Asteon zientzia begi-bistan #205

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astrofisika

Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariek azaldu ziguten Hubble iraupen luzeko misio zientifikoa izateaz gain, ezagutzen den arrakastatsuenetarikoa ere izan dela. Hubble teleskopioak 28 urte daramatza orbitan unibertsoa arakatzen. Badira urte batzuk eta ordezkoa ere prest dute erretiroa har dezan. Ángel Gómez kazetariak Zientzia Kaieran aurkeztu digu Hubbleren ondorengoa James Webb izeneko espazio-teleskopioa izango dela. Webb espazio-teleskopioa hiru zatitan jaurtiko da espaziora eta geroago espazioan muntatuko dira zatiok. Optika-aparailuak material arin eta sendoaz eginak ditu, berilioz; horrez gain, hozkailu kriogenikoak izango ditu, teleskopioko detektoreak 7ºK-era jaisteko.

Biologia

Naturak baditu hamaika trikimailu biziraupenerako. Henry Walter Bates naturalistak, XIX. mendean Amazoniara egin zuen bidaian, ikusi zuen Dismorphia espezieko tximeletek toxikoak ziren beste espezie batekoen itxura hartzen zutela harrapakariengandik ihes egiteko. Hau da, “babeserako baliabideak zituztenak” imitatuz babesten ziren. Bere omenez batesiar mimetismoa izena jarri zioten fenomenoari. Batesiar mimetismoaz baliatzen diren Syrphidae eta Bombilidae familiako dipteroei buruz hitz egin digute Euskalnaturan. Mikel Yarzak Syrphidae familiako eulien kasua kontatzen digu. Familia horretako espezie askok himenopteroak (intsektuen ordena zabala da eta beraien artean erleak, liztorrak eta inurriak daude) imitatzen dituzte, haien kolore hori eta beltzen patroiak hartuz. Xehetasun guztiak Mimetismo batesiarra sirfidoetan artikuluan.

Badira gehiengoak egiten duenaren kontra jokatzen duten animaliak. Esaterako, Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutiak azaldu digute igel batzuek, beste anfibio gehienek egiten dutenaren kontra, uretatik urrun hazten dituztela ondorengoak. Adibidez, espezie tropikal batzuek zapaburuak landare jakinen hostoetan bildurik uzten dituzte, ur-bolumen txiki eta mugatuetan haz daitezen. Ur-bolumen txikiko lekuan hazteak badu nolabaiteko ordaina. Ranitomeya imitator espezieko igelek ur-bolumen oso txikiak erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko. Ur-bolumen txikia ez da nahikoa zapaburua hazteko beraz igel bikoteak zaindu egin behar du zapaburua. Ingurune-baldintza honek monogamoa bihurtu du Ranitomeya imitator igela. Bera da monogamia biologikoa duen lehen urlehortarra.

Biokimika

Nagore Elu biokimikariak Angelman sindromea ikertzen dihardu UPV/EHUko ikertalde batean. Ikerketaren helburua da Angelman sindromearen oinarri molekularrak argitzea. Doktoretzako bigarren urtean egiten ari da eta ikertzeaz gain baditu bestelako eginkizunak, horien artean zientziaren dibulgazioan jarduten du Ondarroako Zientziaren Giltzak elkartean. Zientzia-gaiak gizarteari hurbiltzea funtsezkoa iruditzen zaio Nagoreri: “Iruditzen zait jende askori arrotzak egiten zaizkiola zientzia eta teknologia, eta gai horiek normalizatzeko, hurbiltzeko ahalegin bat egin behar dugu guk, ikertzaileok”. Ana Galarragak ekarri digu ikertzaile gazte honen egunerokotasunaren nondik norakoak: “Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa da“.

Ekologia

2014ko ikerketa batek adierazi zuen plastikoen eta arrantza-tresnen hondarrak zirela itsasoko uretan gehien ikus zitezkeenak. Lau urte beranduago egoerak okerrera egin du eta itsasoa gizakion zabortegia bihurtu dugu. Izan ere, Sustaturen bidez jakin dugu munduan zehar, minutuero, zabor kamioi bat husten dela itsasoan, eta zabor horren zati handi bat plastikoa dela. Nerea Segurak egoeraren larritasuna agerian uzten dituen hainbat datu eman dizkigu. Esaterako, itsasora botatzen ditugun plastikozko botilek 500 urte behar dituztela deskonposatzeko eta hauen tapoiak betirako irauten dutela. Xehetasun guztiak “Plastiko hondakinak jaten ditugu egunero” artikuluan.

