Biologia
NanoBioCel taldeko Haritz Gurrutxagaren ikerketaren arabera, zelula ama mesenkimalen ezaugarri onuragarriak babes daitezke tenperatura baxuetan gordeta. Zelulak biomaterialetan babesteko zenbait metodo daude eta ikerketa honetan kriobabeste geldoa izan da funtsa. Lan honek ate berria ireki dio zelula ama mesenkimalen babesteari, prozedura berri eta erraz bat proposatuta, bai prozesuen kostua zein konplexutasuna gutxituz. Asko areagotu da zelula ama mesenkimalen erabilera hainbat izaerako gaixotasunak tratatzeko.
Arrainen haragiaren itxura oso desberdina da espezieen arabera. Alde batetik, atunak ez dira zuriak, eta hezurraren inguruan dagoen haragia odol-hodiz beterik dago. Odol asko galtzen dute arraina ebakitzean. Bestalde, Arrain zapalen haragia, berriz, zuri-zuria da, eta ez du odolik botatzen ez eta xerrak egitean ere. Haragi odoleztatuagoa duten arrainak oso aktiboak dira. Mihi-arrainak, aldiz, eseri-eta-itxaron harrapariak dira. Harrapakin bat ikusten dutenean, mugimendu azkar eta indartsua egiten dute. Harrapakinarenganaino iristeko egin behar duten mugimendurako erabiltzen dituzten giharrek ez dute oxigenorik behar. Bereziak dira muskulu horiek. Mugimendua egiteko behar duten energia (ATP) glukolisiaren bitartez lortzen dute. Zer da glukolisia? bide metaboliko azkarra da, denbora laburrean energia asko ematen duena.
Planetako eremurik hotzenetako bakterioek sortutako molekula tentsioaktiboak industrian erabiltzeko modukoak izan daitezkeela proposatu dute Alemaniako ikertzaileek. Erabilpen potentzial mordoa omen dute molekula tentsioaktiboek. Hala nola detergenteak, garbitzaileak, kosmetikoak, botikak, elikadura osagarriak eta emultsionatzaileak sortzeko erabili daitezkeela diote. Gainera, horien erabilpenak ingurumen abantailak izango lituzke. Molekula hori sortzeko gai diren organismoen artean, ikertzaileek legamia bat nabarmendu dute, Moesziomyces antartcticus izena duena.
Emakumeak zientzian
Nazio Batuek sustatzen duten Zientziaren arloko Emakume eta neskatoen Nazioarteko Egunarekin batera, Euskal Herrian ‘Ez da pertzepzio bat’ ekimena abiatu zuten aurreko igandean. Honen helburua da emakumeek zientzian pairatzen duten diskriminazioa salatzea eta era berean, zientzian murgildu nahi duten neskak animatzea. Ekimen honek bat egiten du orain dela gutxi Pew Research Center-ek argitaraturiko azterlan batekin. Ikerketak argitara eman zituen ondorioen arabera, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin edo matematikarekin lotutako ogibideak dituzten emakumeen lantokia euren lankide gizonena ez bezalako ingurune bat izan ohi da, batzuetan deserosoagoa. Maizago jasaten dute sexu diskriminazioa eta jazarpena eta uste dute emakume izatea abantaila baino gehiago desabantaila dela euren karreran arrakasta izateko. Adibidez, emakume ikertzaileak mendebaldeko herrialde guztietako (Mendebaldeko Europa eta Ipar Amerika) ikertzaile guztien % 32 dira; Espainian, % 39ra iristen dira. Txosten horietan agertzen diren datuak ulertzeko, Nobel saridunen zerrenda ikusi besterik ez da egin behar: historian zehar, sarien %3 baino ez zaizkie eman emakumeei. Zientziaren munduan dagoen desoreka nabarmena da, ez da pertzepzio bat.
