen ustez, indar soziokulturalek emakumeen arteko lehia hauspotzen dute, eta lehia horrek gorputzarekiko atsekabean eragiten du. Hautespen sexualaren teoria baliatu dute egoera azaltzeko. Jatorrian, biologiaren teoria ezagunaren lehia intra-sexuala eta inter-sexuala leudeke atzean.

Hitzezko iruzkinak eta konparaketak, edertasun arauen komunikazioa edota edertasunean oinarritutako norberaren balioaren atribuzioa aipatu dituzte arrazoi gisa. “Bikotea eskuratzeko lehiak gidatzen ditu sozializazio prozesu hauek”. Argaltasuna mendebaldeko gizarteetan balio estetiko gisa sustraituta badago ere, hau ez da berdin izaten kultura eta garai guztietan. Kasu horietan, andreek pisu gehiago edukitzeak adierazten zuen janaria eskuratzeko baliabide gehiago zituztela, eta, ondorioz, ugalketarako arrakasta aukera gehiago zeudela.

Bereziki anorexiaren kasuan, genetikaren eragina handia izan daitekeela diote, beste asaldura mota batzuetan inguruneak indar gehiago duen bitartean. Halere, psikologiaren ikuspuntutik landutako artikulua izanda, ez dute sakondu gaian, lotura hori “konplexua” dela esanez.

Gai honetan ere errua hedabideei leporatzea ohikoa da. “Ikerketak erakutsi du gizakiak askotan ez direla gai beren portaeraren zioak bereizteko, eta kultur narratibetara jotzen dutela beraien portaera eta besteena azaltzen saiatzeko”. Bestalde, modu honetan “gaizkile argi” bat lortzen da, hedabideak kopla-buruko gisa hartuta.

Froga bezala, Iraneko emakumeekin egindako ikerketa bat aipatu dute. Bertan AEBtan eta Iranen bizi ziren andreen elikadura asaldurak alderatu ziren, baina aparteko desberdintasunik ez zuten topatu. “Hau garrantzitsua da, Iranek Mendebaldeko hedabideak debekatu dituelako 1979tik, eta beloarekin edo soingainekoarekin gorputzak babestera behartzen ditu emakumeak”.

Alborapen ideologikoak

Egin diren zenbait hurbilketaren kritika zorrotza ere egin dute, haien abiapuntu beratik alborapena dutelako. “Zenbait ikerketatan, asmoa hain da agerikoa, ezen nahiko argi baitago parte-hartzaileek benetako erantzunak aldatu dituztela, ikertzaileei nahi dutena emateko”.

Gainera, halako ikerketatan bestelako akatsak ere aurkitu dituzte. Adibidez, maila berean jarri izan dira hedabideetan agertzen diren “emakume argal erakargarriak” eta “batez besteko pisua duten emakume erakargarriak”. Aldagai horiek guztiek elikadura asaldurekin lotu dira, argaltasuna bereizi gabe.

Bestetik, asaldura hauek arraroak direla aipatu dute (AEBtako datuei erreparatuz, anorexiaren kasuan, %0.4koa da prebalentzia; bulimiaren kasuan, %1-1.5ekoa), eta horrek zailtasunak dakartza parte-hartzaileen kopuru esanguratsuak lortzeko. Argitalpenei lotutako alborapena ere iradoki dute, zientzian ohikoa den arazo batean oinarrituta: aldizkariak aldagaien arteko loturak frogatzen dituzten ikerketak argitaratzea nahiago dute, eta ez, horrenbeste, loturarik eza frogatzen duten ikerketak.

Amanda J. Holmstrom ikertzailearen zuhurtzia aipatzen dute ere. “Badirudi emakume argalen irudiak ikustearen eragina etxeak edo lorategiak ikustearen parekoa dela: hutsa”.

Fergusonek argi utzi du bere jarrera, moralitatea eta errealitatea bereizi behar direla aldarrikatuz. “Ez dut zalantzarik: argaltasunari buruz hedabideek zabaltzen duten ideala zakarra eta askotan moralki arbuiagarria da”. Hala ere, “komunikazioaren psikologiari askotan zaila egiten zaio moralitatea eta datu onak bereiztea”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Christopher J. Ferguson et al. Who Is the Fairest One of All? How Evolution Guides Peer and Media Influences on Female Body Dissatisfaction. Review of General Psychology 2011 , Vol. 15, No. 1, 11–28 DOI: 10.1037/a002260

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #180 - Zientzia Kaiera

[…] kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“. Datu guztiak: Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>