Kakalardo bonba-jaurtitzailea

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

Carabidae familiakoak ditugu beren babes kimikorako mekanismoa dela eta izen xelebre hau hartzen duten 500 intsektu-espezietik gorako taldeko kideak. Zerbaitek, normalean apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egingo diela antzematen dutenean, kakalardo hauek narritagarria den esprai kimikoa jaurtitzen diote etsaiari. Babes-modua bera deigarria bada ere, are harrigarriagoa da jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa izatea; beraz, oso arma indartsua da ia edozein harraparirentzat.

Kakalardo bonba-jaurtitzaileak 100ºC-tik gorako esprai kimikoa jaurtitzen du mehatxatuta dagoenean. Iturria: KQED San Francisco telebista publikoa.

Nola ekoizten dute horren kaltegarria izan daitekeen konposatu hori? Eta nola lortu dute eurei kalterik ez eragitea?

Kontua oso konplexua da, eta horrexegatik erabili izan dute adibide modura kreazionismoaren eta diseinu adimendunaren aldekoek, horren konplexua den zerbait hautespen naturalez ezin gara daitekeela azaltzeko. Utz ditzagun funts zientifikorik gabeko kontu hauek alde batera eta azter dezagun eraso kimiko honen oinarrian dagoena.

Kakalardo hauen sabelaren atzealdeko muturrean kokatzen diren guruin berezietan ekoizten da aerosol babesgarria. Espraia jaurtitzen dutenean, laino bat bezala ikus daiteke, eta leherketak hots berezia eta entzuteko modukoa sortzen du.

Bi ganbarek osatzen dituzte sekrezio-guruin berezi hauek: ganbara handienean, barrurago kokatzen dena, animaliaren bi guruin berezitutan ekoitzitako hidrokinona eta hidrogeno peroxidoa nahasten dira; kanporago kokatzen den ganbara txikiagoan, berriz, epitelioko zelulek jariatzen dituzten katalasaz eta peroxidasaz osatutako nahaste entzimatiko bat dago. Hidrokinona intsektu askoren metabolismoaren produktuetako bat da, kitinaren sintesian erabiltzen dena, eta hidrogeno peroxidoa, bestalde, denok ezaguna dugun ur oxigenatua da.

Intsektu hauek mehatxua hautematen dutenean, zenbait muskulu uzkurtuz ganbara handiko likidoa ganbara txikiagoan sarrarazten dute, eta orduan gertatzen da leherketa, hidrogeno peroxidoa bat-batean hidrolizatzen hasten delako eta hidrokinonak oxidatzen, oso erreakzio bortitza eraginez, non bero kantitate handiak askatzen diren. Sortutako gasen presioaren eraginez, alde batetik ganbara handiko balbula itxita mantentzen da, eta horrela babestuta gelditzen, eta bestetik nahaste erasotzailea esprai fin bat bezala kanporatzen da beste balbula batetik. Ateratzen den benzokinona eta lurrunaren nahasteak erre egiten du, uraren irakite-puntuaren tenperaturaren ingurura heltzen baita, eta normalean harrapariak uxatu egiten ditu.

Kakalardoek hainbat aldiz erakuts dezakete babes-erantzun hau eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezaketela ikusi da, harrapariaren mugimenduen arabera eraso kimikoaren norabidea aldatuz. Afrikako zenbait kakalardo bonba-jaurtitzailek 270 graduko errotazio-ahalmena dute, eta, beraz, guruinaren irekitze-gunea ia edonorantz bideratu dezakete.

Animalia hauek erabiltzen duten lehertze-mekanismoa hain da eraginkorra, ezen 2004 urtean Leeds-eko Unibertsitatean 135.000 liberako finantziazioa jaso zuen proiektu bat abiatu baitzen, animalia hauen konbustio-mekanismoak industria aeronautikoan izan ditzakeen aplikazioak aztertuko dituena. «Learning from controlled explotions in nature: modelling the catalytic explosion device of bombardier beetles» da ikerketa-lanaren izena, eta gero eta gehiago garatzen ari den biomimetikaren arloan sakonduko du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>