Eskularruen historia bitxia

COVID19 · Kolaborazioak

Txikiak, handiak, koloretakoak, lodiak, meheak… Mota askotako eskularruak daude: hotzetik babesteko balio dutenak, sukaldean erabiltzen direnak berotik babesteko edota zenbait kiroletan erabiltzen direnak. Baina oraingoan, besteak beste, osasun arloan eta laborategietan erabiltzen diren eskularruak izango ditugu hizpide. Azken aldian latexa eta nitriloa bezalako hitzak nonahi entzun daitezke, baina zer ote dira material hauek? eta, nola sortu ziren babes-eskularruak? Hurrengo lerroetan galdera hauei erantzuten saiatuko gara.

Irudia: Latexeko eskularruak. (Argazkia: Vesna Harni – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

William Halsted medikuak sustatu zuen eskularruen erabilera ebakuntza-geletan XIX. mende amaieran. 1913an Halstedek berak idatzitako artikulu batean azaltzen du ebakuntza-gelako erizain nagusiak, Caroline Hamptonek, dermatitisa zeukala eskuetan antiseptiko moduan erabiltzen ziren merkurio kloruro edo fenol disoluzioen eraginez. Hampton oso trebea zen eta, ebakuntza-gelan lan egiten jarrai zezan, Halstedek Goodyear enpresari, esperimentu bezala, kautxuzko bi eskularru mehe egiteko eskatu zion. Modu honetan, Hampton lehenengo pertsona bihurtu zen ebakuntzetan eskularruak erabiltzen. Aipatzekoa da eskularruak jaso eta gutxira Hampton eta Halsted ezkondu egin zirela; beraz, badirudi eskularruen sorkuntzan maitasunak ere zerikusia izan zuela.

Esan beharra dago babes-eskularruak benetan ez zituela Halstedek asmatu, 130 urte lehenago beste zenbait medikuk erabili baitzituzten, ez gaixoa babesteko, baizik eta medikuek eskuetan zauririk ez egiteko edo infekziorik ez harrapatzeko. Hala ere, Halstedi ukatu ezin zaiona da ebakuntza-gelak eraldatu izana.

Hasiera batean erizainek eta laguntzaileek soilik erabiltzen bazituzten ere, 1890ean zenbait mediku gazte ere eskularruak erabiltzen hasi ziren noizbehinka beraien eskuak babesteko. Zirujauek ez zuten ohiturarik eskularruak erabiltzeko; joera hau ordea aldatu egin zen Bloodgood medikuarekin. Ebakuntzetan eskularruak erabiltzeaz gain, 1899an eskularruen erabilerak infekzioetan zuen eragina aztertzen zuen txosten bat argitaratu zuen hark: 450 hernia-ebakuntzetan infekzioak % 100 jaitsi ziren eskularruen erabilerari esker.

XX. mendearen hasieran zirujau guztiek kautxuzko eskularru esterilak erabiltzen zituzten. Hasiera batean eskularruak latex deritzon materialaz eginak zeuden. Latexa kautxua sortzen duten zuhaitzetatik lortzen da: enborrean ebakidurak eginez latexa jariatzen da, hau da, kolore zuria duen likido itsaskorra, eta dagokion eraldaketa-prozesuen ondoren kautxua lortzen da. Kautxua polimero bat da; zehatzago esanda, polimero multzo bat, elastomeroak izatea duena ezaugarri nagusia; hau da, deformazio bat aplikatuz gero materiala luzatzeko gai izatea. Deformazio hori kentzean, ordea, hasierako egoerara itzultzen dira kautxua bezalako elastomeroak. Kautxuak dituen aplikazioak ugariak dira: batez ere auto-gurpilak egiteko erabiltzen da, edo oinetakogintzan edota eraikuntzan.

Latex mota desberdinak daude zuhaitz motaren arabera: esaterako, Hevea brasiliensis zuhaitzak cis-1,4-poliisopreno polimeroa sortzen du beste konposatu batzuekin batera: proteinak, konposatu ez-organikoak eta gantz azidoak. Hain zuzen ere, Hevea brasilensis da kautxu naturalaren iturri nagusia. Hala ere, halako materialen iturburu diren zuhaitz mota ugari daude eta beste kautxu mota batzuk sortzen dituzte; esaterako, Balata zuhaitzak trans-1,4-poliisoprenoa sortzen du, bestelako ezaugarriak dituen kautxua. Aipatzekoa da zenbait pertsonak alergia diotela latexari, eta, zehatzago, latexean dauden proteinei. Arazo honi aurre egiteko, beste material batzuk erabiltzen dira eskularruak egiteko; esaterako, neoprenoa, nitriloa edo polibinil kloruroa. Baina zer ote dira material hauek?

Neoprenoa polikloroprenoaren izen komertziala da. DuPont etxeak garatu zuen, 1930ean. Oliorekiko zein tenperaturarekiko erresistentzia altua daukan materiala da. Aplikazio ugari ditu; esaterako, ur-kiroletarako arropa edota oinetakoak egiteko erabiltzen da.

Nitrilo erako kautxua akrilonitrilo eta butadienoz osatutako kopolimero sintetikoa da. Material hau kautxu naturala baino iraunkorragoa da olio eta azidoekiko, erresistentzia handiagoa dauka eta, ondorioz, zulatzeko zailagoa da kautxu naturalarekin alderatuz. Ezaugarri hau garrantzitsua da orratzak zein bestelako objektu zorrotzak erabiltzen direnean. Hala ere, badauka desabantaila bat: malgutasun txikiagoa dauka. Eskularruez gain, batez ere kableak estaltzeko material gisa erabiltzen da edota larru sintetikoa egiteko.

Aipaturiko materialez gain, kautxua ez den polimero bat erabiltzen da eskularruak egiteko: polibinil kloruroa. Hau gehien erabiltzen den materiala da poliolefinen (polietilenoa eta polipropilenoa) ondoren. Zurruntasun handia duenez, plastifikatzaileak gehitzen zaizkio material malgua lortzeko. Era horretan material hau aplikazio ugaritan erabil daiteke; esaterako, leihoetan, zoruan, paretetan eta hoditerian.

Iturriak

  • Barton, Marc (2018). The history of surgical gloves. Past medical history, 2018ko irailaren 19a.
  • Lathan, S.R. (2010). Caroline Hampton Halsted: the first to use rubber gloves in the operating room. Baylor University Medical Center Proceedings, 23 (4), 389-392. DOI: 10.1080/08998280.2010.11928658.
  • Schlich, T. (2015). Why were surgical gloves not used earlier? The Lancet, 386 (10000), 1234-1235. DOI: https://doi.org/10.1016/S0140-6736(15)00271-8.
  • Painter, P.C.; Coleman, M.M. (2008). Essentials of Polymer Science and Engineering. DEStech Publications, Inc. Pennsylvania.

Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.