Test azterketa informatizatzen

Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado, Tomás Pérez, eta Conchi Presedo

Gaur egun testak ohikoak dira, ezagutza ebaluatzeko garaian, adibidez hizkuntza ezagutza neurtzen duten azterketa ofizialetan edo gida baimena lortzeko azterketa teorikotan. Gehienetan, ebaluatzaileen esperientzian eta eskarmentuan oinarrituta hartzen dira azterketarako galdera edo itemak.

Irudia: Aukera anitzeko testa.

Arrazoi ugari daude ordenagailua erabiltzeko, azterketa bat egitean. Zenbait ikerketen arabera, test informatikoek abantaila asko dauzkate paperean egiten direnen aldean; besteak beste, azterketa gehiago egin daitezke, toki oso ezberdinetan eta aldi berean, horrela, kopia-kasuak saihestuz. Erantzunak ere azkarrago prozesatzen dira, eta, ondorioz, ikasleek bukatu bezain laster izango dute probaren emaitza; gainera, galderak formatu egokiagotan egin daitezke, multimedia, elementu dinamikoak edota interaktiboak erabiliz. Bestalde, azterketak egiteko ordenagailua erabiltzeak ingurumenari ere laguntzen dio, papera erabiltzen ez den heinean, zuhaitz gutxiago moztu beharko dira eta.

Test informatizatu hauek bi erakoak izan daitezke: ohikoak, hau da, azterketa egingo duten pertsona guztiek azterketa bera izango dute, edo egokigarriak, hau da, azterketa egiten ari den pertsonak galderari ondo erantzuten badio, galdera zailagoa jarriko zaio; gaizki erantzuten badio, ordea, galdera errazagoa egingo zaio, duen ezagutza-maila finkatu arte. Test egokigarriak informatizatuak izaten dira eta item bakoitzak parametro batzuk eduki behar ditu, ondorioz, kalibraketa egitea ezinbestekoa da.

Kalibraketa aurrera eraman ahal izateko egin behar den lehenengo gauza item edo galdera-sorta bat sortzea da, ondoren kalibratu ahal izateko. Kalibraketa hori bi motatakoa izan daiteke: adituetan oinarritutako kalibraketa edo kalibraketa psikometrikoa.

Adituetan oinarritutako kalibraketak oinarritzat estatistika konplexua erabili beharrean adituen esperientzia erabiltzen du, eta Testaren Teoria Klasikoa hartzen du ardatz gisa. Kalibraketa-prozesu honek bi zati ditu, item-administrazioa alde batetik eta datuen analisia eta kalibraketa bestetik. Lehenengo pausoan adituengandik informazioa jasotzen da, item bakoitzeko erantzun zuzena eta zailtasun-maila, bigarren pausoan, datu horiek aztertu eta item bakoitzaren zailtasuna lortzen da.

Kalibraketa psikometrikoa Itemaren Aurreko Erantzun-Teorian oinarrituta dago, eta pertsona askok egingo dituzten azterketetarako pentsatuta dago. Kalibraketa hau aurrera eramateko 6 pauso eman behar dira: esperimentuaren diseinua, esperimentua aurrera eramatea, aurre analisiak, parametroen kalkulua, doikuntza-analisiak eta parametroak alderatzea. Baina labur adierazita, lehenbizi itemen erantzunak jaso behar dira ahalik eta pertsona gehienengandik eta ondoren datu horiek aztertu eta itemak kalibratu.

Test on bat prestatzea ez da zaila kalibratutako item-banku bat badago, baina, hain zuzen ere, prozesu hori astuna eta luzea suertatzen da, zaila ez izan arren. Pausu batzuei jarraitu ostean, ez da zaila kalibraketa hori lortzea, baina baliabide ugari behar dira horretarako, batez ere, pertsonak; adituak, lehenengo kalibraketaren kasuan, eta testa erantzungo duten pertsonak, bigarrenean.

Bi prozesu hauen konbinaketa baten ondorioz 127 item zituen banku bat kalibratu zen. Item hauek euskarazko testu baten ulertze-maila neurtzeko erabiltzen ari dira proba batean Hizeba sistema erabiliz. Azpimarratu beharra dago, egindako ahalegina handia izan arren, kalibraketak merezi izan duela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Azterketa informatizatu eraginkor baten bila.
  • Laburpena: Gaur egun testak ohikoak dira ezagutza ebaluatzeko garaian. Gehienetan, ebaluatzailearen esperientzian eta eskarmentuan oinarrituta hartzen dira azterketarako galdera edo itemak. Test Egokigarri Inrormatizatu (TEI) batean pertsona akoitzak item ezberdinak ditu, aurreko erantzunen arabera. Hori lortu ahal izateko, item bakoitza kalibratu egin behar da, hau da, item bakoitzari balio batzuk eman behar zaizkio, prozesu jakin, zehatz bati jarraituz. Artikulu honetan azaltzen da zer egin behar den TEI bat osateko eta itemak kalibratzeko.
  • Egileak: Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado, Tomás Pérez, Conchi Presedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 145-152
  • DOI: 10.1387/ekaia.16368

—————————————————–
Egileaz: Anaje Armendariz, Javier López-Cuadrado eta Conchi Presedo UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak dira eta Tomás Pérez Hizkuntza eta Sistema Informatikoak sailekoa da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>