Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatzen diren mikrozuntzen lehen inbentarioa egin dute zientzialariek, eta material horiek itsas hondoetan barra-barra biltzen direla egiaztatu ahal izan dute. Kantauri itsasoan dago halako material gehiena.
Zientzialariek Plos One aldizkarian argitaratutako artikulu batean jarraitu dute Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatutako mikrozuntzen hedapena. Zuntz hauen jatorria batez ere etxeko garbigailuetan eta ehungintzari lotutako prozesu industrialetan dagoela azaldu dute ikertzaileek. Sinestezina dirudien arren, zientzialariek argitu dute garbiketa ziklo bakar batean garbigailu batek 1.900 eta 700.000 zuntz artean aska ditzakeela.
Ingurumenera barreiatutako aztarna hauek luzeak dira, baina izugarri meheak: 3 eta 8 milimetro arteko luzera badute ere, euren diametroa 0,1 milimetro baino gutxiagokoa da. Bereziki zelulosaz osatutakoak dira zuntzak, baina polimero sintetikoak ere badira. 1930eko hamarkadan hasi zen plastikoen eta antzeko materialen kutsadura ozeanoetan, eta leku guztietan atzeman da, poloetan ere. Oraingo ikerketa honen kasuan, eremu zehatz batera mugatu dute ikerketa; ordainean, sakontasunez aztertu ahal izan dute afera.
Hegoaldeko Europako itsasoetako 29 estaziotan hartutako laginak aztertu dituzte, 42 eta 3.500 metro arteko sakontasunean. 2009. urtetik 2015. urtera arte egindako 10 bidaia ozeanografikotan zehar jaso dituzte laginak, eta ondoren Plymoutheko Unibertsitatean (Erresuma Batua) aztertu dituzte. Ardura handia izan dute laborategian nahigabeko kutsadurarik ez izateko; baina, kasu honetan, ekidin beharreko kutsatzaileak bereziak izan dira: batez ere zientzialariek erabilitako arropetan jarri dute ardura berezia, ohartu gabeko kutsadurak saihestu aldera.
50 mililitro sedimentu bakoitzeko 10-70 mikrozuntz aurkitu dituzte. Zuntzen kontzentraziorik handiena mendebaldean dagoela ikusi ahal izan dute: hurrenez-hurren, Kantauriko itsasoan, Mendebaldeko Mediterraneoan eta Alborango itsasoan aurkitu dute mikrozuntz gehien. Ekialdeko Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean, berriz, kontzentraziorik txikienak daude.
“Itsas ingurumenean ikusitakoen artean, mikrozuntzak kokatzen dira denbora gehiagoz mantentzen diren plastikoen artean”, azaldu dute zientzia artikuluan. Bertan adierazi dutenez, material hauek oso ondo hautematen dira sedimentuen gainean, kolore bizia izan ohi dutelako. Halere, gaiari buruzko ikerketa gutxi egin direla diote: azken urteetan mikroplastikoen gaia luze eta zabal jorratu dela aipatu dute, baina orain arte “arreta gutxi” jarri dela zuntz itxura duten materialetan.
Kasu honetan, gehienetan zuntzak ez dira plastikozkoak. Itsas hondoetan, zelulosa da gehien aurkitu dutena (%79,7), bai jatorri naturalekoa (kotoia, lihoa) edo berritua (rayona). Zuntz sintetikoen kasuan, poliesterra (%12,9), akrilikoa (%4,5), poliamida, polietilenoa eta polipropilenoa aurkitu dituzte (azken hiru hauen kasuan, bakoitzeko %1 inguru). Oso arinak direlako, poliamida, polietilenoa eta polipropileno batez ere isats azaleran geratzen dira, jitoan flotatzen. Zelulosa eta poliesterra, berriz, erraz hondoratzen dira, ura baino dentsitate dezente handiagoa dutelako.
Egindako zundaketen bitartez ondorioztatu ahal izan dutenez, material hauek batez ere kostaldetik gertuko uretan biltzen dira (%33). Itsaspeko arroiletan aurkitu dituzte zuntzen % 29. Aldapa irekietan, berriz, materialen %18 biltzen da, eta gainerako %20 itsas hondo sakonean geratzen dira (2.000 metro baino gehiagoko sakonera duten hondoetan, hain zuzen). Material hauen banaketaz ondorioztatu dute mikrozuntzak plataforma kontinentalean biltzen direla, eta itsaspeko arroilen bitartez iristen direla itsas hondora. Datuak ikusita, argi dago luze eta zabal banatzen direla; hortaz, zabalpen honen arriskuez ohartarazi dute artikuluan: “Itsas sakonaren urruntasunak ez du bermatzen mikrozuntzak pilatuko ez direnik; izan ere, mikrozuntzak itsas sakoneko organismoetan sar daitezke”.
Ikerketa hau itsasoko organismoetan izandako eraginak aztertzera bideratu ez badute ere, aurreko hainbat lan aipatu dituzte, haietan beste ikertzaile batzuek fenomeno horren berri emana dutelako. Halere, ohartarazi dute oraindik ere gutxi ezagutzen dela eragin zehatzari dagokionean.
Modu berean, aitortu dute momentuz oso gutxi ezagutzen dela material hauen biodegradagarritasunari buruz. Itsasoaren azalean ezaguna da plastikoak urteen poderioz pixkanaka narriatzen direla, bereziki eguzkiaren beroari eta erradiazio ultramoreari esker. Halere, itsas hondoetan eragin hori ez dago, eta zientzialariek ezer gutxi dakite inguru horietan zelulosak izan ditzakeen narriadurari buruz. Kuriosoa bada ere, jatorri naturaleko zelulosak denbora gehiago behar du biodegradatzeko, prozesu industrialetan eraldatutako zelulosa berrituarekin alderatuta.
Behin egoeraren azterketa ikusita, irtenbideak proposatu dituzte. “Ehungintzan ikerketa eta berrikuntza bultzatu, garbigailuetan iragazki eraginkorrak diseinatu, hondakin-urak modu egokian tratatu, eta arroparen kontsumo arduratsua sustatu… hauetan guztietan aurrerapausoak” eman beharra dagoela proposatu du Anna Sanchez Vidal ingurumen-zientzialariak Bartzelonako Unibertsitateak zabaldutako prentsa ohar batean.
Erreferentzia bibliografikoa
Sanchez-Vidal A., Thompson R.C., Canals M., de Haan W.P., (2018). The imprint of microfibres in southern European deep seas. PLoS ONE 13(11): e0207033. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0207033
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] kutsadura iturri bat: mikroplastikoak. Orain arte bagenekien, eta aski frogatuta zegoen, arropa garbigailuetan garbitzearen ondorioz zuntz sintetikoak apurtu egiten direla eta hondakin-urekin batera itsasoan amaitzen dutela. Alabaina, mikroplastikoen zikloa benetan […]