Fluordun konposatuak gure kostaldeko bizidunetan

Itsaso Zabaleta, Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto, Olatz Zuloaga

Iaz albiste kezkagarria argitaratu zuen Greenpeacek zenbait etxe komertzial ezagunetako mendirako arropa eta osagarrietan konposatu perfluoratu (PFCs) toxikoak daudela esan zuenean. Izan ere, konposatu per- eta polifluoratuak (PFAS-ak) gure eguneroko bizitzan erabiltzen diren material eta tresna ugaritan aurki ditzakegu euren egiturak ematen dizkien propietate bereziei esker.

Irudia: Lazun (Chelon labrosus) eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira kutsaduraren balorazio bat egin ahal izateko. (Irudia: Roberto Pillon).

Alde batetik, fluoro atomoz guztiz (per-) edo partzialki (poli-) ordezkaturiko kate hidrofobikoa dute, zeinak ura aldaratzeko propietatea ematen dien. Bestalde, kate hidrofobiko horri lotuta buru hidrofilikoa dute, neutro edo positiboki edo negatiboki kargatuta egon daitekeena. Buru hidrofiliko horrek koipea aldaratzeko gaitasuna ematen die. Egitura berezi horrek konposatu tentso-aktiboak bihurtzen ditu eta egun izan ditzaketen erabileren artean, aipatzekoa da babesgarri bezala duten erabilera anitza; hala nola, alfonbretan, kirol-arropetan, jakiak ontziratzeko materialetan eta sukaldeko tresnetan aurki daitezke. Era berean, konposatu kimiko bezala ere erabiltzen dira sua itzaltzeko aparretan, xanpuetan, tintetan eta margoetan, besteak beste.

PFAS-en presentzia ingurumenean oso nabaria izaten ari da azken urteotan eta horien agerpena iturri antropologikoei egozten zaie batez ere. Organismo itsastarrak bizi diren ur-sistemako kutsaduraren oso bioadierazle egokiak dira, bertan biometatzen baitira uretan dauden kutsatzaileak. Ostrak, muskuiluekin batera, sarri erabili dira ohiko kutsatzaileen monitorizazioa burutzeko ur-sistemetan. Bestalde, PFAS-en kasuan, kate trofikoan gora kutsatzaile horien kontzentrazio altuagoak aurkitzen direla ikusi da zenbait ikerketa lanetan. PFAS-en ezaugarriak direla-eta (hidrofobikoak izateaz gain lipofobikoak ere direnez gero), gantz asko duten ehunetan metatu beharrean, proteinetan aberatsak diren ehunetan metatzeko joera dute, hala nola, odolean, gibelean edo giltzurrunean. Ildo horri jarraituz, ondoko lanean Frantziako, Euskal Herriko, Espainiako eta Portugaleko kostaldean arrantzatutako lazun (Chelon labrosus) eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira, gure ingurumenaren kutsaduraren balorazio bat egin ahal izateko.

Lazunen gibelen kasuan, azido perfluorooktanosulfonikoa (PFOS), azido perfluorodekanoikoa (PFDA) eta perfluorooktanosulfonamida (PFOSA) izan dira lagin-biltze puntu guztietan (Gernika, Arriluze, Plentzia eta Pasaia) detektatutako PFAS-ak. PFOS izan da lagin-biltze puntu guztietan gailendu den konposatua eta Gernikako puntuan detektatutako kontzentrazio-mailek (443-1.214 ng/g) zer pentsa handia eman beharko luteke. Izan ere, lazunak arrantzatu diren puntutik oso gertu araztegia aurkitzen da, zeinek uraren tratamendu primarioa egin ondoren, emaria berriro itsasadarrera isurtzen duen. Era berean, Gernikan hainbat industria dago, hala nola, metalurgia, automozioa, eta plastiko industria. Hori dela-eta, industria guzti horien hondakinak zenbait kutsatzaileren balio altuen adierazgarri izan daitezke. Azkenik, aipatzekoa da lagin-biltze puntutik gertu suhiltzaileen parkea dagoela, non erabiltzen diren sua-itzaltzeko aparrak PFOS-en iturri izan daitezkeen. Gainontzeko lagin-biltze puntuetan lortutako PFOS kontzentrazioak Gernikan aurkitutakoak baino baxuagoak badira ere, Arriluzen 9,0-37,6 ng/g, Plentzian 3,8-11,7 ng/g eta Pasaian 5,9-6,7 ng/g, gure kostaldean PFASs iturriak badirela argi dago.

Lan honetan bildu diren ostrak Frantziako (Arcachon eta La Rochelle), Euskal Herriko (Urdaibai), Espainiako (Ostranor) eta Portugaleko (Sado eta Aveiro) kostaldean dute jatorria. Kasu honetan PFOS eta PFOSA izan dira detektatutako fluordun konposatu bakarrak, betiere gibelean lortutako kontzentrazioak baino baxuagoak lortuz (gehienez, 1.7 ng/g PFOS Arcachonen). Frantziako Kostaldeko eta Urdaibaiko ostretan bakarrik aurkitu dira aipatutako konposatuak.

Ostren kasuan, gibelak baino PFAS-ak metatzeko gaitasun baxuagoa dutela ikusi da, PFAS-ek organismoen proteinetara lotzeko joera berretsi daitekeelarik. Lan honekin, esan liteke konposatu hauen azterketa ur-sistemetan egiteko arrainen gibela bioadierazle egokia dela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Fluordun konposatuak gure kostaldeko bizidunetan
  • Laburpena: Egun, konposatu per- eta polifluoratuek (PFAS-ek) gure eguneroko bizitzan dituzten erabilera anitzak direla eta, ingurunean gero eta nabariagoa da euren presentzia. Ur-ekosistemen egoera aztertzea helburu, organismo itsastarrak kutsaduraren adierazle ezin hobeak dira. Ildo horretan, lan honetan Frantziako, Euskal Herriko, Espainiako eta Portugaleko kostaldeetako lazunen (Chelon labrosus-en) gibelak eta ostrak (Ostrea edulis) aztertu dira. Gibelen kasuan, azido perfluorooktanosulfonikoa (PFOS), azido perfluorodekanoikoa (PFDA) eta perfluorooktanosulfonamida (PFOSA) izan dira laginak biltzeko puntu guztietan detektatutako PFAS-ak. Aipatzekoa da Urdaibaiko Erreserba Naturalean kokatuta dagoen Gernikako itsasadarrean aurkitutako PFOS-aren kontzentrazioak (443-1214 ng/g), araztegiaren edota industriaren eragina nabarmenduz. Ostren kasuan, PFOS eta PFOSA izan dira detektatutako kutsatzaileak, betiere gibelean lortutako kontzentrazioak baino baxuagoak.
  • Egileak: Itsaso Zabaleta,Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto, Olatz Zuloaga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 51-66
  • DOI: 10.1387/ekaia.17830

—————————————————–
Egileez: Itsaso Zabaleta,Dennis Bilbao, Ekhine Bizkarguenaga, Ailette Prieto eta Olatz Zuloaga UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>