Christiane Nüsslein-Volhard eta bizitzaren lehenengo harria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Literaturak eman duen metamorfosirik esanguratsuena Franz Kafkarena da, ezbairik gabe. Gaurkoan, baina, beste metamorfosi bat da hizpide, biologia arlokoa dena, hain zuzen. Ez da Kafkak planteatu zuena bezain azkarra, ez da egun batetik bestera gertatzen, baina hori bezain harrigarria da enbriogenesia. Zelula batetik abiatuta nola sor daiteke organismo bat? Biologiaren alderdirik txundigarrienean lan egin zuen Christiane Nüsslein-Volhardek, izan ere, bere lankide izan zen Eric Wieschausekin batera 1980. urtean identifikatu zituen enbrioiaren garapena ahalbidetzen duten mekanismo genetikoak, hau da, “transformazioaren” arduradunak aurkitu zituzten.

Gainera, egiaztatu zuten organismo bat etapaz etapa sortzen dela eta garai bakoitza gene talde jakin batek zuzentzen duela. Oinarri horretara iristeko, ozpin-eulia (Drosophila melanogaster) ikertu zuten baina gerora ikusi zuten gizakietan ere prozedura antzekoa zela. Lan horri esker, Nüsslein-Volhardek Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1995ean, Edward Lewis eta Eric F. Wieschaus biologoekin partekatu zuena.

1. Irudia: Christiane Nüsslein-Volhard biologoa da eta teoria ebolutiboan aditua. (Argazkia: Wikimedia Commons)

Haurdunaldia espermatozoide batek obulu bat ernaltzen duenean hasten da. Batze hartatik zigotoa sortzen da eta honek zatiketa prozesu bat hasten du (mitosia). Lehenik, bi zeluletan banatzen da baina ondoren beste hainbatetan biderkatzen hasten da (ez da tamainaz aldatzen, zelula kopurua handitu egiten da bakarrik). Badirudi zelula horiek berdinak direla baina denborarekin aldatzen doaz; batzuek bihotza osatzen dute, beste batzuek nerbio-sistema, sexu-organoak, azala, arnas-sistema, digestio aparatua, etab. Prozesu hori gene jakin batzuek erregulatzen dute. Horiek identifikatzeaz gain, arrautza batetik euli berri bat sortzeko funtsezkoak diren 15 gene sailkatu zituzten Nüsslein-Volhard eta Eric Wieschausek.

Era berean, gene zehatz horiek mutazioak sufritzen badituzte, giza enbrioiaren segmentazioan (garapen horren lehenengo fasea) malformazioak sor daitezkeela ikusi zuten. Hortaz, ikerketa guztiz berritzailea izan zen, horri esker ezagut daitezkeelako giza enbrioietan gerta daitezkeen sortzetiko malformazioen kausak.

Biologiatik biologiara

Christiane Nüsslein-Volhard Magdeburgon (Alemania) jaio zen 1942an. Zientziaren bidetik jo zuen bere familiako bakarra izan zen. Txikia zenean irakurtzea gustuko zuen, liburuetatik jaso zuen animalia eta landareei buruzko askotariko informazioa. Hamabi urte bete zituenean erabaki zuen biologoa izan nahi zuela. Lehenik ere pentsatu zuen ikertzaile izatea, baita medikua ere. Azken ideia hori, ordea, laster kendu zuen burutik, ospitale batean erizain egon ondoren. Hala, Frankfurteko Unibertsitatean izena eman eta klase batzuetara joan eta gero, ikasketak utzi zituen, “aspergarria” zelakoan. Gauzak horrela, Fisika ikastea erabaki zuen baina ez zuen asko iraun; utzi egin zuen “oso zaila” baitzen.

