Udan ere zientzia begi-bistan #166

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Genetika

CRISPR-Cas 9 izeneko teknika lehen lerrora bueltatu da udan. Horren bidez mutazio bat ezabatzea lortu dute giza enbrioietan. Nazioarteko ikerketa talde batek eman digu berria. Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako, Txinako eta Hego Koreako adituak aritu dira batera. Ikertzaileen arabera, 58 enbrioi lortu zituzten teknika erabilita, eta 42k ez zuten gaitza eragiten duen mutazioa. Arrakasta %72koa dela nabarmendu dute, inoizko handiena.

Elhuyar aldizkariak eman digu horren berri ere. Gaixotasun genetiko batzuk ondorengoetara pasatzea saihesteko bide eraginkor eta seguru bat izan daitekeela ondorioztatu dute ikertzaileek, nahiz eta argi utzi duten oraindik asko hobetu behar dela klinikoki erabili ahal izateko. Ikertzaileek ondorioztatu dute CRISPR teknika in vitro ernalketarekin batera erabiltzea kardiomiopatia hipertrofikoa bezalako gaixotasun monogenikoak saihesteko bide eraginkorra izan daitekeela.

Medikuntza

Koldo Callado Hernando, medikuntza eta kirurgian doktorea, elkarrizketatu dute Berrian. Droga berrien eta klasikoen inguruan aritu da testu honetan. Droga mota berrien efektuak, oro har, psikoaktiboak eta pizgarriak direnez gehienak, jendeari euforia eragiten diote. “Asko oso lotuta daude jai giroarekin, eta logura murriztu eta gosea kentzen dute; jaiez jai gorputza martxan edukitzeko baliagarriak dira. Beste batzuek haluzinazioak edo barne munduko bidaiak eragiten dituzte”, azaltzen du. Berrien eta aspalditik dauden drogen arteko desberdintasunak azaltzen ditu tartean: “Droga ilegalen legezko alternatiba bihurtu dira droga berri horiek; denda espezializatuetan edo Internet bidez lor daitezke. Horixe da droga berrien arrakastaren gakoetako bat. Horiez gain, prezioz ere droga klasikoak baino merkeagoak dira, sintetizatzen ere errazagoak, eta odolean detektatzeko zailagoak dira”.

Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, desagertzear zeuden hainbat eritasun berrindartu egin dira. Automedikazioa, erabilera desegokia eta abeltzaintzako abusuak dira arazoaren motibo nagusiak, adituek diotenaren arabera. Gero eta nabarmenagoa da tuberkulosia, malaria eta halako eritasunen intzidentzia, bakterioen antibiotikoekiko erresistentziagatik. Hala ondorioztatu du Lierni Txintxurreta UPV/EHUko farmazia graduatuak (Donostia, 1994) bere gradu amaierako lanean. Ondorioei dagokienez, antibiotikoen erabilera normalizatu edo gehiegizkoak berekin ekar dezake infekzio batean medikamentu horien efektua baliogabetzea. Gauzak horrela, lehenago tratamendu bidez hiltzen ziren mikroorganismoek immunitatea dute zenbait antibiotikoren aurrean.

Zika birusak emakume haurdunen immunologia-sistema ahultzen duela frogatu dute Keck Medikuntza Fakultateko ikertzaileek (USC). Horretaz gain, ikusi dute birusak globulu zuri batzuk, CD14+ monozitoak, infektatzen dituela, eta M2 makrofago bihurtzen dituela. Makrofago horiek gorputzak patogenoa suntsitu duten seinale izaten dira; hortaz, gorputzak ez dio oztoporik jartzen hedatzeko eta ugaltzeko. Guztira, bi birus mota aztertu dituzte, Afrikakoa eta Asiakoa, eta ikusi dute bigarrenak kalte handiagoa egiten diela emakume haurdunei.

Biologia

Gloriana Chaverri biologoari elkarrizketa interesgarria egin diote Berrian. Saguzarrei buruzko nazioarteko biltzar batean parte hartu du Donostian, eta horiei buruz zertzelada batzuk eman ditu. Animalia hauek ingurumenari egiten dioten ekarpena azaldu du, hala nola “izurria ekar dezaketen intsektuen kontrola, hazien zabalkundea, zona tropikaletan, saguzarrak asko elikatzen dira fruituez, eta, libratzen direnean, haziak eramaten dituzte. Landareak polinizatzen ere egiten dute lana. Saguzar banpiroak zuhaitz handien azpian bizi dira, eta, libratzen direnean, elikagaiak ematen dizkiete zuhaitzei”. Gainera, badugu gizakiok saguzarrengandik zer ikasi: “Elkartasun handiagoa izatea gure artean, kooperatiboagoak izatea”.

Arkeologia

Arkeologoak Trebiñuko ‘Pozarrate’ izeneko aztarnategia arakatzen ari dira, duela 6.000 urteko sekretuak azaleratzeko. Zortzi urte eman ditu jada Andoni Tarriño geologoak aztarnategia arakatzen, baina iaz lortu zuen hiru kanpaina abiatzeko beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Zentroko ikertzailea da bera. Trebiñun, duela 6.000 urte inguru, Neolito garaiko gizakiek silexaren ustiaketa sistematikoari ekin zioten. Horregatik dabil baliabide horren arrastoaren atzetik. Harri puska horietatik abiatuz, duela 6.000 urteko gizartearen bizimodua argitu nahi dute. Modu antolatu batean joaten ziren. Baina Tarriñok aitortu du zaila izango dela meatzari horien herrixkak eta lantegiak topatzea.

