Kolosoen bat-etortzea

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira


Txibia kolosalez eta hondo abisaletako beste animalia erraldoiez aritu gara «Erraldoi abisalak» izenburuko atalean. Animalia erraldoiekin jarraitu nahi dugu hemen, baina oraingo honetan bi espezieri buruz bakarrik arituko gara, lehortarra bata eta itsastarra bestea. Elefante afrikarra da lehorreko espeziea eta zeroia edo kaxalotea itsasokoa.

Irudia: elefanteak eta zeroiak, ugaztun handiak eta inteligenteak dira eta oso antzekoak dira haien talde-egiturak. (Irudiak: Bernard Dupont [ezk.] eta Geckochasing [esk.]).
Elkarrengandik hurbil ez dauden arren, ezaugarri komunak dituzte bi espezie horiek, eta hori, nonbait, harritzekoa da, ingurumen oso desberdinetan bizi baitira. Ikus ditzagun, bada, partekatzen dituzten ezaugarri horiek.

Biak bizi dira ingurumen egonkorretan, oso egonkorrak baitira bai itsasoa eta bai sabana. Bizitza luzekoak dira, 60 urtera hel baitaitezke, eta bizitzaren bigarren hamarkadan heltzen dira ugaltze-heldutasunera. Biek izaten dituzte kume gutxi, oso ondo zaintzen dituzte kumeak eta gehienak iristen dira ugaltze-heldutasunera. Kumeen jaiotzen arteko tarteak bost urtekoak izaten dira eta 40 urteko adinetik aurrera jaitsi egiten da ugaltze-ahalegina. Elefante eme zaharrenek zeregin garrantzitsua betetzen dute elefante-taldean, eta, seguru asko, gauza bera gertatzen da zeroi eme zaharrekin. Zuzentzen dituzten eme-taldeetako egiazko matriarkak dira eme zaharrak.

Janari tona asko jaten dute euren bizitza luzeetan zehar eta mugimendu luzeak, oso luzeak, egiten dituzte janari horren bila joateko. Elefanteak landare desberdinez elikatzen dira eta, esan bezala, kantitate handiak jaten dituzte; izan ere, gizakia albo batera utzita, Afrikan eragin handiena izan duen espeziea dugu. Ez da erraza zeroiek beren ingurumenean duten eragina ondo ezagutzea. Askotariko janariz osatutako dieta dute, txibia eta arrain espezie asko jaten baitituzte. Ugaltzeko edo elikatzeko, migrazio luzeak egiten dituzte. Bada, nahiz eta XIX. eta XX. mendeetan kaxaloteen populazioak nabariki murriztu, urteko 100 milioi tona janari kontsumitzen dute, gizakiak arrantzaren bitartez lortzen duen kantitate bera gutxi gorabehera.

Hamar bat elefantek osatzen dute elefante-talde bat. Familia matrilinealak dira eta emeek, seguru asko, bizitza osoa ematen dute familia-talde berean. Talde horietako kideek gauza asko elkarrekin eta batera egiten dituzte: batera mugitu, jan, edan eta atsedena hartzen dute. Familia bateko kideek elkar ukitu, usaindu eta ferekatu egiten dute. Elkarren artean komunikatzeko, ukimena, usaimena, ikusmena eta, batez ere, entzumena erabiltzen dute. Horri esker mantentzen dituzte elkarren arteko lotura hain estuak. 12-36 Hz-eko infrasoinuak igortzen eta jasotzen dituzte, 100 dB-tik gorako potentziarekin horietako zenbait; izan ere, 4 km-ra dauden elefanteak harremanetan egon daitezke infrasoinuen bitartez.

Zeroien talde-egitura ere antzekoa da, nahiz gutxiago dakigun haiei buruz; gutxi gorabehera dozena bat kaxalotek osatzen dute taldea. Taldekideek denbora luzea ematen dute urpean, ehizan; 400 metrotik beherakoak izaten dira urperatzeak eta 40 min-ko iraupena izaten dute, batez beste. Urpean dauden artean soinu bereziak ―klaskak deiturikoak― egiten dituzte tarte jakinetan. Soinu horien frekuentziak oso desberdinak dira, 200 Hz-etik 32.000 Hz-erako tartean. Ekolokalizazio-seinaleak bide dira klikak, eta harrapakinak kokatzeko erabiltzen ei dituzte.

Kumeak dituzten taldeetan, taldeak hartzen du kumeen zaintzaren ardura eta ez da arraroa kume batek bere ama ez den eme baten bularretik edoskitzea; elefanteek ere egiten dute hori askotan. Arratsean urperatzeari uzten diote, eta sei ordu egoten dira igeri egiten astiro, lasai, jolasean, hegalekin eta masailekin elkar ferekatzen. Horrela jokatzen dutenean, klik sortak egiten dituzte, eta litekeena da taldearen kohesiorako komunikazio-sistema izatea, bai eta taldearen mugimendua koordinatzeko ere.

Biak, elefanteak eta zeroiak, ugaztun handiak eta inteligenteak dira. Oso antzekoak dira haien talde-egiturak. Biek baliatzen dute taldekide zaharrenek duten ezagutza, baliabideei buruzkoa batez ere. Urtearen sasoiarekin batera gertatzen diren janari-gertutasunaren aldaketak edo ura non eta noiz aurkitu daitekeen, tankera horretakoa da kide zaharrek duten informazioa; balio handikoa izan daiteke, taldeko kideen biziraupena horren araberakoa izan baitaiteke. Seguru asko, elefante eta kaxaloteen bizitzak hain luzeak izateak zerikusi handia du ezagutza ekologiko horrekin.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.