Ugaztunik arraroena

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira


Somalia, Kenya eta Etiopiako larre elkorren azpian sator bat bizi da; sator biluzia du izena eta bera da ezagutzen den ugaztunik arraroena. Hartzen dugun ezaugarria ia edozein dela ere, ez da sator biluzia bezain ugaztun bitxirik.

sator biluzia
Irudia: Animalia ugaztun arraroenetarikoa da sator biluzia.

Izenak berak dioenez, ilajerik gabeak dira sator biluziak. Itxura berezi samarra dute, hortaz, baina itxura baino gehiago, berezia da haien sistema soziala. Kolonietan bizi diren karraskari zulatzaileak dira, eta termitak bezala bizi eta ugaltzen dira. Eme bakarra dago kolonia bakoitzean; eta eme hori da ugaltze-lan osoa egiten duena. Emeaz gain, tamaina txikiko banako arren kasta bat bada; eurak dira janari bila aritzen direnak, bai eta gordelekuak zulatzen dituztenak ere. Langileak dira, beraz, ar txiki horiek.

Heterotermia aztertu dugun atalean esan dugun bezala, sator honen gorputz-tenperatura, 30 °C-tan konstante mantentzen da, baina gorputz-beroaren jatorria ez da metabolismoa, bizi den zuloa baizik. Hortaz, animalia ektotermoa da, baina teknikoki homeotermoa, gorputz-tenperatura ez baita aldatzen. Ugaztunen artean salbuespena da, beraz, sator biluziaren estatus termikoa, eta, zenbaiten aburuz, zuloetan bizitzearekin zerikusia du eraenketa termiko berezi horrek. Hala ere, Sahara azpiko Afrikako eskualdeetan badira beste zazpi sator espezie eta guztiek eraentzen dute gorputzaren tenperatura beroaren barne-ekoizpenean oinarrituta. Beraz, ez dirudi Afrikan lurpean bizitzea arrazoi nahikoa denik hain gertaera bitxia azaltzeko.

Badira sator espezie horien arteko beste desberdintasun esanguratsuak ere, baliabide-gertutasunarekin zerikusia dutenak hain justu. Izan ere, satorren koloniak handiagoak dira baliabideak urriagoak diren inguruetan, eta handiagoa da sator-talde bakoitzaren barruko banakoen arteko lankidetza ere. Hortaz, inguru txiroenetan bizi dira sator biluziak. Zulatzen dituzten lurrak oso idorrak dira eta bazter horietan dauden landareek tuberkulu handiagoak dituzte; handiagoak eta, aldi berean, sakabanatuagoak. Beraz, zailagoa da tuberkulu bat aurkitzea, baina aurkitzen denean janari gehiago dago tuberkulu horietan. Kontuan hartu behar da, gainera, zuloak egitea energia-kostu handiko jarduna dela.

Muturreko ingurune-baldintzen menpe bizitzeko moldaerak dira sator biluziek garatu dituzten portaera eta fisiologia. Tuberkulu bat aurkitzea oso zaila denez, satorrak gosez hiltzeko arriskua oso handia izango litzateke nor bere aldetik arituko balitz janari bila. Beraz, janaria partekatuz gero, satorren kolonia banako askok osatzea da estrategiarik egokiena. Sator biluzien talde-egitura dela eta, banako askok osatzen dute kolonia eta, gainera, eme ugaltzaile bakarra egonik, talde osoaren jarraikortasuna da bermatu behar dena, ez banako bakoitzarena.

Taldea osatzen duten kideak asko izateko, kideek txikiak izan behar dute, aldi berean asko eta handiak izatea ezinezkoa baita. Horrek, baina, desabantaila nabarmena du, animalia txikien metabolismo-tasa animalia handiena baino altuagoa baita. Horri dagokio, seguru asko ere, endotermia galtzea, horren bitartez konpentsatzen baita, nonbait, desabantaila hori. Ugaztun eta hegazti txikiak dira masa-unitateko gehien gastatzen duten animaliak, energia-gastu handia dakarten bi ezaugarri batera gertatzen baitira animaliotan: endotermia eta tamaina txikia.

Tamaina, kasu honetan, aho biko ezpata dugu: batetik, txikiak izateagatik asko izan daitezke talde bateko satorrak, baina, bestetik, gastu metaboliko altuegia edukiko lukete, txikiak izateagatik hori ere. Beraz, tamaina txikiari uko egin ezin diezaioketenez, endotermiari egin diote uko sator biluzi bitxi hauek. Horri esker energia asko aurrezten dute eta horrek, gainera, ez die aparteko eragozpenik ekartzen, altua eta, aldi berean, konstante samarra baita bizi diren eskualdeetako lurpeko zuloen tenperatura.

Bukatzeko, sator biluziaren beste bi bitxikeria aipatuko ditugu. Batetik, oso bizitza luzea dute, beste karraskari guztiena baino askoz luzeagoa: batez beste, 30 urteko adinera heltzen dira. Bestetik, minbizirik pairatzen ez duen ugaztun bakarra omen da. Bi ezaugarri horiek harrigarriak dira, batez ere biak batera hartzen baditugu: azken batean, bizitza laburra duen animalia batek minbizirik ez edukitzea ulergarriagoa izango litzateke, minbizi bat garatzeko denbora nahikoa ez edukitzea gerta bailiteke; baina 30 urte minbiziak garatzeko denbora nahikoa da, nahikoa eta sobera.

Ezezaguna da bitxikeria (bitxitasun) horren arrazoia, baina, normala den bezala, kontuak biziki piztu du ikertzaileen interesa , minbiziaren aurkako mekanismoren bat aurkitzeko gakoa eman bailezake. Ikertzaileek minbizia ikertzeko bi animalia-eredu erabili izan dituzte orain arte, sagua eta gizakia. Sagua txikia da eta bizitza laburrekoa; gizakia, berriz, handia eta bizitza luzekoa. Baina sator biluziak txikiak eta bizitza luzekoak dira; hortaz, baliteke konbinazio berezi horrek zerikusirik izatea minbizirik ez pairatzearekin.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.