Lekeitioko aztarnategi batean aurkitutako zeramikazko ontziak balea olioa gordetzeko erabili izan zirela eta, ziur aski, Balaenoptera generoko baleen olioa izatea ontzi horietan gorde zutena berretsi du lan batek.
Lekeitioko aztarnategi batean egindako indusketa batean XVI-XVII. mendeetako bodega bat aurkitu dute, balea olioaren salerosketarako eta biltegiratzeko erabiltzen zena. Aztarnategitik ateratako bost tinaren bost zati zeramiko analizatu dira ikerketan.
Lagin zeramiko bakoitzaren 1 g-ko eduki lipidikoa erauzi eta teknika kromatografiko bidez analizatu dute estraktua: masa-espektrometro batera akoplatutako gas-kromatografia (GC-MS) eta kuadrupolo bidezko hegaldi-denborako masa-espektrometro batera akoplatutako bereizmen handiko kromatografia likidoa (HPLC-ESI-QToF). Ekipamendu horiek kromatografikoki bereizten dituzte zeramiketan dauden konposatu organiko lipidikoak, konposatuak zatitzen dituzte eta zatiok masa-espektrometria bidez identifikatzen dituzte.
Identifikazioa zuzen egin ahal izateko eta balea koipea izan zutela berretsi ahal izateko balea espezie batzuen koipearen lau lagin fresko analizatu dituzte. Lagin arkeologikoak analizatzeko erabilitako prozedura bera aplikatu zaie lagin horiei, espezie bakoitzaren profil lipidiko bereizgarria ezartzeko eta, ondoren, zeramika arkeologikoetan lortutako emaitzekin alderatzeko.
Erreferentziako material gisa erabilitako lagin freskoen emaitzekin eduki lipidikoa balearen generoaren arabera sailka daiteke. Alegia, Balaenoptera generoko espezieek triglizeridoen eta gantz-azidoen profil antzekoa daukate; Megaptera eta Phocoena generoetako espezieen profilak, berriz, erabat desberdinak dira. Beraz, Lekeitioko tinetan gordetako eta haietatik erauzitako koipeari eta olioari zer balea genero dagokien jakin daiteke, erreferentziako profilekin konparatuta.
XVI-XVII. mendeetan Bizkaiko kostako jarduera produktiboenetako bat izan zen baleen arrantza. Euskal arrantzaleek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen zuten Ternua eta Labradorreraino (Kanada) eta balea bat arrantzatzen zutenean, haren koipea erauzten zuten. Zurezko upeletan sartu eta Euskal Herrira ekartzen zuten bueltan, Espainian eta Europan saltzeko. Salmentari ekin baino lehen, koipea zeramikazko tina handietan gordetzen zen euskal portuetako kaietan, banatzeko prest egon zedin.
Lagin arkeologikoak analizatuta, profil lipidikoak Balaenoptera generoko espezieekin bat egiten duela ikusi da. Nolanahi ere, artxibo historikoek diotenez, balea groenlandiarraren eta sarda balearen arrantza —Balaena eta Eubalaena generokoak, hurrenez hurren— zen ohikoena Kanadako eremu hartan. Beraz, funtsezkoa da genero horietako balea koipe freskoaren analisia egitea, lan honetan ikertutako espezieen profil lipidikoarekin alderatzeko eta, hala, haien diferentziak eta antzekotasunak aztertzeko.
Lagin arkeologikoetan aurkitutako hondakin organikoen analisiaren araberako ikerketari esker merkataritzarekin, elikadurarekin edota kultura-errituekin lotutako antzinako ohitura eta tradizioen berri izateko aukera dago. Zeramikazko ontziak dira batez ere aztarnategi eta indusketa arkeologikoetan aurkitzen diren materialak. Zeramiken matrize porotsua dela eta, material paregabeak dira elikagai edo material jakin batzuen, hala nola animalia edo landare koipeen konposatu espezifiko batzuk (biomarkatzaile esaten zaienak), ehunka edota milaka urtez mantentzeko. Ontzien zatiak aztertuta, agerian geratzen da antzina zer erabilera ematen zitzaien material horiei eta antzinako tradizioei buruzko informazio garrantzitsua lor daiteke.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik
Erreferentzia bibliografikoa:
GC–MS and HPLC-ESI-QToF characterization of organic lipid residues from ceramic vessels used by Basque whalers from 16th to 17th centuries. Microchemical Journal, 137, 190-203. DOI: https://doi.org/10.1016/j.microc.2017.10.017
2 iruzkinak
[…] Zientzia Kaierak idatzi, EHUko prentsa bulegoko testu bat iturri hartuta. […]
[…] adibidean XVIII. mendearen amaierara arte bidaiatu behar dugu. Garai hartan Ipar Amerikako baleontziek bazeukaten Karibe itsasotik Europarantz zihoan itsas korronte bero baten berri, eta ehizatu nahi […]