Monogamia urlehortarra

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira

———————————————————————————————————–

Igel batzuek, beste anfibio gehienek egiten dutenaren kontra, uretatik urrun hazten dituzte ondorengoak. Ur-masa horietan ⎯ibai, aintzira, urtegi edo zingira⎯ harrapari ugari daudelako jokatzen dute horrela. Ur horietatik alde eginez, kumeek ⎯larbek, kasu honetan⎯ bizirik irauteko eta heldutasunera iristeko aukera gehiago dituzte.

1. irudia: Uretatik urrun hazten dituzte ondorengoak zenbait igelek.

Jakina, inguru lehorrak baldintza oso gogorrak ezartzen dizkie urlehortarrei, batez ere igel edo apo bihurtzeko igaro behar duten metamorfosia oraindik burutu ez badute. Zapaburuak diren bitartean, uretan bizi behar dute halabeharrez; haien hornidura anatomikoa eta fisiologikoa, ez bata eta ez bestea, ez dira egokiak lehorreko lurzoruaren gainean bizitzeko. Hori dela eta, espezie tropikal batzuek zapaburuak landare batzuen hostoetan bildurik gelditzen den ur-bolumen txiki eta mugatuetan hazteko gaitasuna garatu dute. Euriaren ondorioz sortzen diren ur-biltegi txiki horiei phytotelmata esaten zaie.

2. irudia: Phytotelmatan, landare batzuen hostoetan bildurik gelditzen den uretan, hazten dituzte zapaburuak zenbait igelek. (Irudia: Überraschungsbilder).

Antza denez, baldintza berezi horiek eraginda sortu da zapaburuak elikatzeko prozedura aparta: igel emeak, amak, beste arrautza bat erruten du larba dagoen phytotelmatan. Ernaldu gabe dago, bere zeregin bakarra zapaburuaren elikagaia izatea baita. Gurasoen arreta handia eskatzen du prozedura horrek, baina bistan da merezi duela, ez baitzen bestela sortuko, eta, batez ere, ez baitzen denboran zehar mantenduko.

Aurreikuspen teorikoen arabera, kide monogamoek osatutako bikoteak sortzea errazagoa da gurasoen arreta handia beharrezkoa denean. Dirudienez, ondorengoak aurrera ateratzeko ahalegin handia egin behar denean, emankorragoa da bi bikotekideek umeak zaintzen ahalik eta ahalegin handiena egitea, bikotetik kanpo ugaltzeko aukerak bilatzea baino.

Amazonas oihanean elkarren antz handia duten bi igel-espezie bizi dira, biak pozoitsuak; haien habitatak ere oso antzekoak dira; are gehiago, berdinak izango lirateke kontu txiki batengatik ez balitz. Ranitomeya imitator espeziekoek ur-bolumen oso txikiak (24 ml) erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko eta Ranitomeya variabilis izenekoek apur bat handiagoak (110 ml) erabiltzen dituzte. Lehena monogamoa da, baina bigarrena ez. Azterketa genetikoek erakutsi dutenez, gainera, biologikoa da monogamia, ez soziala bakarrik. Izan ere, aurkituriko monogamia biologikoa duen lehen urlehortarra da Ranitomeya imitator.

3. irudia: Ranitomeya imitator espeziekoek ur bolumen oso txikiak (24 ml) erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko eta Ranitomeya variabilis izenekoek apur bat handiagoak (110 ml). (Irudia: Gabsch).

Hain ur bolumen txikiak erabiltzen dituenez, oso baliabide gutxi dago bertan; izatez, uretan dagoena ez da nahikoa zapaburua hazteko, eta hori dela eta, bikotekideek zaindu egin behar dute. Lehen aipatu ditugun arrautza trofikoak erabiltzen dituzte horretarako. Hain da handia zaintzak eskatzen duen ahalegina, non bi bikotekideak lankidetzan aritzera behartuta baitaude. Ranitomeya variabilisen kasua desberdina da; zapaburua hostoetan gelditu den uretan utzi ondoren, kasik ez diote kasurik egiten. Amak guztiz galtzen du ardura eta aita lur-eremua zaintzen gelditzen da.

Garrantzizkoa izan da aurkikuntza hau, agerian uzten baitu espezieen parekatze-sistema aukeratzeko orduan ingurune-baldintzek duten eragina. Ingurune-baldintzez ari garenean, baliabideei buruz ari gara, ur-putzuetan dagoen janari-kantitatea baita gakoa.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Monogamia urlehortarra | EIBZko liburutegia

[…] Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia / 2018-05-31 / 425 hitz […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>