Pirinioetan bizi izan zen sirenio ugaztun berria aurkitu dute

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena da topatu dutena.

1. irudia: “Sobrarbesiren cardieli” sirenioaren eskeletoko ia hezur guztiak aurkitu dira: 3 buru-hezur, orno eta saihets ugari eta aurreko eta atzeko gorputz adarretako hezurrak.

Duela 42 milioi urte bizi izan zen sirenio itsas mamifero espezie berria deskribatu dute: “Sobrarbesiren cardieli”. Geoparque Mundial de la Unesco Sobrarbe-Pirineosen egin dute aurkikuntza, egungo Huescako Pirinioan Kantauri itsasora zabaldutako golkoko itsasertza zen garai hartan. Ugaztun primitibo honen 300 fosil baino gehiago aurkitu dira eta 6 indibiduo ezberdin direla ikusi da, haien artean banako jubenilak eta helduak.

Ezagutzen diren itsas ugaztun herbiboro bakarrak dira sirenioak, hori dela eta, “itsas-behi” ere deitzen zaie. Gaur egun, lau espezie baino ez daude, latitude tropikaletako ibai eta kostaldeetan bizi diren dugongoak eta manatiak.

Duela 50 milioi urte azaldu ziren lehendabiziko ugaztun itsastar hauek eta Afrikako ugaztun lehortar talde bat izan zen beraien arbasoa. Uretako bizimodura egokitzeko hainbat aldaketa pairatu zituen sirenioen gorputzak: ilea eta belarrien galera eta gorputz hidrodinamikoaren garapena, lepoa laburtuta eta gorputz adarretan aldaketa sakonak pairatuta.

Aurrealdeko gorputz adarrak hegats bilakatu ziren eta atzealdekoak desagertzeko joera erakutsi dute, pelbis eta femur bestigialetara murriztuta geratu arte. Bestalde, birika luzangak garatu zituzten, ia animaliaren gorputz osoa zeharkatzen dutenak. Honek, hegats itxurako isats lautuarekin eta hezur trinko eta lodien garapenarekin batera, sakonera txikiko igerilari motelak izateko ahalmena eman die eta hondoko itsas landarediaz elikatuta bizi dira.

2. irudia: Itsas ugaztun herbiboro bakarrak dira sirenioak,. Gaur egun, lau espezie baino ez daude, horien artean irudiko dugongoak eta baita manatiak.

Sirenioaren izena, “Sobrarbesiren cardieli”, Sobrarbe eskualdearen eta aztarnategiaren aurkitzailearen (Jesús Cardiel Lalueza) omenez jarri diote. Sirenioen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko garrantzitsua da espezie berri hau, izan ere, oraindik lau hankadun sirenioa da, atzealdeko gorputz adarrak funtzionalak zituen eta ingurune urtarrera guztiz egokituta ez zegoen.

Castejón de Sobrarbe aztarnategiko indusketa paleontologikoak 2009an hasi ziren eta ordutik Erdi Eozenoko (duela 42 milioi urte, gutxi gorabehera) aztarnategi honetan ornodunen 600 bat fosil berreskuratu dira, horietatik 300 baino gehiago sirenioenak. “Sobrarbesiren cardieli” sirenioaren eskeletoko ia hezur guztiak aurkitu dira: 3 buru-hezur, orno eta saihets ugari eta aurreko eta atzeko gorputz adarretako hezurrak, animalia hauetan atal garrantzitsuenak direnak barne (pelbisa, femurra eta fibula edo peronea).

Fibula, gainera, ezagutzen den zaharrena da. Dortoka, krokodilo, musker, marrazo eta ugaztun txikien fosilak eta baita ornogabe eta landare fosilak ere aurkitu dira aztarnategian. Fosil hauekin eta aztarnategiko ikerketa geologikoarekin batera, Sobrarbesiren sirenioa bizi zen paleoingurunea nolakoa zen jakin da. Sobrarbe eskualdeko gune hau Bizkaiko Golkora zabaltzen zen itsasertzeko eremu bat izango litzateke, landaretza eta klima tropikal bateko delta batean amaituko zena.

Fosilen kontserbazio ona eta ugaritasuna dela eta, Sobrarbeko sirenioak munduko Erdi Eozenoko sirenio fosil bildumarik onena da. Haien interesa are gehiago areagotzen da “Sobrarbesiren” Eurasiako lehendabiziko lau hankadun sirenioa dela eta Europa mendebaldeko espezie zaharrena dela kontutan hartuta. Aurkikuntza honek, Iberiar Penintsula eta batez ere Huesca probintzia ugaztun urtar hauen eboluzioaren lehendabiziko urratsak aztertzeko munduko gunerik garrantzitsu bihurtu du.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Duela 42 milioi urte Huesca-ko Pirinioetan bizi zen sirenio ugaztun berri bat aurkitu da

Erreferentzia bibliografikoa:

Díaz-Berenguer, Ester et al., (2018). First adequately-known quadrupedal sirenian from Eurasia (Eocene, Bay of Biscay, Huesca, northeastern Spain). Scientific Reports, 8(1), 5127. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-018-23355-w

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.