Loaz

Zientziaren historia

Hipnos edo loa (Nix gauaren jainkosaren semea eta Tanatos heriotzaren pertsonifikazioaren bikia), mitologia grekoaren azpimunduaren leize-zulo batean bizi da.

Bestalde, goizeko otoitz judu eta kristauek Jainkoa goretsi egiten dute, lo dagoenari arima itzultzeagatik behin esnatutakoan. Guztiaz ere, pentsaera naturalista primitiboaren arabera, loa egoera pasibo bat zen, entzefaloa gorputzaren gainerako ataletatik eta ingurutik bakartuta egotetik sortua.

Horrela, Aristotelesek De somno et vigilia lanean baieztatzen zuen loaren arrazoia bihotzaren hoztea zela, ez besterik. Platon eta Galeno bat zetozen arrazoi mekaniko bat zegoelakoan, baina gaur egun entzefalo deritzoguna hozteak eragindako sentimen-iturri gisa ulertzen zuten. Kontzeptu horiek 1500 urtetan biziraun zuten, harik eta Behe Erdi Aroko eta Berpizkundeko sendagile eta filosofoek loa soilik garunaren ustezko bakartzearekin lotu zuten arte. XVIII. mendera arte ez zen ezer aipagarriagorik egon.

loa
Irudia: Loa erabat pasiboa zela uste zuen pentsaera naturalista primitiboak.

XVIII. eta XIX. mendeetan bi pentsaera-eskola identifika ditzakegu. Batak dio loa anemia bat dela, hau da, odol-falta entzefaloan; besteak, odol-gehiegia dela. Datu esperimental objektiboen faltak ekarri zuen XIX. mendeko irudimen joriko hainbat ikertzailek baieztatzea garuna gorputzaren gainerako ataletatik bakarturik egotea lepoko tiroide-guruinaren hanturaren ondorio zela edo linfa-guruinen hanturaren ondorio.

XX. mende betean ere fisiologia-heziketa zuten pertsonek, Raphaël Lépine barne, baieztatu zuten loaldian entzefaloak jarduteari uzten diola, besterik ez; senezko baieztapen hori gaur egun arte iritsi da herri-sineste gisa. Ideia hori proposatu zutenek nerbio-zelulen deskonexio fisiko bat bailitzan azaltzen zuten hori.

XX. mendea aski aurreratu arte ez da loaren ikerketa zientifiko bat aurkitu, Henri Piéron-ek burutua, psikologia esperimentalaren gurasoetako bat baita. Bere iturburuen arrastoa XVIII. mendearen amaierara arte atzera eginez bila badaiteke ere, Piéronen hipnotoxinen teoriaren arabera, loa printzipio homeostatikoen esparruan ulertzen da. René Legendre-k, Piéron berak eta beste batzuek uste zuten loaldian lehengoratu egiten zirela egunean zehar galdutako energia edo entzefaloaren eta gorputzaren nahitaezko osagaiak. Printzipio beraren beste ikuspuntu baten arabera, esnaldian metatuz zihoazen toxinak sortzen ziren eta loaldian kanporatzen ziren. Loaren berehalako arrazoia, ikuspegi honen arabera, garuneko funtzioak inhibitzen zituzten hipnotoxinen ekoizpena zen.

Hipnotoxinen teoria asko indartu zuten Piéronek 1913an burututako saiakuntzen emaitzek. Esperimentu horietan likido zefalorrakideoa ateratzen zitzaion loa galarazitako zakur bati ―ustez hipnotoxinez zamatua, beraz―, eta erabat esna eta atsedenean zegoen zakur baten laugarren bentrikulu entzefalikoan injektatzen zen; horrek loa eragiten zion.

Constantin von Economo-k ―1917an egindako entzefalitis letargikoaren deskribapenagatik ezaguna― hipnotoxinen teoria garatu zuen, loaldi-esnaldien periodikotasuna azaltzeko. Pentsatu zuen toxinen metatzea eta geroko kanporatzea zirela loaldia-esnaldia zikloaren arrazoia. Halaber, pentsatu zuen dientzefaloaren eta mesentzefaloaren artean kokaturiko gune entzefalikoa zela “loaren gunea”, entzefaloaren gainerakoa baino sentiberagoa zelako hipnotoxinekiko. Bere aktibatzeak eragingo zuen loa entzefaloaren gainerakoan, era horretan saihestuz bere intoxikazio eraginkorra.

Loaren ikerketa benetako diziplina bihurtu zen 1953an. Urte horretan Eugene Aserinsky medikuak eta Nathaniel Kleitman fisiologoak begien mugimendu azkarrekiko loa deskubritu zuten, REM delakoa ingelesezko siglen arabera. Frogatu zuten pertsona bat lokartu eta ordu eta erdi inguru geroago aldaketa bereizgarriak antzematen zirela amets egitearekin lotzen ziren entzefalogramaren uhinetan: begien mugimendu azkarren agertzea eta gihar-tonuaren desagertzea 10-15 minututan. Loaren fase hori aldian behin berragertzen da orduro, loaldian, eta helduen loaldiaren %20 da gutxi gorabehera.

REM loa giltzarri bihurtu zen loaren ikerketan. 60ko hamarraldian, ikertzaileek REM loa eragiten duten mekanismo desberdinduak antzeman zituzten entzefalo-enborrean. Geroagoko ikerketek frogatu dute, batetik, loaldi-esnaldi zikloak hipotalamoaren nukleo suprakiasmatikoan kokatutako erloju biologiko bati erantzuten diola, eta, bestetik, erlojuaren eta printzipio homeostatikoen arteko interakzioak baldintzatzen dituela loaren unea nahiz iraupena.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.