1833an Robert Brown botanikariak deskribatu zuen landareen zelula-ehunetan beti-beti zegoela pikor-egiturako gorpuzki bat, berak nukleo izendatu zuena. Hurrengo mende erdian zehar, mikroskopioetan eta tindatze-tekniketan egindako hobekuntzek ahalbidetu zuten gorpuzki horren edukia argitzea, “hari nuklearren” bilduma batez osatutakoa baitzen.
Ondorioztatu zen hari horiek espirema izeneko hari handiago baten hausturagatik sortzen zirela; haustura hori zelula zatitzeko prestatzen zen unean gertatzen zen. Orduan, V itxurako hari horiek migratu egiten zuten zelularen ekuatoretik muturretako poloetara. Uste zenaren arabera, polo horietan atal bakoitza berregituratu egiten zen, eta espirema berri bat sortzen. Walther Flemming histologoak zehatz-mehatz deskribatu zuen prozesu hori, eta mitosi izena eman zion 1882an.
Ohiz kanpoko ezaugarri horiek iradokitzen zuten hari horiek garrantzitsuak zirela ondoretasunezko informazioa zelula amatik zelula alabetara transmititzean. Hala ere, gaur arte iritsi zaigun izena, kromosomak, Wilhelm Waldeyer-ek eman zuen eta tindatuak izateko ahalmenari dagokio soilik.
Mitosiaren ezagutzan zein hari nuklearren funtzioan egindako hurrengo urrats handia August Weismann zoologoak eman zuen. Berak ulertu zuen zein zen kromosomen papera eboluzioaren ikuspuntutik, lehendabizi kromosomak ondoretasunezko ezaugarrien oinarri material gisa identifikatuta, eta geroago aldaketa iturri gisa, sexu bidezko ugalketan beren artean gertatzen diren nahasketen ondorioz. Harien dantza sinestezinak, mitosia bitartean, informazioaren transmisio fidagarria bermatzen zuen zelulen belaunaldi batetik hurrengora. Zelulak zelula germinalak sortzeko zatitzen ziren modu bereziak, ordea, helburu zuen ondoretasunezko faktoreen kopurua bitan zatitzea; horregatik erabili zuen “zatiketa murriztailea” terminoa meiosia izendatzeko. Halaber, Weismannek baiesten zuen bere zatiketa murriztaileak aniztasuna zekarrela zelula germinalen kromosomen edukian, eta horrek aldaketak zekartzan ondorengoetan; hautespen naturalak aldaketa horietan eragin ahal zuen. Guztiaz ere, XIX. mendea amaitu aurretik, Weismannen hainbat interpretazio berrikusi behar izan ziren, edo zuzenean baztertu.
Zitologia-proben berrinterpretazioaren barruan, aipatzekoa da “kromosomen banakotasunaren” ideia bere garrantziagatik. Ideia hori Carl Rabl-ek aurkeztu zuen lehen aldiz 1885ean, eta Theodor Boveri-k egindako saiakuntzek inongo zalantzarik gabe berretsi zuten 1902an. Mitosi bakoitzaren ondoren kromosoma berberek iraun egiten dute. Zelula-zatiketaren osteko identitate galera itxurazkoa besterik ez da; kromosoma-pare bakoitza aitaldeko atal batek eta amaldeko beste batek osatzen dute, eta pare bakoitza beste guztiak ez bezalakoa da.
1900ean Mendelen legeak berraurkitzearekin batera, fenomeno mendeldarrak eta kromosomikoak lotu ahal izan ziren. Horrela, 1902an Walter Stanborough Sutton-ek paralelismo bat seinalatu zuen: batetik, aitaldeko eta amaldeko kromosomen arteko elkartzea eta geroko bereizketa mitosian, eta, bestetik, ondoretasun mendeldarraren ezaugarri-pareak eta beren bereizketa zelula germinalak eratzean.
Hala ere, faktore mendeldar askok kromosoma berean egon beharko lukete, izugarri murriztuz beren askatasuna. Thomas Hunt Morgan-ek eragozpen hori gainditu zuen 1911n, Frans Alfons Janssens-en ikerlanetan oinarrituta, iradoki baitzuen kromosomek elkarrekin truka ditzaketela segmentuak elkar gurutzatzearen bidez. Alfred Henry Sturtevant, Morganen ikaslea, konturatu zen gene-pare ezberdinen arteko lotura-maila ezberdinak beren bereizketa fisikoaren neurri bat zirela kromosoman. Horrek lehen mapa genetikoa egitea ekarri zuen, 1913an.
Sturtevanten metodoak, sei gene biltzen zituenak, lotura-mailako kromosoma-mapeoa ekarri zuen. XX. mendearen gainerako urteak kromosoma-mapeo genetikoaren biribiltzearen eta hedatzearen lekuko izan ziren. Mapeo horri gehitu egin zaizkio mapa fisikoak (distantzia linealak) eta base-pareen sekuentziatzea ADNan.
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
1 iruzkina
[…] duenean hasten da. Batze hartatik zigotoa sortzen da eta honek zatiketa prozesu bat hasten du (mitosia). Lehenik, bi zeluletan banatzen da baina ondoren beste hainbatetan biderkatzen hasten da (ez da […]