Linda Buck: usaimen-sistemaren misterioa argitu zuen emakumea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Zentzumenak alor askotan izan dira ikergai. Horien hierarkia ere ezaguna da; garrantziaz mintzo bagara ikusmena beti zerrenda guztietan lehenengoa da eta usaimena, berriz, azkena. Bost zentzumenen artean, usaimenari ia ez zaio erreparatzen. Halere, badira horren garrantziaz jabetu direnak ere. Literaturan esaterako, Patrick Süskindek idatzitako Perfumea eleberriaren protagonistak usaimenaren bidez hautematen du mundua, besteek baino garatuago duelako zentzumen hori. Bitxia da jaio zenetik, “ez du usaintzen beste haurtxoak bezala”, dio pertsonaia batek. Bada, bere gorputzak ez du usaintzeko gaitasunik eta hori bilatzen igarotzen du nobela osoa.

Kasu honetan, agerikoa da usaimenak gidatzen duela eleberria guztiz. Ez da adibide bakarra; izan ere, Tristan eta Iseo kondairak ere erakusten du usaimenaren garrantzia gainerako zentzumenen artean. “Irudien gela” eraikitzen du Tristanek Iseo ez ahazteko, azken hori Marco erregearekin itzuli delako. Iseoren estatua bat du gelan eta horri musu ematen dio baita laztandu ere. Baina arnasten duen bere urrina da (trikimailu bat erabiltzen du hori lortzeko) Tristanen bihotzean eta memorian irmo gordetzen dena.

1. irudia: Linda Burck ikertzaileak 2004. urtean Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, Richard Axel medikuarekin batera egindako usaimeneko errezeptoreei eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko lanengatik. (Argazkia: Ben-Gurion University)

Gai hori zientziara ekarriz, modu berean, usaimen-sistemaren funtzionamendua askotan ikertu den arloa da. Kasu honetan, aipagarria da Linda Bucken lana, biologo honek usaimen-sistemak ezkutuan duen misterioa argitu baitzuen. Usain-errezeptoreak identifikatzeagatik eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko ikerketa-lanengatik jaso zuen 2004. urtean Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria Richard Axelekin batera.

Zientziaren bidetik

Linda Buck Seattlen (Washington) jaio zen 1947an. Bere amak hezurretaraino sartu zion puzzleak egiteko zaletasuna. Aitarengandik, berriz, jaso zuen gauzak asmatzeko nahia eta tresnak erabiltzeko abilezia. Bere gurasoei esker, txikitatik ohartu zen zientziaren bidetik jo nahi zuela.

Washingtoneko Unibertsitatean Psikologia eta Mikrobiologiako ikasketak gauzatu zituen. Buckek jendea lagundu nahi zuen horregatik psikologia ikastea erabaki zuen. Bada, immunologia ikastaro bat egin ondoren, konturatu zen biologiaren alorrean sakondu nahi zuela. 1975ean, hasi zuen Mikrobiologiako Gradua Texaseko Unibertsitateko Mikrobiologia Departamentuan (Dallas). Bucken esanetan, Washingtoneko Unibertsitatean ikerketa txikiak egin bazituen ere, Texasen bihurtu zen benetako zientzialari.

1980ean Immunologian doktoratu zen eta doktorego-ondokoa egiteko Columbiako Unibertsitatera joan zen. Une horretan, bere ikerketak garatzeko, biologia molekularrean garatutako teknikak ikasi behar zituela konturatu zen. Horri irtenbidea emateko asmoz, Richard Axelen laborategian hasi zen lanean. Buckek bazekien Axel aspaldian neurozientzia arloan lanean ari zela, lankide zuen Eric Kandelekin batera. Zehazki, Aplysia ur barraskiloaren nerbio-sistemari buruzko ikerketan ziharduen.

2. irudia: Aplysia californica moluskua. (Argazkia: Wikimedia / CC BY 2.0 lizentziapean)

Buckek, ordea, bere ikerketa propioa egin nahi zuen; neurona-zelulen azaleko errezeptoreak kodetzen zituzten geneak interesatu zitzaizkion nagusiki. Jim Roberts laborategiko ikasle batek, esaterako, teknika molekularrak irakatsi zizkion bere azterkizuna garatu ahal izateko. Denbora gutxian aurkitu egin zituen Aplysiaren neuronen artean modu bereizgarrian espresatzen ziren geneak. Laborategian franko ikasi zuen, neurozientzia arloko nozioak barneratu zituen batik bat. Horrek ekarri zuen garuneko zelulak eta konexio ezberdinen aniztasunak ikertzeko grina.

