Askori gertatu zaigu diru-papera praketan ahaztuta utzita garbigailuan sartu izana. Baita deskuidu batean billete gainera edaria erortzea edota hainbeste aldiz tolestearen ondorioz apurtzea, eta zelo pixka batekin konpontzen saiatzea. Baina badago hau guztia jasan dezakeen diru-papera: polimerozko diru-papera hain zuzen ere.
Europan ingelesak dira diru-paper arruntaren ordez polimeroak erabili dituzten azkenak: Ingalaterrako bankuak 2016ko irailean atera zuen 5 librako diru-papera eta urte bat beranduago 10ekoa. 2020.ean 20 librako diru-papera ateratzea espero dute. Polimerozko-diru paperak XXI. mendeko kontua diruditen arren plastikozko lehenengo billeteak 80ko hamarkadan garatu ziren. Garai horretan polietileno zuntzez eginiko diru–papera garatu zuen DuPont etxeak Tyvek izenarekin, baina ez zuen arrakasta handirik izan, tinta galtzen zuelako eta erraz puskatzen zelako. Costa Rican, Haitin eta Man islan erabili ziren. Arrakasta gehiago izan zuten Australian 1988an kaleratu ziren polimerozko diru–paperek. Hain zuzen ere, 1967an kalitate altuko 10 $ko diru-paper faltsuak aurkitu zituzten eta Australiako Banku Erreserbak uste zuen koloretako fotokopiagailuen kaleratzeak urte horretan bertan diru-paper faltsuen hazkundea eragingo zutela. Hori dela eta unibertsitate eta teknologia-guneetara jo zuten diru-paper seguruago bat garatu nahian. Horrela, diru-paper berria sortzeko elkarlanean hasi ziren, Australiako administrazio publikoko CSIRO ikerkuntza-erakundearekin. 1988an kaleratu ziren polimerozko diru-paper berriak. Alegia, 21 urte iragan behar izan ziren, alde batetik hainbat teknika-arazo gainditu behar izan zituztelako, eta bestetik Banku Erreserba, biziki kontserbadorea, ez zegoelako aldaketak onartzeko prest.
Esan beharra dago gaurko egunean erabiltzen dugun diru-papera ez dagoela paper arruntez egina; izan ere, zuretik lortzen den paperak ez dauka bizi-iraupen luzea. Horren ordez kotoizko zuntza erabiltzen da; zenbaitetan beste ehun batzuk ere gehitzen zaizkio esaterako lihoa. Zelulosa da kotoiaren osagai nagusia (%90). Aipatzeko da zelulosa naturan aurki daitekeen polimero ugariena dela. Beraz esan daiteke jada polimero billeteak ditugula esku artean.
Polimero billeteak biaxialki orientatutako polipropilenoz eginda daude, hau da, polipropilenoa prozesatzen denean bi norabide desberdinetan luzatzen da. Modu honetan erresistentzia eta gardentasun handiagoko materiala lortzen da.
Polimeroz egindako diru-paperak zenbait abantaila ditu: bizi-iraupena luzeagoa da, paperezkoek baino 2.5 aldiz gehiago iraun dezakete, ez dira hain erraz puskatzen eta gainera behin bere bizitza erabilgarria amaituta birziklatu egin daitezke. Garbiagoak dira ez baitute zikinkeriarik xurgatzen eta iragazgaitzak dira. Izan ere, gaur egun erabiltzen dugun diru-papera ez da oso higienikoa: diru-paperean aurkitu daitezkeen substantzien inguruan ikerketa ugari egin dira, esaterako euro billeteen %92.5ak droga aztarnak zituen, horien artean kokaina, anfetaminaren eratorriak edota opiazeoak. Horretaz gain bakterioak edota germenak ere izan ditzakete, eta bakterioen artean Enterococcus spp., S. aureus edota E. colia aurkitu dira. Polimerozko billeteetan berriz, frogatuta dago bakterioak haztea zailagoa dela gainazala ez porotsua izanik ez direlako nutrienteak edota hezetasuna pilatzen.
Horretaz gain polimeroz egindako diru-papera seguruagoa da eta nahiz eta kasu batzuetan segurtasun-osagaiak paperezko billeteetan erabiltzen diren berdinak izan, askoz ere zailagoa da osagai hauek polimerozko billeteetan jartzea; honek zaildu egiten du faltsutzea.
Segurtasun-osagaiak direla eta, esan beharrekoa da haietako batzuk optikoki aldakorrak direla, eta beren itxura aldatu egiten dela, kanpoko faktoreren bat aldatzen denean. Esaterako hala gertatzen da begiratzen den angelua edo argiaren intentsitatea aldatzen direnean. Adibidez urrezko film finek urre kolorea daukate erreflektatutako argian, baina transmitantzian kolore berdea daukate.
Segurtasun-osagaien artean beste adibide bat dira difrakzio-sareak, lerroz osatutako irudiak direnak. Normalean, 12.000 lerro dituzte zentimetroko, eta metalezko film mehe batez estalita daude adibidez aluminio-film batez. Horrela, argia difraktatu egiten da eta kolorea aldatu egiten da diru-papera mugitzerakoan.
Horretaz gain tinta lumineszenteak ere erabiltzen dira; honela diru-papera argi ultramorearen azpian jartzen bada paperak beste kolore bat azaltzen du eta gainera fluoreszentea da. Mota hauetako konposatuak diru-paper arruntetan ere erabiltzen dira, esaterako egunero erabiltzen ditugun euro billeteetan.
Polimerozko diru-paperak abantaila ugari dituen arren, kontuan izan behar da zenbait desabantaila ere badituela diru-paper arruntak baino ekoizpen-kostua handiagoa dute eta tolesten zailagoak dira.
Edonola ere, polimeroz eginiko diru-paperak munduko toki desberdinetan aurki daitezke eta oraingoz, ez dago euroa material honetara aldatzeko asmorik baina agian hemendik urte batzuetara gure esku artean izango ditugu.
Erreferentzia bibliografikoak
- B. Hardwick, W. Jackson, G. Wilson, A.W.H. Mau, Advanced materials for banknote applications, Advanced materials, 13. alea, 980-984, 2001.
- O.P. Luzardo, M. Almeida, M. Zumbado, L.D. Boada, Ocurrence of contamination by controlled substances in Euro banknotes from the Spanish archipielago of the Canary Islands, Journal of Forensic Science, 1588-1593, 2011.
Iturriak
Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.