Muxar txikiaren arbaso euskaldunak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Muxar txikia (Muscardinus avellanarius) karraskarien taldean sailkatutako ugaztuna da. Burutik uzkira 6-9 cm neur ditzake eta haren buztanak 5-7 cm-koa izan daiteke. 16 eta 20 gramo bitarteko pisua du, urte sasoiaren arabera. Izan ere, urritik apirila bitartean, hibernatzen duenean pisua irabazten du, gutxi gorabehera 30-40 gramo bitartean. Ilaje gorrixka du eta begi handiak eta ilunak. Batez ere, gabez dihardute eta zuhaitzen adarretan pasatzen dute denbora gehiena. Izan ere, denbora asko igarotzen dute zuhaitz gainetan elikagaien bila.

Frantziako ekialdetik Errusiaraino lurraldeetan bizi da muxar txikia, ia-ia Europa osoan bizi da baina egun, ez dugu muxar txikirik Euskal Herrian. Hala ere, UPV/EHUko ikertzaileek karraskari honen arrastoak aurkitu dituzte Arrasateko Lezetxiki kobazuloan. Goi Pleistozeno garaikoak dira hauek, 125.000-10.000 urte artekoak. Hauek dira, muxar txikiaren arbaso euskaldunak.

Irudia: Muxar txikia (Muscardinus avellanarius). Argazkia: Ettore Balocchi / CC BY lizentziapean.
Irudia: Muxar txikia edo Muscardinus avellanarius. (Argazkia: Ettore Balocchi / CC BY lizentziapean.)

Muxar txikia Europan eta Asia Txikian du jatorria baina Iberiar penintsulan aurkitu ziren haren lehendabiziko arrastoak. Lehen aztarna hauek Miozeno garaikoak dira, duela 23 eta 5 milioi urte arteko garaikoak. Europako beste eremu batzuetara hedatu ostean, Pliozenoaren hasieratik desagertuta egon da karraskari honen zantzua penintsulako fosil erregistrotik. Hala ere, Muscardinus avellanarius espeziearen Goi Pleistozeno garaiko arrastoak (duela 125.000 eta 10.000 urte artekoak) aurkitu dituzte Arrasateko Lezetxiki aztarnategian UPV/EHUko ikertzaileek. Quaternary Science Reviews aldizkari entzutetsuan argitaratu dute aurkikuntza.

Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko, eta Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileen aurkikuntzak garrantzi bikoitza du. Alde batetik, Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren hortzak Iberiar penintsulan aurkitutako espezie horren Kuaternarioko lehenengo arrastoak dira. Bestalde, Lezetxiki da muxar arrastoak aurkitu diren Europako lekurik hego-mendebaldekoena; horrek espezie horren banaketa geografikoa zabaltzen du. Bestalde, Lezetxikin aurkitutako muxar txikiaren arrastoek emandako informazio paleoekologikoak berretsi egiten ditu maila berberetan identifikatutako mikrofaunaren analisiaren ondorioak: alegia, garai hartako klima gaur egungoaren antzekoa zela, eta, beraz, haitzuloaren ingurua basotsua izango zela.

Lezetxiki ezaguna da nazioartean, neandertalen eta Homo heidelbergensis espezieen giza aztarnak aurkitu diren Kantauri itsasoko ertzeko aztarnategi bakarrenetakoa baita. Gainera, ez da lehen aldia koba horrek paleontologiaren arloan ezusteak ematen dituena. Alvaro Arrizabalaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak zuzendutako azken indusketa kanpainetan, haren ikerketa-taldeak makakoaren Europako azken aleetako baten (Macaca sylvanus) beheko masailezurraren zati bat aurkitu du, bai eta urkietako arratoiaren (Sicista betulina) Iberiar penintsulako lehendabiziko aztarnak ere.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Garcia-Ibaibarriaga, N., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., Rofes, J. and Murelaga, X. 2015. The return to the Iberian Peninsula: first Quaternary record of Muscardinus and a palaeogeographical overview of the genus in Europe. Quaternary Science Reviews 119: 106-115.
  • Castaños, P., Murelaga, X., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., 2011. First evidence of Macaca sylvanus (Primates, Cercopithecidae) from the Late Pleistocene of Lezetxiki II cave (Basque Country, Spain). Journal of Human Evolution 60: 816-820
  • Rofes, J., Garcia-Ibaibarriaga, N., Murelaga, X., Arrizabalaga, A., Iriarte-Chiapusso, M.J., Cuenca-Bescós, G., Villaluenga, A., 2012. The southwesternmost record of Sicista (Mammalia; Dipodidae) in Eurasia, with a review of the palaeogeography and palaeoecology of the genus in Europe. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 348-349: 67-73

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Muxar txikia Iberiar penintsulara “itzuli” da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.