Testuliburuetatik domeinu-modulu eleaniztunak eraikitzen

Argitalpenak · Dibulgazioa

Hizkuntza da jakintza transmititzeko darabilgun komunikazio-metodo ohikoena eta, testuinguru elebidunak eta eleaniztunak errealitatea dira Guztiontzako Hezkuntza ardatz duen gizartean, non berdintasuna, gizarte-kohesioa eta herritartasun aktiboa sustatzen baitira. Errealitate konplexu horretara egokitzea eta kalitatezko hezkuntza eskaintzea da, orduan, hezkuntza-sistemaren erronka garrantzitsuenetakoa.

Irudia: Wikipedia baliatuz, topikoak mapatzen dira beste hizkuntzetako topiko baliokideekin.

Teknologikoki garatutako gizarteetan, hezkuntza elebidunak eta eleaniztunak eragin zuzena izan du, oro har, Informazio eta Komunikazio Teknologietan, eta bereziki Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnetan. Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnak ezinbesteko bihurtu dira hainbat hezkuntza erakundetan. Adibidez, hainbat hezkuntza erakundetan, ezinbesteko bihurtu dira Moodle moduko ikasketa kudeatzeko sistemak eta MOOC (Massive Open Online Courses) gisako plataformak lineako ikastaro ireki masiboak lantzeko.

Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako Tresnek domeinu-modulua —hots, ikasi beharreko domeinuaren adierazpen pedagogikoa— behar dute. Domeinu-modulua da Teknologian Oinarritutako Hezkuntzarako edozein tresnaren muina, hark adierazten baitu ikasleek ikasi beharreko ezagutza guztia. Ikasi beharreko topikoak adierazteaz gain, identifikatu behar dira horien arteko erlazio pedagogikoak, ikasketa-saioak nola planifikatu zehazten dutenak, eta ikasteko erabiliko diren hezkuntzarako baliabideak (definizioak, adibideak, ariketak etab.). Domeinu-modulu eleaniztunetan, gainera, topiko bakoitza lotuta dago hizkuntza bakoitzean dagokion izenarekin, hau da, beste hizkuntza horretako bere itzulpenarekin. Hizkuntza desberdinetan parekideak diren baliabide didaktikoen arteko lotura ere kudeatu beharko da.

Azkeneko urte hauetan, berrerabilpena bultzatzeko saiakerak egin dira hezkuntzarako informatikan. Batetik, hezkuntza baliabideak deskribatzeko estandarrak sortu dira. Bestetik, hezkuntzarako baliabide berrerabilgarriak garatu dira. Gero eta ohikoagoak dira ikastaro berriak sortzeko behar diren baliabide pedagogikoak eskaintzen dituzten biltegiak eta horien sareak.

Domeinu-modulua sortzea ez da lan arina, ordea. Are eta zailagoa da, oraindik, domeinu-modulua era automatikoan erauztea testuliburu eta dokumentu elektronikoetatik, eta zer esanik ez domeinu-modulu eleaniztunak erauztea.

Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du LiDom Builder plataforma-informatikoak. Horretarako, Hizkuntzaren Prozesamendurako eta Ikaste Automatikorako teknikekin batera, baliabide eleaniztunak erabiltzen ditu: nagusiena, Wikipedia. Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleaniztuna eta Interneten argitaratua.

LiDom Builder plataforman, hasiera batean, hizkuntza jakin batean idatzitako dokumentu batetik erauziko da domeinu-modulua eta, baliabide eleaniztunak erabiliko dira, gerora, bai topikoak bai baliabide didaktikoak beste hizkuntzetan ere lortzeko. Egun.

Lehen urratsean, LiDom Builderrek ingelesez idatzitako edozein ikaste-domeinutako testuliburu batetik abiatuta, identifikatzen ditu domeinuaren topikoak eta, Wikipedia baliatuz, topiko horiek mapatzen dira beste hizkuntzetako topiko baliokideekin. Bigarren urratsean, topikoen arteko erlazio pedagogikoak erauzten dira. Hauek adieraziko dute, adibidez, ikasle batek topiko bat ikasten hasi aurretik, beste topiko zehatz bat dagoeneko landuta izan behar lukeela edo bi topiko ikuspegi pedagogiko batetik oso gertu daudela eta, beraz, posible litzatekeela biak batera lantzea. Azken urratsean, baliabide didaktikoak erauziko ditu, abiapuntuko testuliburutik ez ezik Wikipedia bezalako ezagutza-baseetatik.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Testuliburuetatik domeinu-modulu eleaniztunak eraikitzen
  • Laburpena: Lan honetan LiDom Builder tresnaren analisia, diseinua eta ebaluazioa aurkezten dira. Domeinu Modulu Eleaniztunak testuliburu elektronikoetatik era automatikoan erauztea ahalbidetzen du LiDom Builderek. Ezagutza eskuratzeko, Hizkuntzaren Prozesamendurako eta Ikaste Automatikorako teknikekin batera, zenbait baliabide eleaniztun erabiltzen ditu, besteak beste, Wikipedia eta WordNet.
  • Egileak: Angel Conde, Ana Arruarte, Mikel Larrañaga, Jon A. Elorriaga eta Ruben Urizar.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 117-132
  • DOI: 10.1387/ekaia.16284

Egileez: Angel Conde Ikerlan taldekoa da; Ana Arruarte, Mikel Larrañaga eta Jon A. Elorriaga UPV/EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema informatikoak Sailekoak dira; Ruben Urizar UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailekoa da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude