Kakalardo ehorzlearen alde iluna

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira

———————————————————————————————————–

David Sloan Wilson biologo ezagunak interesgarria iruditu zaigun istorio bat azaldu du bere Evolution for Everyone (2007) arrakasta handiko liburuan. Nicrophorus generoko kakalardo bat da protagonista. Ingelesez, burying beetle esaten diote; kakalardo ehorzle izena eman diogu guk. Sarraskia jaten du, saguak edo habiatik erortzen diren txitak bezalako animalia txikien gorpuak baliatzen ditu. Kakalardo hauek bikotea egiten dute eta elkarrekin jarduten dute kumeak zaintzen.

Irudia: Nicrophorus vespillok sarraskia erabiltzen du janari gisa. (Irudia: James K. Lindsey).

Maneia dezaketen tamainako gorpu bat aurkitzen dutenean, arrastaka eramaten dute komeni zaien toki batera, lurpeko ganbara batera gehienetan. Maneiatzeko modukoa izateak ez du esan nahi txikia izan behar duenik, haiek baino askoz handiagoa izan baitaiteke. Gorpua ganbaran utzi ondoren, emeak alboan arrautzak erruten ditu eta, ondoren, gorpua prestatzen jarduten du bikoteak. Neketsua da prestatze-lana; ilerik edo lumarik edukiz gero, kendu egiten dizkiote; bueltak eta bueltak ematen dizkiote forma ahalik eta esferikoena emateko eta eurek sorturiko jariakin batez estaltzen dute. Jariakin hori mikrobioen aurkakoa da eta usteltzea saihesten du. Etengabe zaindu behar dute gorpua, bestela berehala beteko litzateke azala onddoz eta bakterioz .

Larbak arrautzetatik ateratzen direnean, gurasoek deitu egiten dituzte gorpura hurbil daitezen. Kilkerren kantuaren antzeko soinu bat erabiltzen dute horretarako. Hasiera batean, gurasoek erdi digeritua duten janaria berriz ere ahora eramanez elikatzen dituzte larba gazteak, eta geroago, euren kabuz digeritzeko gai direnean, gorpuaren hondakinak jaten dituzte, hezurrak baino gelditzen ez diren arte. Gero, lurrean zuloak egin eta zulo horietatik irteten dira kanpora animalia helduak egiteko. Une horretan, alde egiten dute gurasoek, nork bere aldetik, beste gorpu baten bila.

Wilsonek berak dioen bezala, istorio samur samarra izango litzateke hau, alde ilun bat ez balu. Oso tamaina desberdinekoak izan daitezke kakalardoek aurkitzen dituzten gorpuak; hortaz, batzuek janari gehiago ematen dute besteek baino. Horren aurrean, animalien artean oso arrunta den jokabidea erakusten dute gurasoek, kumeen kopuruarekin jokatzea, alegia. Espezie gehienek errunaldiaren tamaina aldatzen dute janari baliabideen arabera, baina kakalardo ehorzle hauek beste era batera egiten dute: kume-hilketara jotzen dute. Larba batzuk elikatzen dituzten artean beste batzuk jan egiten dituzte, larben kopurua gorpuaren tamainaren arabera egokitu arte.

Ankertzat har liteke jokaera hori kontua ikuspuntu antropozentriko batetik aztertuko balitz, baina horrela, hiltzen ez dituzten larben biziraupena bermatzen da. Bestela, larba guztien hazkundea eta garapena mugatuta geratuko lirateke eta, beraz, baita haien biziraupena bera ere. Hortaz, baliabideak urriak direnean larba batzuen garapena eta biziraupena bermatzera jotzen dute larba guztiak arriskuan jarri beharrean. Ikusi dugun jokaera hau ez da inondik ere salbuespen bat, naturan kumeak hiltzea oso arrunta baita, eta, gehienetan, ugaltze-estrategia baten osagaietako bat da.

Sarrerako atalean esan bezala, haztea eta ugaltzea dira animaliek bete beharreko “agindua”. Izan ere, hurrengo belaunaldiei helarazten dizkien geneen kopien kopurua da animalia baten arrakastaren neurria. Horixe da hemen ikusi dugun ugaltze-jokabidea ulertzeko testuingurua. Kakalardo ehorzlearen ugaltze-jokabidea gupidagabetzat har dezakegu, baina belaunaldiz belaunaldi horixe izan da kumeen arrakasta ahalbidetu duena. Horixe baita helburua; ez dezagun bistatik galdu.

Mikel Laboa zenaren azken diskoan, François Coppée poeta parnasianoaren poema bat dago. Musika Mikel Laboarena eta Iñaki Salvadorrena da, baina poema Bernardo Atxagak errezitatzen du. Honela dio:

Arratsean, suaren ondoan, askotan etorri izan zait gogora
txori baten heriotza, nonbait, basoetan.
Negu geldoaren egun goibeletako,
habia huts gaixoak, habia abandonatuak,
haizearekin kulunka burdinezko zeru grisean.
Ai! Txorien hil-beharra neguan!
Helduko da, halere, bioleten sasoia
eta ez dugu haien hexurrik aurkituko
apirileko belardietan paseoan gabiltzala.
Gorde egiten al dira txoriak hiltzeko?

Coppée-ren azken galderari erantzun diezaiokegu orain. Orain badakigu txoriak ez direla gordetzen hiltzeko; kakalardo ehorzleak edo horien antzeko zeregina betetzen duten beste animalia batzuk arduratzen dira txorien aztarnak basotik ezkutatzeaz.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>