Tiritak, diruditen bezain sinpleak ote?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tiritak edozein tamaina eta formatan aurki daitezke merkatuan: txikiak, handiak, karratuak, biribilak, koloretakoak, gardenak… Zauriak, erredurak edo babak estaltzeko beharrezkoak dira eta ez dira falta etxean, eskolan edo lantegian. Hasiera batean behintzat, tiritek sinple dirudite, baina beren diseinuak ezagutza handia eskatu du zauriez, kimikaz eta polimeroez.

Izan ere, polimeroek eskaintzen dituzten aurrerapenek, bideragarria egin du behar desberdinetara egokitzeko ahalmena duten materialak lortzea, eta horrela, tirita mota desberdinak sortu dira. Baina nola asmatu ziren gaur egun horren hedatuta dauden tiritak?

1. irudia: Tiritak. (Argazkia: U. Leone – Jabego Publikoa)

Lehenengo tirita Earle Dicksonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Earlen emazteak, Josephine Frances Knightek, sukaldean ibiltzen zenean maiz zauri edo erredura txikiak egiten zituen. Zauri horiek estaltzeko Earli bururatu zitzaion zinta itsaskorra eta kotoizko gaza bat erabiltzea. Baina Frances bakarrik zegoenean eta behatz bat zaurituta zuelarik Francesentzat ez zen erraza horrelako tirita bat prestatzea. Hori dela eta, Earlek zinta itsaskor biribilki bat hartu, gainean kotoizko gaza zatiak jarri eta ondoren krinolinazko zinta batekin estali zuen. Horrela, emazteak zauri bat egitean biribilkitik zati bat moztu, krinolina kendu eta zaurian itsatsi zezakeen. Lankideek bere asmakuntza ikusi zutenean enpresako buruei erakusteko konbentzitu zuten. Hauei asko gustatu zitzaien produktua eta tiritak ekoizteari ekin zioten berehala.

Gaur egun tirita mota asko daude merkatuan: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, … Azken hauek batez ere babak sendatzeko erabiltzen dira. Funtsean, zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute.

Tirita arruntek poliuretanozko, polietilenozko edota zenbait kasutan poliesterrezko euskarria daukate. Euskarriaren gainean badago material absorbatzaile bat, zenbaitetan poliuretano apar bat izaten dena. Azkenik itsasgarria ez den material bat jartzen delarik, tirita zaurira itsastea ekiditen da.

Tirita detektagarriak

Elikagaien industrian lan egiten duen jendeak tirita detektagarriak erabiltzen ditu elikagaien segurtasuna eta higienea bermatzeko. Izan ere, ez litzateke atsegina izango jogurta jaten ari garen bitartean tirita bat aurkitzea! Horretarako aluminiozko banda bat daramate, metal detektagailuek antzeman ditzaten. Eta zer egin elikagaiak lata edo metalezko ontzietan badoaz? Kasu honetan X izpiek hauteman dezaketen haritxo bat jartzen zaie. Haria bario sulfatozkoa edo wolframiozkoa izaten da, eta gainera kolorezkoa izan ohi da errazago ikus dadin.

2. irudia: Tirita detektagarri baten eskema. (Egileak: Leire Sagroniz eta Ainara Sangroniz)

Irudian ikus daiteke mota honetako tirita baten eskema. Ikus daitekeen bezala, kanpoko geruza polietilenoz edo poliuretanoz egina egon daiteke. Behean, itsasgarri geruza bat dago eta aluminiozko banda bat, metal detektagailuek hauteman dezaten. Honen gainean material absorbatzaile bat jartzen da, eta azkenik, zaurira itsatsiko ez den materiala, zauriarekin kontaktuan egongo dena.

Hidrokoloideak

Tirita hidrokoloideak maiz erabiltzen ditugu oinetakoek sortutako babak sendatzeko. Mota hauetako tiritak gelak osatzen dituzten polimeroez eginak daude, esaterako sodio karboximetil zelulosaz, pektina edo gelatinaz. Gela osatzen duen polimeroa euskarri baten gainean jarri behar da, euskarri hori poliuretanozko film bat izan ohi da.

3. irudia: Oinetako berriak lehen aldiz janzten ditugunean babak ateratzen zaizkigu azalean. Hauek sortutako gaitza osatzeko tirita hidrokoloideak jartzen dira sarritan.

Zauria estaltzean zauriaren exudatua polimeroarekin konbinatzen da eta ondorioz gel bat sortzen da; honela zauria ingurune heze batean osatzen da. Mota honetako hesgailuek abantaila nagusi bat dute: tirita ez da zaurira itsasten eta gainera tirita kentzerakoan ehun berria ez da kaltetzen.

Hesgailu likidoak

“Hesgailu likido” deritze zauriak estaltzeko dagoen teknika berritzaile edo deigarrienari. Funtsean, polimero-disoluzio bat da, kolorerik gabea eta itsaskorra. Zuzenean aplika daiteke zaurian, likido edo esprai modura.

Polimeroa poli(N-binilpirrolidona), kopolimero akrilikoa edo poliuretanoa izan daiteke, eta erabilitako polimeroaren arabera disolbatzaile egokia aukeratu beharko da, esaterako alkohola edo ura. Disoluzioa azalean jarritakoan disolbatzailea lurrundu egiten da eta polimero-geruza fin bat gelditzen delarik, zauria babestu egiten du. Mota honetako hesgailuak oso egokiak dira babesten zailak diren eremuetan erabiltzeko, esaterako behatzen arteko zonaldea babesteko. Gainera, igerilekura joan gaitezke estaldura galdu gabe!

Iturriak


Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.