Wangari Muta Maathair biologo, ekologista eta aktibista politikoa aurkeztu digute artikulu interesgarri honetan. Kikuyu etniako nekazarien alabak, Wangari barne, landa-eremuan lan egin, egurra pilatu eta ura ekartzera kondenatuta zeuden. Baina Wangarik zortea izan zuen; ikasketak egiteko aukera izan zuen. 1960an, Estatu Batuetan ikasteko beka bat lortu zuen. Biologiako Gradua eta Biologia Zientzietako Masterra egin zituen. Horren ondotik, Kenyara itzuli zen eta lanpostu bat lortu zuen Nairobiko Unibertsitateko Albaitaritza Anatomiako Sailean mikroanatoniako ikerketako laguntzaile gisa. Doktorego bat eskuratu zuen Afrika Erdialde eta Ekialdeko lehen emakumea izan zen. Horretaz gain, Saileko lehen emakumezko Burua (Albaitaritza Anatomian, 1975) izan zen eta Nairobiko Unibertsitateko Irakasle Elkartu (1977) ere bai. 2004an, Bakearen Nobel Saria lortu zuen.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen pasa den igandean. Argi dago oraindik berdintasun teorikoak ez duela bermatzen parekidetasun erreala. Artikulu honetan zenbait emakume zientzialariren ahotsak izango dira irakurgai. Adibidez, Naiara Barrado Izagirre astrofisikariarena: “Lehen uste nuen genero berdintasun nahikotxo bazegoela, eta orain hasia naiz konturatzen gauzak ez direla uste nuen bezain politak”. Beste kontakizun bat: Inmaculada Delage arkeologoarena, bokazioz hasi zen alor horretan. 2014. urtetik Egipton induskatzen ari da Delage, Myriam Seco egiptologoaren gidaritzapean. Emakumezkoek zientziaren eta ikerkuntzaren alorreko goi mailako postuetara heltzea denbora kontua dela dio. Halere, bidean oztopo ugari daudela ohartarazi du. Emakume hauen (eta beste batzuen) ibilbide zientifikoak topatuko ditu irakurleak, baita berauen pentsamendu eta iritziak ere. Ez galdu!
Fisika
Erloju atomiko eramangarri batekin, Frantziako Alpetako puntu baten altuera neurtu ahal izan dute. Laborategitik kanpo egiten den lehen neurketa izan da. Ikertzaileek aitortu dute erlojuak ezin izan zuela kondizio onenetan lan egin, eta lortutako emaitzaren zehaztasuna ez dela gaur egungo beste metodoekin lortu daitekeena baino hobea; baina, azpimarratu dute, oraindik erronka tekniko batzuk gainditu behar diren arren, pausu garrantzitsua izan dela erloju atomikoen aplikazio geofisikoetarako.
Ingeniaritza, teknologia
Aurpegi-ezagutzaren teknologiak zure sexualitatea antzeman lezake. Bai, ondo irakurri duzu. Stanford Unibertsitateko ikertzaileek jakinarazi dute algoritmo bat sortu dutela, bereizteko pertsona gay eta heterosexualak, argazkiak erabilita. Aurpegiaren irudia eskaneatzean, hainbat gauza hartzen ditu kontuan: zer distantzia dagoen begietatik belarrietara, adibidez. Datu horiek gero konparatzen ditu milaka pertsonaren datu-base batekin. Nick Rule Psikologia irakaslea da Torontoko Unibertsitatean, Kanadan, eta bere iritziz, gizon heterosexualek aurpegi nasaiagoak dituzte, testosterona maila altuagoak dituztelako.
Fulsion Smart Systems enpresak sortu du Irudikon aplikazioa, arreta-defizitaren nahasmendua duten haurrengan pentsatutakoa. Aplikazio honek bestelako joko-estrategia dakar. Umeak tarte labur batez egon behar du kontzentratuta oinarrizko mailetan, baina, aurrera egin ahala, joko- eta kontzentrazio-denbora luzeagoa eskatuko dio haurrari.