Gizakiok bizidunen % 0,01 gara. Kopuruari dagokionez birusak, zizareak, edo arrainak baino gutxiago gara baina, aldiz, biosferan asko eragiten dugu. Munduan biomasaren banaketari buruzko ikerketa bat abiapuntu hartuta, Ana Galarragak azaldu digu gizakion pisu kuantitatiboa txikia izan arren, gure zibilizazioak espezie guztiengan izandako suntsipen eragina handia izan dela. Hala da, gizakia suntsipen handiko izakia da, ugaztun basatien % 83a eta landareen % 50a desagerrarazi baitu.

Geologia

Garai bateko bizitzaren arrastoak dira iknofosilak. Lurraren historiaren erakusleihoak dira aztarna hauek eta Zumaian kokatuta dagoen Euskal Kostaldeko Geoparkeak iraganeko leiho bat atondu du, orain dela 53 milioi urteko izaki bizidunek utzitako aztarnen iknofosilaren erreplika eginez. Erreplika egitearen arrazoia izan da itsasoaren higadurak eta euriak fosilen aztarnetan eragindako kalteak saihestea eta aztarnaren “biziraupena” bermatzea. Arantxa Iraolak Berrian jakitera eman digu erreplikak sei metroko luzera duela eta metro bateko zabalera eta, bertan, garaiko animalien sigi-sagek utzitako arrastoak daudela.

Sustatuk ere jaso du erreplika honen berri. Ondare geologikoa den iknofosila itsas hondoan eratu zen, 1.000 metroko sakoneran. Iknofosilaren erreplika zehatza egin dute Eleuterio Baeza Museo Geomineroko kontserbatzailearen gidaritzapean, UPV/EHUko Arte Ederretako ikasleen laguntzarekin eta ia ez dago alderik originala eta kopiaren artean. Aztarnan 50 arrasto baino gehiago ikus daitezke eta Sustatun azaltzen digutenez “ekinido arrasto multzoa ikus daiteke bertan, itsas trikuaren itxurako animaliek egindakoak”.


Bideoa: Zumaiako Baleike agerkariak Itzurun hondartzan dagoen 6 m-ko iknofosilaren erreplika egiteko prozesua jaso du urratsez urrats.

Ingeniaritza

Eguzki-energia lortzeko, polimerozko zuntz optiko hibrido bat sortu du modu eraginkorrean eta merke UPV/EHUko Itsaso Parola ikertzaileak. Zuntz optikoa sortzeko ikertzaileak osagai organikoak eta ez-organikoak dituen polimeroa erabili du eguzki-kontzentragailu moduan. Zuntz optiko honek eguzki-argia xurgatzen du eta uhin-luzera handiago batean igortzen du; argia zuntz optikoaren muturrera garraiatzen du barne-islapen osoaz, eta muturrean, zelula fotovoltaikoa kokatzen da.

Kimika

Ez da ezaguna urak bi forma ezberdin (isomeroak) dituela maila molekularrean. Baliteke orain ezagunagoa egitea, kontuan izanik Basileako Unibertsitateak lortu duela bi forma hauek bereiztea eta erreaktibotasun kimiko desberdinak ager ditzaketela erakustea. Ana Galarra kazetariak eman digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Uraren bi isomeroak bereizita, erreaktibitatean aldea dutela frogatu dute.

Neurozientzia

Juanma Gallego kazetariak gai kitzikagarri bat hurbildu digu egunotan. Ikertzaileek isolamenduak eulien eta arratoien garunean duen eragina frogatu dute, eta uste dute antzeko prozesua jazo daitekeela ere gizakiengan. Eta zein da eragin hori? Antza, isolamenduak oldarkorragoak bihurtu ditu animaliak eta etengabeko beldurra pairatzen dute. Izan ere, isolamendu kronikoak garunean sustantzia kimiko berezi bat sortzen du eta honek garuna eraldatzen omen du. Datu guztiak “Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute” artikuluan.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.