Onddoek ekoizten duten mikotoxinen bila

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken urteotan nabarmen hazi da onddoek eragindako infekzioen intzidentzia. Igoera horren arrazoietako bat diagnostiko-metodoen hobekuntza izan da, baina baita gaixo immunodeprimituen populazioa nabarmen hazi dela ere. Gaixotasun mikotiko horiek kezka larrikoak dira, hilkortasuna % 20 – % 50 artekoa baita. Hortaz, osasun-arazo garrantzitsu bihurtu dira gaur egungo gizartean.

Infekzio horiek sortzen duten onddoen artean Aspergillus generoa dugu. Generoa osatzen duten 200 espezieen artean, 30 baino gehiagok gizakiongan infekzioak eragin ditzakete, aspergilosi inbasiboa deritzona, esaterako. Tuberkulosiaren antzeko sintomak dituen gaixotasun horren erantzule nagusia Aspergillus fumigatus espeziea da, hain zuzen ere.

aspergilosi
Irudia: Kalkulatu da pertsona bakoitzak egunean ehunka konidio arnasten dituela.(Argazkia: Roberto J. Galindo – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

A. fumigatus erraz hedatzen da, hazteko gaitasunaren eta aireko dispertsio eraginkorraren ondorio. Gainera, ostalariaren ingurunera arin egokitzen da, eta haien konidioak (espora mota batzuk) gure arnasbideetara erraz iritsi daitezke. Kalkulatu da pertsona bakoitzak egunean ehunka konidio arnasten dituela. Etengabeko esposizio hori gorabehera, nabarmentzekoa da gizaki gehienek ez dutela gaixotasunik garatzen, birikietako defentsa mekanismoek konidioak ezabatzen baitituzte. Erantzun immunea ahulduta daukaten pertsonek, ordea, ez dute zorte berbera.

Aspergilosi inbasiboen kasuen %60 inguru birikietako infekzio moduan agertzen da, baina kasu batzuetan infekzioa gorputz osoan zehar hedatu daiteke, horrek dakartzan ondorio latzekin. Gaixotasun honen hilkortasuna handia den arren, ez da erraza datu hori zehaztea. Izan ere, oraindik ez dago gaixotasuna diagnostikatzeko metodo guztiz fidagarririk. Hori dela eta, gaixotasunaren diagnostikorako metodo sentikor eta espezifikoak garatzearen premia larria dago. Ikerketa batzuen arabera, uste da bigarren mailako metabolito deritzen konposatuek eginkizun erabakigarriak izan ditzaketela gaixotasunaren garapenean; beraz, konposatu horiek aspergilosi inbasiboaren diagnosirako biomarkatzaile moduan erabiltzearen ideia indarra hartzen ari da.

Aipatutako metabolito horiek asko dira, baina azken urteotan fumagilina izeneko mikotoxinak piztu du arreta handiena. Hortaz, substantzia hori analizatzeko metodoak garatzea oso erabilgarria izan daiteke gaixotasuna garaiz detektatzeko eta aspergilosi inbasiboaren garapena hobeto ulertzeko.

Bitxia bada ere, bere toxikotasuna dela eta, fumagilina agente antimikrobiar gisa erabili da hainbat aplikaziotan, hala nola, erle arruntak beste onddo batzuek eragindako infekzioetatik babesteko eta arrainetan parasitoekin erlazionaturiko gaixotasunak sendatzeko. Hori dela eta, fumagilinaren analisirako metodo analitikoak existitzen dira, gehienak eztian edo arrain ehunetan aplikatu direnak. Ez dira metodo analitikoak existitzen, berriz, substantzia hori zelula-hazkuntzako ingurunean kuantifikatzeko. Kontuan izanda matrize horretan A. fumigatusek sortzen duen fumagilina aztertu daitekeela, metodo analitiko horiek garatzeak berebiziko garrantzia dauka. Hori dela eta, lan honetan fumagilinaren determinaziorako metodo analitiko bat garatu eta balidatu da RPMI-1640 ingurune zelularrean. Gainera, metodoa A. fumigatusen lau andui analizatzeko aplikatu da, bakoitzak mikotoxina ekoizteko duen gaitasuna ezagutzeko.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Fumagilina mikotoxinak aspergilosi inbaditzailearen garapenean duen rola aztertzeko SPE-UHPLC-DAD metodo analitikoa
  • Laburpena: Aspergillus fumigatus onddoak sortutako aspergilosi inbaditzailea mehatxua da immunoeskasia duten gaixoentzat. Azkeneko ikerketa batzuen arabera, fumagilinak, onddoak sortutako mikotoxinak, gaixotasunaren hedapenarekin zerikusia duela ikusi da. Hori dela eta, konposatu honen determinazioa lagungarria izan daiteke bai gaixotasunaren mekanismoak hobeto ulertzeko eta baita aspergilosi inbaditzailearen biomarkatzaile gisa erabili ahal izateko ere. Ikerketa mikrobiologikoetan fumagilinaren analisiak garrantzia izan arren, oraindik ez da haren determinaziorako metodo kuantitatiborik garatu zelula-hazkuntzako inguruneetan. Beraz, lan honetan fumagilinaren determinazio kuantitatiborako lehenengo metodo analitikoa balidatu da RPMI-1640 zelula-hazkuntzako ingurunean. Laginaren tratamendua fase solidoko erauzketarekin egin da, anioi trukatzaile sendoak diren modu mistoko kartutxoak erabiliz. Horrela, egon daitezkeen interferentziak modu eraginkorrean ezabatu dira, eta % 83 ± 7ko berreskurapena lortu da. Analisia fotodiodo detektagailuari akoplaturiko bereizmen oso altuko likido kromatografia erabiliz egin da 336 nm-ko uhin-luzeran. Horrela, metodoak EMA (Europako Medikamentuen Agentzia) eta FDA (Elikagai eta Sendagaien Administrazioa) agentziek balidazio bioanalitikoetarako zehazten dituzten parametro guztien onartze-irizpideak betetzen dituela egiaztatu da. Gero, metodoa A. fumigatus-en lau andui analizatzeko aplikatu da, eta bakoitzak mikotoxinaren kantitate desberdina ekoizteko gaitasuna daukala ikusi da.
  • Egileak: Ane Yaldebere, Oskar González-Mendia, Xabier Guruceaga, Andoni Ramirez-García, Aitor Rementeria eta Rosa Alonso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 41-58
  • DOI: 10.1387/ekaia.23368

Egileez:


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.