Betaurreko adimendunak erabiltzen hasi da polizia txinatarra, herritarrak automatikoki identifikatzeko. Nola funtzionatzen du? Betaurrekoek herritarren argazkiak ateratzen dituzte; zuzenean datu-base batekin alderatzen dute; poliziak une horretan jakin dezake parean daukan hori nor den eta ea poliziak bilatzen ote duen. Orain dela astebete jarri zuten martxan metodo berri hau eta dagoeneko zazpi pertsona atxilotu dituztela esan dute agintariek.
Garraio publikoan aldaketa handia gertatzen ari da. KERS sistema (kinetic energy recovery system) jarri diote Euskotrenek utzitako autobus diesel bati. Garatu duten sistema ideala da hiri barneko garraio publikorako. David Arredondo Zumaiako eMotion Dynamics enpresako zuzendari teknikoak azaltzen du “sorturiko indarra, bero gisa degradatu beharrean, argindar bihurtzen du sistemak”. Sistemak superkondentsadoreetan biltzen du argindarra, ez baterietan; beraz, askoz arinagoa da, eta merkeagoa. Ibilgailu elektrikoei buruz, hau da bere iritzia: “Garraioaren iraultza elektrikoak arazo bat du, Arredondoren aburuz: “Ibilgailu elektrikoak errealitatea dira dagoeneko, baina garesti samarrak asko zabaltzeko”. Badaude, baina, beste konpainia batzuk horien alde egiten dutenak. Irakur ezazue artikulua!
Ibilgailuekin jarraituz, Didi enpresa txinatarra ere gidaririk gabeko ibilgailuen lehian sartu da bete-betean, dagoeneko trafiko errealarekin probak egiten hasia da Shangain.
Bertso-doinuz osatutako bilduma batetik abiatuta, doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea Urkizu ikertzaileak. EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen taldean (RSAIT) egiten du lan eta euren proiektu nagusietako bat da BertsoBot-a. Helburua roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea da eta horretarako, robotak bertsotan jartzen dituzte. Musika automatikoki sortzeko eta sailkatzeko bi metodo berri sortu dituzte. Jo ezazue artikulura horiek ezagutzeko!
Medikuntza
Zelula amak minbiziaren aurkako txerto modura erabili ahalko liratekeela adierazi dute Stanford Unibertsitateko ikertzaileek. Zelula amen eta minbizi zelulen artean antzekotasunak daudela azpimarratu dute: batzuek zein besteek ez dute mugatua hazteko eta ugaltzeko gaitasuna. Gainera, bien mintzetan antzeko antigenoak azaltzen direla ikusi dutenez, tratatutako zelula amak gorputzean txertatu, eta immunitate-sistema minbiziaren aurka entrenatzeko erabili daitezkeela iradoki dute. Elhuyarrek eman dizkigu ikerketa horren xehetasunak.
Osasuna
Duela bi urte inguru, MOE Munduko Osasun Erakundeak minbizia eragiten zuten gaien zerrendan haragi prozesatuak sartu zituen. Albiste andana bat publikatu zen horren inguruan; gehienetan sentsazionalismoa izan zen nagusi. Haragi prozesatua janez gero, minbizi tasa %18 igotzen zela esan zuten prentsan. MOEren menpekoa den IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko agentziak nahiko ebidentzia zeudela iragarri zuen eta horregatik minbizi eragileen 1 taldean sailkatu zituen haragi prozesatuak eta 2A taldean haragi gorria. Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digu tabakoa, plutonioa edo haragi prozesatua talde berean egoteak ez duela esan nahi modu berean minbizia eragiten dutenik. Datuak ematen ditu: Mundu mailan haragiaren kontsumoarekin lotutako minbiziak 34.000-50.000 dira urteko, baina tabakoarekin, alkoholaren kontsumoarekin edo aire-kutsadurarekin lotutakoak 1.000.000, 600.000 eta 200.000 dira, hurrenez hurren. Halaber, ohartarazi digu substantzia oro toxikoa izan daitekeela, baita fruta ugari ere! Ez galdu!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.