Usainaren arrastoa jarraituz

Aplysiaren inguruko ikerlana amaitzen ari zela, bere bizitza hankaz gora utzi zuen testu bat irakurri zuen. Solomon H. Snyderrek 1985ean publikatu zuen artikulu batean azaltzen zen usaina detektatzeko gai izan litezkeen mekanismoak. Zergatik gara gizakiok gai 10.000 usaindun-molekula detektatzeko edo berdinak diren molekuletatik usain pertzepzio desberdinak jasotzeko? Galdera hori puzzle erraldoi baten hasiera izan zen Buckentzat.

1988an, usain-errezeptoreen inguruko ikerketa abiatu zuen Richarden laborategian. Lehenik eta behin, identifikatu zuen usaimen-errezeptoreak existitzen zirela eta usaimen-epitelioan (sudurrean) kokatuta zeudela. Horretaz gain, ikusi zuen gene-familia batek kodetzen zituela usaimen-errezeptore mota desberdinak. Alegia, usaimen-zelula bakoitzak errezeptore mota jakin bat du eta errezeptore bakoitzak soilik usaindun-molekula batzuk identifika ditzake. Horregatik, arnasten diren usaindun-molekula batzuen aurrean errezeptore batzuk aktibatzen dira, eta besteetan beste batzuk.

Ikerketa horretan, beste ebidentzia batekin egin zuen topo: informazioaren transdukzioan, G proteina eta cAMP molekula sistema horren protagonistak ziren. Hala, usaimen-errezeptore bakoitzak G proteina aktibatzen du garunean molekula usaindun bat arnasten denean. G proteina horrek cAMP sortzen du, molekula mezularia dena. 1991n eman zuen informazio hori guztiaren berri.

3. irudia: Linda Buck 2004. urtean Nobel Sarien banaketa ekitaldian. Haren ezkerrean Richard Axel ikertzailea, harekin batera partekatu zuen Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria. (Argazkia: AP Images/Henrik Montgomery)

Errezeptoreen misterioa argituta, usaimen-sistemak zehazki nola funtzionatzen duen ezagutzeko parada izan zuen. Halere, hor ez zen burutu lana. Buckek bigarren pauso bat eman zuen; izan ere, batetik ezagutu nahi zuen errezeptore horien seinaleak nola zeuden antolatuta eta bestetik, nola sortzen ziren garunean usain-pertzepzio desberdinak. Ildo horri jarraiki, ikusi zuen usaina detektatzen zenean, garuneko usaimen-erraboilean kokatzen diren glomeruluetara bidaltzen zela seinalea axoien bidez (nerbio-bulkada gidatzen duen neuronaren atal bat da. Neurona baten axoiaren amaierak beste baten dendritekin bat egiten duenean gertatzen da). Azkenik, usaimen informazio hori garun azalera iristen da. Ibilbide horrek argitu zuen usaimen-epitelioaren eta usaimen-erraboilaren arteko lotura, hau da, sudurretik garunera egiten duen bidea. Emaitza hauek 1993 eta 1994an publikatu zituen; bertan azaldu zuen sudurreko nerbio-zelula horiek nola funtzionatzen zuten eta bide batez neuronen forma deskribatu zuen.

Aurkikuntza horiek egin eta gero, Seattlera itzuli zen 2002.urtean. Han, Fred Hutchinson Minbizi Ikerketa Zentroko Oinarrizko Zientzia Dibisioko kide izendatu zuten eta Washingtoneko Unibertsitateko irakasle afiliatua bilakatu zen Psikologian zein Fisiologian. 2003tik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izan zen. Nobelaz gain, 1996an Rosenstiel Saria irabazi zuen bere ikerketa-lanagatik.

Buckek atzera begiratzen duenean, zoriontasuna ikusten du alde guztietatik. Pozik dago zientzia hautatu zuelako. Gainera, lankide, mentore eta ikasle ugari izan ditu bidelagun eta horiekin batera izandako arrakastaz eta aurkikuntzez disfrutatu du. Denboran atzera egitea gustuko du oso zoriontsua izan delako baina etorkizuna ere ardura zaio: “Adi-adi nago Naturak argituko digun hurrengo afera zein izango den ikusteko”.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.