Fisika

Kobalto aleazioak (kromozkoak, ruteniozkoak eta platinozkoak) eta baita kromo oxidozko aleazioak diseinatu, ekoitzi eta karakterizatu ditu Lorenzo Fallarinok egin duen ikerketan. Helburua? Ordenagailuetako grabazio magnetikoko memoria sistemak (disko gogorrak, USBak) hobetzeko material berriak bilatzea, baita material horien propietate magnetiko, fisiko, elektriko eta elastikoak ikertzea izan da.

Ingurumena

Gizakion jarduerak Lurraren tenperatura igotzea ekarri du (berotegi-efektua). Badira berotegi-efektuko gas ugari; ugariena CO2 da. Konposatu hori era naturalean sor daitekeen arren (jarduera bolkanikoan izan dezake jatorria, adibidez), karbonodun materialen erabilera antropogenikoaren ondorioz (energia-iturri fosilen errekuntzaz) bilakatu da klima-aldaketaren eragile nagusia. Karbono dioxidoaren isuriak atmosferan metatzen dira, eta horregatik beharrezkoa da horiek murriztea. Horri aurre egiteko hainbat estrategia planteatu dira. Adibidez, CO2-a bahitzea da. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Plastikoen erabilera asko handitu da. Prezio merkea, kalitate ona, edo prozesatzeko erraztasuna badute ere, ez dira biodegradagarriak eta iturri ez-berriztagarrietatik datoz. Hondakinen hazkundeari aurre egiteko, jatorri berriztagarri eta izaera biodegradagarria duten materialek bultzada handia jasan dute. Aipaturiko material hauen artean, baliabide naturaletatik sortutako biopolimeroak aurkitzen dira.

Ekainetik hona, troposferako ozonoaren kantitatea igotzen ari da eta behin baino gehiagotan gainditu ditu legezko mailak. Ibilgailu motordunek, trafikoak, autobideek eta industrialdeek handitzen dute ozonoaren kantitatea. Miguel Angel Ceballos Ekologistak Martxan-eko kideak azaltzen du ozono kontzentrazio handienak hiri handien kanpoalde eta landa eremuetan izaten direla. “Izan ere, ozonoa sortu ahal izateko beharrezkoak diren erreakzio fotokimikoek distantzia bat behar dute osagai kutsatzaileen iturrietatik”. Horretaz gain, itsasoaren hurbiltasunak ere badu bere eragina.

Astronomia

UPV/EHUko ikertzaile batzuek beste hainbatekin batera ezagutzera eman dute gaueko haizeak egunekoen desberdinak direla Artizarrean. Aurreikusi ezin diren haizeak, uhin geldikorrak eta laino aldakorrak topatu dituzte, ESAren Venus Express misioak hartutako datuei eta irudiak prozesatzeko teknika berriei esker. “Superrotazioa gauean zehar ere gertatzen da, baina mugimendu-aniztasun zabalagoa du, eta orain artean ikusi gabeko laino mota ezberdinak agertzen dira, egun batetik bestera aurreikusi ezin den moduan bortizki aldatzen diren lainoak”, dio Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak.

Neurozientzia

Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariek hizketaren tonu-aldaketak nola detektatzen ditugun azaldu dute. Intonazioa da funtsa. Adibidez, esaldia neutroa edo galdera izan daiteke, eta hitz bat edo bestea indartzean ere esanahia aldatu egiten da. Ikerketan ikusi dute, gainera, ahotsak bereizten dituzten neuronek ahots bakoitzaren tonu absolutua detektatzen dutela, eta intonazioa bereizten dutenek berriz, tonu erlatiboa, alegia, hizlariaren ahotsak uneoro dituen tonu-aldaketak.

Hizkuntzalaritza

Zenbait ikerketen arabera, test informatikoek abantaila asko dauzkate paperean egiten direnen aldean; besteak beste, azterketa gehiago egin daitezke eta erantzunak ere azkarrago prozesatzen dira. Test informatizatu hauek ohikoak, hau da, azterketa egingo duten pertsona guztiek azterketa bera izango dute, edo egokigarriak izan daitezke. Test egokigarriak informatizatuak izaten dira eta item bakoitzak parametro batzuk eduki behar ditu, ondorioz, kalibraketa egitea ezinbestekoa da.

Osasuna

Zaldi haragia osasuntsuagoa da? Artikulu honetan topatuko dugu erantzuna. Zaldi haragia ezaugarritzeko asmotan, bere konposizio kimikoa eta gantz-azidoen profila aztertu dira. Ikusi da gantzaren kopurua desberdina dela ikusi dira herrialde ezberdinetan jasotako laginen artean. Halere, herrialde guztietako laginen batez besteko gantz kopuruak %3ren azpitik daude. Urtaroari dagokionez, bada beste desberdintasun bat: neguan jasotako laginen gantz-azido monoasegabeen ehunekoa (%32.3) udaberrikoena (%35.4) baino baxuagoa izan da. Hortaz, zaldi haragia koipe gutxi eta gantz-azidoen profil onuragarria duen haragia desiratzen duten kontsumitzaileentzat egokia izan daitekeen produktua da.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.