Biztanleriaren zati handi batentzat ohikoa da egunero lentillak erabiltzea, baina ba al dakigu zerez eginak dauden? Harrigarria dirudien arren lehenengo lentillak sortu zirenetik bi mende pasa dira. Bilakaera honetan ezinbestekoa izan da material berrien garapena.
Lehenik ikusmena zertan datzan zehaztu behar da. Argia begi-ninitik sartzen da kristalinoa zeharkatuz eta erretinan proiektatzen da. Erretina begiaren atzeko aldean dago. Bertan dauden zelulek bulkada elektriko bihurtzen dute proiektatu den irudia eta bulkada horiek burmuinera iristen dira nerbio optikoaren bidez.
Irudiak erretinaren gainean doi-doi proiektatu behar dira, eta horretarako aldatu egiten da kristalinoaren forma muskulu ziliarraren bidez. Zenbaitetan begia ez da gai irudia erretinan enfokatzeko; zenbait kasu daude. Esaterako, irudia erretinaren atzean proiektatu daiteke; gertaera honi hipermetropia deitzen zaio. Aurkakoa ere gertatu daiteke, irudia erretinara iritsi aurretik enfokatzea; kasu honi miopia deritzo. Ikusmen arazo hauek lenteen erabilerarekin konpondu daitezke, bai kontaktu-lentillen bidez, bai betaurrekoen bitartez. Horiek argia errefraktatu eta erretinan enfokatzen dute.
Lentillak orain dela gutxi asmatu zirela dirudien arren lentillen kontzeptua orain dela zenbait mende sortu zen. Leonardo Da Vincik zenbait ideia teoriko garatu zituen; horien artean burua urez betetako ontzi batean sartuz ikusmena eraldatu zitekeela iradoki zuen. Mende bat geroago Descartesek beste ideia bat proposatu zuen: likidoz betetako beirazko hodi bat kornearekin kontaktu zuzenean jartzea. Hodiaren amaierak forma egokia izan behar zuen ikusmena zuzentzeko. Ideia hau ere ez zen bideragarria, besteak beste, ez baitzen posible begia ixtea.
1801ean Thomas Youngek, Descartesen ideian oinarrituz, ukipen-lenteak garatu zituen. Urez betetako lente hauek begietara itsasteko argizaria erabili zuen eta, ondorioz, beren ahalmen errefraktiboa galdu egiten zen. Lehenengo lenteak XIX. mendean sortu ziren, baina esan beharra dago nahiko deserosoak zirela: beiraz eginda zeuden, forma emateko moldeak untxien edo hildakoen begiak erabiliz lortzen zituzten eta pare bat orduz bakarrik erabil zitezkeen. Hasiera batean 2 cm inguruko lodiera zeukaten eta, nahiz eta denborarekin lodiera murriztuz joan zen, ezerosoak izaten jarraitzen zuten; ondorioz, ez zuten arrakasta handia izan.
Benetako aldaketa 1930ean etorri zen, polimeroen garapenarekin. William Feinbloom estatubatuarrak gaur egun lente gogor gisa ezagutzen diren lenteak sortu zituen. Lente hauek PMMA (plexiglas) polimeroaz eginak zeuden, eta material horrek zenbait abantaila zituen beirarekin alderatuz: lenteak argiagoak ziren, arinagoak eta erosoagoak. Hala ere, zenbait arazo zituzten oraindik: ez zuten oxigenoa pasatzen uzten (kontuan izan behar da begiak, gainontzeko organoek ez bezala, oxigenoa airetik hartzen duela eta ez odoletik) eta horrek arazoak sortzen ditu begietan.
1950ean, ordea, aurrerapauso garrantzitsu bat eman zen ikertzaile txekiarrek polihidroxiethil metakrilatoa erabili zutenean hidrogelezko lentilla malguak lortzeko. Horretarako, polimero kateak beren artean erreakzionarazten zituzten sare modukoak osatuz, eta sare hauek ur kantitate handia xurgatu zezaketen (beren pisuaren %40 inguru). Kontuan izan behar da polimero hauek ura xurgatzeaz gain inerteak izan behar zutela eta oxigenoarekiko eta askotariko disoluzioekiko iragazkorrak. Hala ere, esan beharra dago lehenengo emaitzak ez zirela oso onak izan, erosoak izan arren hasierako forma galtzen zutelako eta irudia distortsionatzen zutelako.
Lente hauek hobetzeko saiakera ugari egin ziren beste polimero batzuk erabiliz eta iragazkortasuna aldatuz. Hala ere, artean ez zen posible lentillak denbora luzez erabiltzea, begietara ez baitzen iristen oxigeno maila egokia.
Hori dela eta, silikonak erabiltzen hasi ziren lenteak egiteko. Silikonak silizio eta oxigeno atomoak ditu bere egituran eta iragazkortasun altua du. Material horren ezaugarriei esker posible da lenteak denbora luzez erabiltzea; baita gauez ere, begietara oxigeno maila egokia iristen delarik. Baina material honek beste desabantaila bat dauka: hidrofobikoa da, hau da, ura aldaratzen du. Hori dela eta, zenbait hobekuntza egin behar izan dira bere hidrofilizitatea hobetzeko, beste osagai batzuk gehituz edo gainazaleko tratamenduak eginez.
Beraz, argi dago material berrien lorpenak eragin garrantzitsua izan duela gaur egun hain ohikoak diren lentillen garapenean.
Iturriak
Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
1 iruzkina
[…] Leire eta Ainara Sangroniz / 2020-05-05 / 617 hitz […]