Irati Rodilla: “Garrantzitsua iruditzen zait ikuspegi orokorrari oinarrizko zientzia gehitzea”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Irati Rodilla Ojeda Fisioterapian graduatu zen, baina, lanean ari den arren, ez dabil pazienteak tratatzen, Farmakologian doktoretza egiten baizik. Dioenez, aurretik ikasitakoaren erabat osagarria da orain egiten ari dena, minaren aurka erabiltzen diren opioideen eraginkortasuna eta tolerantzia hobetzeko ikertzen ari baita.

Batxilergoan abiatu zuen horra eraman duen bidea: “Argi nuen osasun-zientzietako zerbait egin nahi nuela, baina ez Medikuntza, beste zerbait”. Hala, batxilergo biosanitarioa egin ondoren, eta unibertsitatera sartu aurretik, Diagnosi klinikoen laborategiko teknikari izateko ikasketak egin zituen, bi urtetan. Bigarren urtearen hasieran, Fisioterapia gradua jarri zuten UPV/EHUn, Leioan, eta, bukatutakoan, hara joatea erabaki zuen.

“Batxilergoa bukatu nuenean, ez zitzaidan bururatu ere egin Fisioterapia egitea, seguru asko, kanpora joan behar zelako, baina, bertan izanda, animatu egin nintzen. Ez da ohiko bidea, laborategitik pazienteak zuzenean tratatzera igarotzea ekartzen baitu, baina oso gustura egin nuen,” aitortu du Rodillak.

Irudia: Irati Rodilla Ojeda, fisioterapeuta eta farmakologia-ikertzailea.

Eta batxilergoan Fisioterapia aukeratzea bururatu ez zitzaion bezala, graduko ikasketak hastean ez zuen pentsatu inoiz tesia egingo zukeenik. “Alabaina, lehen eta bigarren mailen artean, graduko irakasle bat ezagutu nuen, eta hura tesia egiten ari zen Farmakologiako talde batean, hain justu, ni orain nagoen talde berean”.

Azaldu duenez, talde horrek analgesiko opioideak ikertzen ditu: “Opioideak oso analgesiko onak dira, baina tolerantzia, mendekotasuna eta adikzioa eragiten dute. Irakasleari esperimentu batzuetan laguntzen hasi nintzen, asko gustatu zitzaidan, eta graduaren amaieran tesia egitea erabaki nuen. Horretarako, Farmakologia masterra egin nuen aurretik, eta orain tesiaren bigarren urtean nago”.

Rodillak aldaketa handia izan dela onartu du, beste gradu batzuetan Fisioterapian baino ohikoagoa delako tesia egitea. “Hala ere, pozik nago. Egia da une batzuetan gogorra dela: ordu asko ematen dituzu laborategian, artikulu asko irakurri behar dituzu eta lan handia ematen du, baina gustuko dut. Asko ari naiz ikasten, eta oso garrantzitsua iruditzen zait fisioterapeutak pazienteaz izan dezaken ikuspegi orokorrari oinarrizko zientzia gehitzea. Horrela, teknika jakin bat aplikatzeaz gain, maila molekularrean edo zelularrean gertatzen dena ezagutu dezaket, eta hobeto ulertuko dut zerk funtzionatzen duen eta zergatik, zer komeni den…”.

Haren esanean, tesian ikasten ari denari esker, hobeto ezagutzen ditu minaren eta analgesiaren mekanismoak, eta hori, berez interesgarria izateaz gain, oso baliagarria da tratamendu fisioterapeutikoa hobetzeko. “Eta baita alderantziz ere: Fisioterapiak ematen duen ezagutzak ere osatzen du osasunari eta gaixotasunari buruzko jakintza. Gainera, fisioterapeutak medikuak baino denbora gehiago igaro ohi du pazientearekin, eta hark ez dakizkien xehetasunak ezagutzen ditugu guk. Ondorioz, tratamendu osoagoa eman diezaiokegu. Horrek asko asebetetzen nau”.

Ikerketaren aurkia eta ifrentzua

Oro ez da urre, ordea, eta alde txarrak ere topatzen dizkio ikertzaile-lanari: “Lantegi gogorra izateaz gain, baldintzak ez dira onak izaten, eta ez dugu jakiten jarraitzeko aukera izango ote dugun. Oso zaila da egonkortzea, eta etorkizuna oso zaila jartzen digute. Paper pila bat bete behar dira, epeak luzatu egiten dira, gero eta diru eta aukera gutxiago daude… Horretan denbora eta ahalegin gehiegi xahutzen dugu”.

Aldiz, ikerketa-prozesuak berak izugarrizko motibazioa eragiten dio: “Galdera berriak egitea, haiei erantzuteko moduak probatzea, emaitzak alderatzea… Horrek guztiak benetan erakartzen eta betetzen nau. Gainera, nire arloan diziplinartekotasun handia dago, eta hori oso aberasgarria da”.

Etorkizunera begira, ikertzen jarraitu nahiko luke, baina klinikara ere hurbildu nahiko luke. Hala, ikastaroak egiten ditu, Fisioterapian ikasitakoa ez ahazteko eta sakontzen jarraitzeko, eta irakasle izateko ere trebatzen ari da. Azkenik, euskara ikasten dabil; “paziente euskaldunek eskertuko dutela uste baitut”.

Fitxa biografikoa

Irati Rodilla Ojeda Bilbon jaioa da, 1992ean. Diagnosi klinikoen laborategiko teknikari zikloa egin ondoren, Fisioterapia ikasi zuen UPV/EHUn. Jarraian, Farmakologian masterra egin zuen, Medikamenduen Garapena, Baliospena eta Erabilera Arrazionala Unibertsitate Masterra, hain zuzen, eta orain doktoretza egiten dabil, EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia sailean.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.