Erromatar Inperioak tuberkulosia hedatu zuen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Tuberkulosiak batez ere birikei eragiten die eta erraz kutsatzen da airean zehar. Egokiro tratatzen ez bada, eten gabeko eztula eragiten du, eta sukarra, pisu-galera, ahulezia eta azkenean heriotza. Kutsadura bidezko gaixotasunen artean, bera da heriotza gehien eragiten dituen gaixotasunetako bat; urteko, 10-15 miloi kasu berri agertzen dira eta 1.5-1.8 miloi heriotza.

Irudia: Afrika eta Eurasiaren arteko konektibitate patroiak kontuan izanik ikertzaileek ondorioztatu dute, besteak beste, ozeanoz bestaldeko espezieen eta bestelakoen komertzioak, Zetaren Bideak, Erromatar Inperioaren hedapenak eta Europatik abiatutako esplorazioek tuberkulosia eragiten duen “Mycobacterium tuberculosis”-aren zabalkundean eragin zutela. (Argazkia: Couleur / Pixabay – Creative Commons lizentziapean)

Caitilin Pepperellek, Wisconsin-Madisongo (AEB) Unibertsitatean, bakterioaren 552 genoma-lagin aztertu ditu. Tuberkulosia eragiten duen hau, Mycobacterium tuberculosis da, eta ikerketa honetarako munduko hainbat tokitatik hartu dira laginak. Bakterioa XV. mendean iritsi zen Amerikara europarrekin batera. Ikerketa honetan ez da Amerikako laginik hartu. Pepperell doktore andrearen taldeak bakterioaren leinu-zuhaitza osatu du, jatorri geografikoa eta bakterioak mutazio bidez aldatzeko duen abiadura kontuan hartuta. Aurretik ezaguna zen zazpi familia nagusi daudela Mycobacterium tuberculosis espeziean. Zazpi horiek sortu zituena, ziur aski Afrika Mendebaldean sortu zen duela 5.000 urte. Zazpi familia horietatik hiru ez dira inoiz Afrikatik atera.

Dirudienez, zazpi familia horietako bat Asia Eki-mendebaldera hedatu zen, gure garaia hasi baino hiru mende lehenago. Garai hartan, salgaiak garraio handia egiten zen; batez ere espeziak garraiatzen ziren Indiako Ozeanoan zehar, eta hori dela eta, bakterioa Papua uhartera ere (Nueva Guinea) iritsi zen.

Edonola, I. mendean Mediterraneotik ia Europa osora joan zena da eta gehien hedatu dena. Errusiar estepetara eta Asiara ere iritsi zen, eta gero jatorrizko tokira itzuli zen, Afrikara alegia. Hori guztia Erromatar Inperioaren hedadura handienaren garaian gertatu zen. Izan ere, desplazamenduen kopuruak gora egin zuen garai horretan eta halaber askoz ere salgai gehiago garraiatu ziren inperio horren mugen barruan. Inguruko beste herriekiko merkataritza ere igo egin zen. Txinatar Inperioarekiko harremanak ere gertatu ziren. Hori guztia dela eta, oso jatorri desberdinetako jendea jarri zen harremanetan lehenengo aldiz. Gainera, hiriak garrantzitsu bilakatu ziren. Erroma miloi bat biztanle izatera iritsi zen, eta kontuan hartu behar da industria-iraultzara arte ez zela Londres kopuru horretara iritsi. Erroma abiapuntua eta helmuga zen milaka kiderentzat munduan zehar. Hiritar horietako batzuek bere baitan zeramatzaten Mycobacterium tunberculosisen milaka ale. Gainera erromatarrek noranahi eraman zituzten bere ohiturak eta barrakoi militar handietan bizi ziren eta bainu publikoak erabiltzen zituzten. Alegia, bakterioaren hedapena errazten zuten ohiturak zituzten.

Erromatarrengandik heredatu ditugu egungo Europan egiten diren hizkuntza asko, eta latinetiko hiztegia ere oparoa da, Europako hizkuntzetan, bai eta euskaran bertan ere.

Gainera, beraiek egin zituzten errepideak, akueduktuak, komun publikoak, antzerkiak, zirkuak et bestelako azpiegiturak, bere zibilizazioaren oinarri materiala izan zirenak. Beraiena da era berean Zuzenbide Erromatarra bera ere, eta egungo egutegiaren oinarriak ere. Bestela esanda, gure egungo bizitza beraiek sortutako arauetan oinarrituta dago neurri batean. Horretaz guztiaz gain, erraztu egin zuten tuberkulosiaren hedapena, eta gaixotasun hori da gizakion historian egon direnetan hilkorrena.

Erreferentzia bibliografikoa:
O’Neill Mary B., Kitchen Andrew, Zarley Alex, Aylward William, Eldholm Vegard, Pepperell Caitlin S., (2017). Mycobacterium tuberculosis dispersal in Africa and Eurasia. bioRxiv, e:210161. DOI:


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.