Horren ondotik, Tübingen hirira joan zen Biokimika ikastera baina konturatu zen Biologiari buruz ia irakasgairik ez zegoela eta hori ere baztertu zuen berriz ere biologian hasteko. Halere, gerora onartu zuen mikrobiologia eta genetikari buruz asko ikasi zuela. Izan ere, Max Planck Institutuko ikertzaileen hitzaldietara joateko aukera izan zuen aldi hartan, non proteinaren biosintesia eta DNAren erreplikazioari buruz ikasteko aukera izan baitzuen.

2. irudia: Nobel Sariaren diruarekin Christiane Nüsslein-Volhardek emakume zientzialari gazteei ikerketan laguntzeko fundazio bat sortu zuen 2004. urtean. (Argazkia: Bastian Greshake Tzovaras – Flickr, CC BY-SA 2.0 lizentziapean.)

Drosophila euliaren arrautza nola gauzatzen da?

Ikasketak amaituta, Heinz Schallerrek zuzentzen zuen laborategian hasi zen lanean. Bertan, RNA polimerasari buruzko ikerketak hasi zituen. Alabaina, ikerketa-lerro hori ez zuen jarraitu eta doktoratu ondoko lana aukeratzerakoan erabaki zuen obuluaren informazio genetikoari eragiten dioten mutazioak identifikatu eta sailkatu nahi zituela. Walter Gehringekin bilera bat izan zuen 1973an eta bere laborategian ikerlan hori garatu nahi zuela adierazi zion. Baiezkoa jaso eta bi urte geroago, Basileara joan zen beka bati esker. Laborategi hartan ezagutu zuen Eric Wieschaus, tesia amaitu berri zuen ikertzailea.

Laborategi hartako hainbatek DNA birkonbinatuari eta biologia molekularrari buruzko lanak abiatu zituzten, garapenerako interesgarriak ziren geneak klonatzeko asmoz. Nüsslein-Volhard, bere aldetik, Drosophila ikertzen hasi zen. Jeanette Holden lankideak irakatsi zioen haren genetika. Hasieratik ez zen ikerketa erraza izan; izan ere, enbrioizko mutanteak ikertzearen arazo nagusia zen obuluak biltzeko eta enbrioiak aztertzeko metodoak aspergarriak eta desegokiak zirela. Halere, zientzialariak ez zuen itxaropena galdu eta beste zenbait laborategitan ikerketa berean lan egin ondoren, eureka momentua iritsi zen. 70ko hamarkadan, European Molecular Biology Laboratory izenekoan (EMBL) lan egiten hasi zen Wieschausekin batera. Lehen aipatu bezala, ozpin-eulia hartu zuten eredu esperimentuak egiteko. Biek ala biek helburu bakarra zuten: Drosophilaren arrautza nola gauzatzen den jakitea. Hiru urte eman zituzten lanean enbrioiaren segmentazioan parte hartzen zuten geneak ikertzen. 1980an publikatu zituzten emaitzak.

3. irudia: Ozpin-eulia ikerketan oso erabilia den ereduzko organismoa da. (Argazkia: Paulomelo.adv – Wikimedia Commons, CC BY-SA 4.0 lizentziapean.)

Ikertzaile lanetan ibiltzeaz gain, 1978an laborategiko zuzendari izendatu zuten Nüsslein-Volhard eta 1985etik aurrera, Max Planck Institutuko Genetika Departamentua zuzentzen hasi zen. Datu gogoangarria: historian zehar, kargu horretara 200 gizonezko iritsi dira, emakumezkoak, aldiz, bost izan dira bakarrik, horien artean, gaurko protagonista.

Institutuan zegoelarik, esperimentuak egiten jarraitu zuen. Zebra-arraina ikertu zuen, adibidez, organismo horretan organoak eta egiturak nola sortzen diren aztertuz. 2004. urtean, Nobelaren ordainsaria erabili zuen bere izena daraman fundazio bat sortzeko. Egitasmo honekin gazteak ikerketaren munduan murgiltzea izan zuen asmo. Modu berean, aipagarria da 1991n Albert Lasker Saria eskuratu zuela biologiari egindako ekarpenagatik.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.