Txirrindularien kaskoen azpian dagoen zientzia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Egun hauetan Frantziako Tourra dugu bete-betean eta txirrindularien ekipamenduaren artean kaskoak berebiziko garrantzia dauka haien segurtasunerako. Hain zuzen ere, kaskoak txirrindulariaren burua babesten du erorikoetan gerta daitezkeen lesioak murrizten lagunduz.

kaskoa
Irudia: Kaskoa nahitaezkoa da txirrindulari guztientzat hiriarteko bide batetik doazenean. Horrez gain, legeak adierazten du babes-elementu hauek homologatuta egon behar direla. (Argazkia: pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gaur egun kaskoaren erabilera derrigorra bada ere txirrindularitza profesionalean, ez zen horrela izan 2003. urtera arte. UCI elkartea (The Union Cycliste Internationale) 1991n kaskoaren nahitaezko erabilera ezartzen saiatu zen, baina zenbait txirrindulari ez zeuden ados; ondorioz, UCIk atzera egin behar izan zuen. 2003. Urtean, ordea, Kivilev txirrindulari gazteak eroriko bat izan zuen, eta buruarekin jo zuen zorua. Zorigaiztoko erorikoak eragindako zaurien ondorioz hil zen. Gertakari honen aurrean kaskoaren nahitaezko erabilera arautu zuen UCIk.

Oro har, kaskoek bi zati nagusi dituzte: kanpoko azal gogorrak inpaktu baten indarra azalera handiagoan banatzea du helburu, garezurra haustea saihesteko. Bestalde, barneko geruza bigunak inpaktuaren energia xurgatzen du burura energia gutxiago transmititu dadin. Horretaz gain, kaskoak beste zati batzuk ditu: aurreko bisera, edota kaskoa lotzeko tirak, besteak beste.

Gaur egun forma aerodinamikoa duten arren, lehenengo kaskoak larruzko zintez eginda zeuden eta ez zuten gehiegi babesten. Polimeroen garapenarekin, ordea, sektore honen iraultza etorri zen. Izan ere, polimeroak arinak dira, erraz prozesatu daitezke nahi den itxura eta kolorea emanez eta ezaugarri egokiak dituzten polimeroak aukeratu daitezke.

Polimerozko lehenengo kaskoak poliesterino-aparrez zeuden eginak, baina kolpe bat jasotzean puskatu egiten ziren. Aparra babesteko, kanpoko geruza gogor bat gehitu zuten, polietilen tereftalato bezalako polimero zurrunez egina. Handik urte batzuetara kaskoaren fabrikazio-prozesua aldatu zen, kanpoko geruzan zuzenean poliestirenoa hedatu nahi baitzen geruza bien artean hutsarterik geldi ez zedin. Helburu horrekin, kanpoko geruzan polikarbonatoa erabiltzen hasi ziren, haren propietate fisikoak egokiagoak baitira. Aparra poliestirenoa edo poliuretanoa izan daiteke. Bi abantaila nagusi dituzte aparrek: talka batean energia xurgatzeko ahalmena dute eta oso arinak dira.

Kasko hauek burua babesten badute ere, kontuan izan behar da talka bat edo eroriko bat dagoenean zenbait indarrek parte hartzen dutela. Alde batetik indar lineala dago, baina, bestalde, indar errotazional bat dago, talka angelu batekin gertatzen denean. Buruak angelu batekin kolpatzen badu lurra, burmuinean tentsioa sor daiteke eta horrek burmuineko lesioak sor ditzake. Indar errotazional hori murrizteko, 2010 urtean MIPS (Multi-directional Impact Protection System) teknologia garatu zen. Buruaren eta kaskoaren artean plastikozko xafla bat ezartzen da, kaskoa modu independentean biratu ahal izan dadin buruarekiko; horrela murriztu egiten da, neurri batean, burmuinak jasaten duen indar errotazionala. Berriki, Wavecel teknologia deritzona garatu dute. Kasu honetan hiru dimentsiotako zeldatxoak dituen xafla bat dago kaskoaren barneko aldean buru osoa estaltzen. Horrela, talka bat dagoenean energia zeldatxoetan banatzen da eta txikiagoa da burura transmititzen den talkaren indar errotazionala.

Iturriak:


Egileez:

Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta Colorado State University-ko Kimika Saileko ikertzailea. Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzailea Polymat Institutuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude