Bainujantziak eta dopin teknologikoa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientzia eta teknologiaren garapenak material hobeak eta arinagoak lortzea ahalbidetu du eta kirolarien errendimendua areagotu da, ondorioz. Baina non dago muga? Izan ere ekipamenduak kirolari bati, aurkarien aurrean, abantailak ematen dizkionean dopin teknologikoaz hitz egiten da. Dopin teknologikoa zenbait kiroletan gertatu izan da: txirrindularitzan, tenisean, atletismoan eta baita golfean ere. Adibide guztien artean aipatzekoa da igeriketaren kasua; izan ere, pasa den hamarkadan bainujantziek zalaparta handia sortu zuten Olinpiar Jokoetan.

XX. mende hasieran bainujantziak diseinatzerakoan ez zen kontuan hartzen igerilariak izango zuen abiadura: artilezko kamiseta eta galtzak berehala bustitzen ziren eta pisua hartzen zuten. Baina garai hartan pentsaezina zen arinagoa den zerbait eramatea.

1. irudia: Arne Borg igerilari suediarra 1927. urtean Speedo etxearen Racerback bainujantzi batekin. (Argazkia: V&A / Museum of Applied Arts and Sciences)

Lehenengo aldaketa garrantzitsua 1927an gertatu zen, Speedo etxeak Racerback bainujantzia merkaturatu zuenean; hark sekulako iraultza eragin zuen, izan ere bainujantzia estu moldatzen zen gorputzera. Sorbaldak eta bizkarra agerian uzten zituen mugimendua errazteko eta artilez beharrean zetaz egina zegoen. Bere garaian bainujantzi hau oso berritzailea izan zen eta hondartza askotan debekatu egin zen hura erabiltzea. Ondorengo urteetan oihal sintetikoen garapenak, hau da polimeroz eginiko oihalak, bainujantzi arinagoak egitea ahalbidetu zuen, horien artean nylona (poliamida) 50eko hamarkadan edo elastanoa (polieter poliurea kopolimeroa) 70eko hamarkadan. Material hauek nahiko berriak ziren garai hartan, XX. mende hasieran eta erdialdean sortu baitzituen, hurrenez hurren, DuPont etxeak. Hurrengo urteetan joera berdina izan zen: polimerozko oihalak eta bainujantzi txikiagoak, arinagoak eta estuagoak.

Speedo etxeak aurrerapenak egiten jarraitu zuen 2000 urtean Fastskin bainujantzia garatuz. Hark V itxurako markak zituen gainazalean urarekiko erresistentzia txikitzeko eta kirolariek Sydneyko jokoetan erabili zuten. Ondoren, 2008an LZR Razer bainujantzia garatu zuten; bainujantzi horrekin argi geratu zen teknologiak kirolarien errendimenduan daukan eragina, bereziki igeriketan. Beijingeko Olinpiar Jokoetan (2008) igeriketako 25 munduko marka hautsi ziren. Emaitza hauen atzean kirolarien sasoi ona ez ezik zerbait gehiago zegoen: aipaturiko Speedo etxearen LZR Racer bainujantzia. Hain zuzen ere domina bat irabazi zuten igerilarien % 98k bainujantzi hori zeraman.

Bainujantzi honek igerilarien errendimendua hobetzen zuen igerilarien muskuluak konprimituz eta itxura hidrodinamikoago bat lortuz. Gainera zangoetatik eskumuturretara estaltzen zuen gorputza eta bainujantziaren eta larruazalaren arteko aire burbuilak harrapatzen zituen flotagarritasuna handituz.

Aipatzekoa da jantzia hidrofobikoa den poliuretano materialaz egina zegoela, horrek badu abantaila bat: ura aldaratzen du. Hala ere bainujantzia ezin zen poliuretano hutsez egin jantzia hauskorra bihurtzen baitzen. Hori dela eta, beste polimero bat gehitzen zitzaion, bereziki tratatutako poliamida, hidrofobizitatea areagotu eta urik ez xurgatzeko. Gainera haren piezak ultrasoinu bidez zeuden lotuta josturarik ez izateko eta erresistentzia txikitzeko.

2. irudia: Nađa Higl igerilaria 2010eko Europako Ur Txapelketan 2008an Jaked etxeak plazaratu zuen “Super-body Jaked J01” bainujantziarekin. (Iturria: Wikipedia – domeinu publikoko argazkia)

Egindako ikerketen arabera, bainujantzi honen arrakasta flotagarritasunean zegoen; izan ere, igerilarien azalaren eta bainujantziaren artean gelditzen ziren aire burbuila txikiek flotagarritasuna hobetzen zuten. Airearekiko erresistentzia urarekikoa baino askoz txikiagoa denez, edozein aldaketa txikik eragin handia dauka abiaduran.

Beste etxeek ere aurrerapenak egin zituzten; esaterako, Arenak guztiz poliuretanoz eginiko bainujantzia garatzea lortu zuen. Horrela Speedoren bainujantzia zaharkitua geratu zen; izan ere, Arenaren poliuretano hutsez egindako bainujantziak erresistentzia txikiagoa azaltzen du urarekiko guztiz iragaztezina eta hidrofobikoa baita. 2009ko munduko igeriketa txapelketan ia igerilari guztiek Arena etxeko bainujantzi bat zeramaten.

Egoera hau ikusita, Nazioarteko Igeriketa Federazioak (FINA) arazo bat zegoela ikusi zuen. Munduko markak erraz hausten ziren eta balioa galdu zuten, eta, ondorioz, horrek kirolari eta ikusleen artean haserrea piztu zuen. Dopin teknologikoaz hitz egin zen, hain zuzen ere lorturiko emaitzak teknologiari esker erdietsi zirelako eta ez soilik igerilariaren ahaleginari esker. Erakundeak mota honetako bainujantziak debekatzea erabaki zuen 2009 urte amaieran. Aurrerantzean soilik iragazkorrak ziren oihalak; hau da, aire burbuilak osatzen ez dituzten jantziak erabili beharko ziren. Horretaz gain, bainujantziaren dimentsioak ere mugatu zituzten: gizonen kasuan gerritik belauneraino soilik; emakumeen kasuan, berriz, ezin dira sorbalda baino haratago joan, ezta belauna baino beherago.

Ziur aski etorkizunean ere, zientzia eta teknologiak aurrera egin ahala, agerian geratuko da kirol ekipamenduaren hobekuntzaren eta dopin teknologikoaren arteko muga estua.

Iturriak

  • Roberst, Jacob (2017). Winning Skin. Science History Institute, 2017ko otsailaren 9a.
  • Morrison, Jim (2012). How Speedo Created a Record-Breaking Swimsuit. Scientific American, 2012ko uztailaren 27a.
  • Trinidad Morales, A.; Tamayo Fajardo, J. A.; González-García, H. (2019). High-Speed Swimsuits and Their Historical Development in Competitice Swimming. Frontiers in Psychology, 10, 2639. DOI: 10.3389/fpsyg.2019.02639
  • Blanco, J.F., Hunt-Hurst, P. K., Doerin, M.D., Vaughan-Lee, H. (2016). Clothing and Fashion: American Fashion from Head to Toe. ABC-CLIO, Santa Barbara, California.
  • Nasa Spinoff. Space Age Swimsuit Reduces Drag, Breaks Records. 2020ko uztailaren 2an kontsultatua.

Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.